Harrizko txanponak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

K.o. I. mendearen hasieran, Estrabon geografo eta historialari greziarrak Geografia bere obra handiaren XVII. liburukia idatzi zuen, eta horren zati handi bat Egipton zehar egindako bidaiari eskaini zion. Baina testu horrek paragrafo bitxi samar bat du:

Piramideen oinean, blokeetatik, horiek moztean, salto egiten zuten harrien zatiak daude, pilatuta. Harri zati horiek beste batzuk dituzte, txikiagoak, dilisten forma eta neurrikoak. Batzuek azalaren erdia kendu zaien garagar aleen forma dute bereizgarri. Diotenez, langileen janaritik geratzen zena harri bihurtu da, eta hori ez da gertagaitza. Izan ere, nire sorterrian, lautada batean, mendixka luze bat dago, dilista itxurako harriz, harri porotsuz, betea.

Estrabonek idatziz utzi zuen piramideak eraikitzeko erabili zituzten blokeetako batzuek zituzten marka biribilek sortu zioten harridura; bere jaioterrian –gaur egun Turkiako iparraldea dena– ikusitakoa gogorarazten zioten. Azalpen baten bila, inguruan bizi ziren egiptoar nekazariek kontatzen zuten istorio ezagun baten berri eman zuen. Piramideak eraiki zituzten langileek jaten zituzten dilistak zirela zioten; izan ere, lantzen ari ziren blokeen gainera erortzen zitzaizkienean, eguzki kiskalgarriak lehortu egiten zituen, eta harkaitzekin urtu egiten ziren.

harrizko txanponak
1. irudia: Nummulites baten oskol fosilaren kanpoko itxura, Galea lurmuturra (Bizkaia). Eskala barra = 2,5 cm. (Argazkia: Blanca María Martínez)

Zalantzarik gabe, legenda polita da, baina bada azalpen zientifiko bat Egiptoko piramideak eraikitzeko erabili ziren arroketan agertzen diren egitura biribildu horientzat. Kasu honetan, organismo oso berezi batzuen hondakin fosilak dira, foraminiferoenak.

Foraminiferoak mikroorganismo zelulabakarrak dira, itsasoko uretan soilik bizi direnak, eta ingurune ozeaniko guztiak kolonizatu dituzte, estuarioetatik hasi eta itsas eremu sakonetaraino. Gaur egun, planktonaren osagai nagusietako bat dira, baina badira bizi forma bentonikoa duten, hau da, itsas hondoaren sedimentuaren barnean nahiz gainean bizi direnen espezie asko ere.

harrizko txanponak
2. irudia: Irudia: “Caliza de Sant Vicenç” arroka apaingarrian gordetako zenbait Nummulites fosilen sekzio ekuatorialak (forma azpiangeluzuzenak dituzten ganberak) eta sekzio axiala (forma azpitriangeluarrak dituzten ganberak), Bartzelona. Eskala barra = 0,5 cm. (Argazkia: Blanca María Martínez)

Foraminiferoen berezitasun nagusietako bat da oskol karbonatatu bat dutela, beren zelularen nukleoa babesteko. Oskol hori handituz doa organismoa hazten den heinean eta modu berezi batean egiten du gainera, hots, ganbera berriak gehituz. Edo, beste modu batera esanda, alea hazten den bakoitzean espazio huts handiago bat garatzen du haren nukleoa estali ahal izateko. Espazio horri gela ganbera esaten zaio, eta gero eta lodiagoa den trenkada batek bereizten du aurrekotik, baina “foramen” izeneko poro edo zulo txiki batez konektatuta daude biak; hortik datorkio izena talde faunistiko osoari. Errazago azaltzeko, konparazio bat erabiliko dut. Demagun, jaiotzean, gure tamainara egokitutako gela bakar batean bizi garela. Hazten garenean, tamaina handiagoko gela berri bat eraikitzen dugu, gero eta horma lodiagoekin, baina aurreko gelarekin konektatuta beti irekita dagoen leiho txiki batetik. Gainera, agregazio bidezko ganberen hazkunde horren ondorioz, foraminiferoen oskolek askotariko formak hartzen dituzte, dela biribilak, dela luzangak. Eta organismoa hiltzen denean, oskol mineralizatu hori itsas hondoaren sedimentuan metatzen da, eta, pixkanaka lurperatu egiten da. Horrela, denbora igaro ondoren, fosil bihur liteke.

harrizko txanponak
3. irudia: “Caliza de Sant Vicenç” arroka apaingarrian gordetako Nummulites fosil baten sekzio ekuatorialaren (forma azpiangeluzuzenak dituzten ganberak) xehetasunaren argazkia, Bartzelona. Eskala barra = 0,25 cm. (Argazkia: Blanca María Martínez)

Bada, Egiptoko piramideetako harkaitzetan jada desagertuta dagoen Nummulites generoko foraminifero batzuen fosilak daude. Mota honetako aleak oso ohikoak izan ziren Paleozenoaren amaieratik Oligozenoaren hasierara arte, orain dela 59 eta 30 milioi urte bitartean, Mediterraneo osoan garatu ziren itsaso bero eta ez oso sakonetan. Ezaugarri nagusietako bat da disko formako oskol bat garatu zutela, milimetro gutxi batzuetako neurria eta zenbait zentimetrotako diametroa zuena. Beraz, ez da harritzekoa antzinako egiptoarrek fosil horiek harri bihurtutako dilistekin nahastea. Estrabonek aipatutako garagar aleei dagokionez, arrokari eta, beraz, oskol fosilari ezartzen zaion ebakiduraren arabera, ganberen morfologia ikus daitekeelako da: forma azpiangeluzuzena sekzio ekuatorialean (ganberen biribiltze ardatzarekiko perpendikularra) eta forma azpitriangeluarra sekzio axialean (biribiltze ardatzarekiko paraleloa).

harrizko txanponak
4. irudia: “Crema Marfil” arroka apaingarrian gordetako Nummulites baten fosilaren sekzio axiala (forma azpitriangeluarrak dituzten ganberak), Valentzia. Eskala barra = 2 cm. (Argazkia: Blanca María Martínez)

Eta antzekotasunekin amaitzeko, Nummulites terminoak “txanpon txikia” esan nahi du, generoaren izena bere disko formagatik eman baitzitzaion. Are gehiago, gaur egungo beduinoek “basamortuko dolar” esaten diete fosil horiei.


Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..