Historiako lehen arra

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Gure planetako biziaren historiako animalia ar zaharrena aurkitu zuen ikerketa-talde britaniar batek 2003an. Orain arte, behintzat, zaharrena.

Esaldi sinple honekin imajina dezakegu ornodun handi bat dela, haren pelbiseko hezurra erregistro fosilean gorde dela eta, zalantzarik gabe, maskulinoa dela. Baina arestian aipatutakoa errealitatetik urrun dago, lehenengo ar horrek 5 mm-ko luzera besterik ez baitu. Izan ere, orain dela 425 milioi urte inguru, Siluriar aroan, Ingalaterrako kostaldean bizi izan zen ostrakodo baten fosila aurkitu zuten ikertzaileek.

ostrakodo
Irudia: Ostrakodo bat. (Argazkia: Anna Syme – CC BY 2.5 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Ostrakodoak krustazeo mikroskopikoen talde bat dira, normalean 2 mm baino txikiagoak, eta uretako edozein ingurunetan bizitzeko gai dira. Mendi baten goialdean euria egiten duen putzu txiki baten edo milaka metroko sakonerako itsas hondoan aurki daitezke. Bere itxura ez da karramarro edo ganbak bezalako krustazeoena. Izan ere, haren gorputz biguna estaltzen duten bi kusku karbonatatuz osatutako oskola baitute.

Ostrakodoen berezitasun bitxienetako bat ugalketa-zikloa da. Espezie batzuek ugalketa asexuala dute eta beste batzuek ugalketa sexuala. Ugalketa asexualeko espezieak arrautza emankorrak jartzen dituzten emeek baino ez dituzte osatzen.

Paleontologiaren arloan, gure planetaren historian klima nola aldatu den jakiteko tresnarik erabilienetako bat dira ostrakodoak. Gutxienez, azken 485 milioi urteetan zelan aldatu den jakiteko, lehenengo ostrakodoak Ordoviziar garaiaren hasieran agertu baitziren. Izan ere, espezie bakoitzak bizi diren ingurune urtarreko parametro ekologiko batzuen maila oso zehatzak jasaten ditu: tenperatura, uraren gatz-kantitatea, hondoan metatutako sedimentu moten ezaugarriak edo uretako landarediaren kopurua, esaterako.

Beraz, faktore ekologiko horietan aldaketa txiki bat gertatuz gero, aldaketak gertatzen dira ostrakodo espezieen arteko asoziazioan. Horrela egin daitezke erregistro fosilean gordetako ur-ingurune zaharren ingurumeneko berreraikitze paleontologikoak. Hala ere, iraganean bizi izan ziren organismoen fosiltzea ez da hain erraza.

Orokorrean, organismo bat hiltzen denean haren zati bigunak desagertu egiten dira, bai hil ondoko (post mortem) oxidazioaren ondorioz, bai organismo deskonposatzaileen edo sarraskijaleen eraginez. Hori dela eta, haren zati gogorrek bakarrik osatzen dute fosilen erregistroa. Ostrakodoen kasuan, kusku karbonatatuak izango lirateke zati gogor horiek. Hala ere, ehun bigunak fosilizatuta gorde daitezke batzuetan baldin eta organismoak azkar lurperatzen badira sedimentu finetan, hondoko korronte handirik ez dagoen ingurunean eta oxigenazio gutxiko egoeran. Eta horixe gertatu zen ingeles kostaldeko eremu horretan duela 400 milioi urte baino gehiago, bat-batean errauts bolkanikoa iritsi baitzen itsasora eta honek sedimentu karbonatatuak estali zituen, bertan bizi ziren organismo asko barne.

Ikertzaileek errauts-geruzetan sartuta geratu ziren arroka karbonatatuen mailak aztertzen ari zirela, ostrakodoen oskol oso eta itxiak aurkitu zituzten. Eta zientzialarien eta, bereziki, geologoen ezaugarri bat haien jakin-mina denez, ikerketa-taldeko kideek oskol horien barruan zer aurki zezaketen galdetu zioten elkarri. Beraz, ostrakodoen arrasto fosilak arrokatik bereizi zituzten eta 0,02 mm-tik behin oskolean ebaki meheak egitea erabaki zuten. Tarte bakoitzari argazkia atera zioten seriean, eta hiru dimentsiotan berregin zuten ale osoa, kolorazio faltsua erabiliz emaitza arretaz behatzeko. Ezustekoa handia izan zen, konturatu baitziren ostrakodoen zati bigunak ondo fosilduta zeudela oskolaren barruan, eta horien artean ugaltze-aparatu maskulino bat identifikatu zuten. Historiako espezimen ar zaharrena aurkitu baitzuten.

Zientzialariek Colymbosathon ecplecticos izendatu zuten espeziea, eta, hitzez hitz, “zakil handiko igerilari harrigarria” esanahia duela esan daiteke. Zalantzarik gabe, oso izen “iradokitzailea” da, momentuz fosilen erregistroan ezagutzen den lehen arrari eman zaiona.

Erreferentzia bibliografikoa:

Siveter, D. J., Sutton, M. D., Briggs, D. E. G. and Siveter, D. J. (2003). An ostracod crustacean with soft parts from the Lower Silurian. Science, 302, 1749 – 1751. DOI: 10.1126/science.1091376


Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude