Gure planetako apopilo zaharrena

Dibulgazioa

Amaia Portugal

Harrigarria da mineral puska txiki batek Lurraren sorrerari buruz eman dezakeen informazio mordoa. Australian topatutako zirkoi batek ia 4.400 milioi urte dituela zehaztu dute Wisconsingo Unibertsitatean egindako ikerketa batean. Gure planetan inoiz topatutako material zaharrena da, baina ez hori bakarrik. Ordurako mineralak bazeuden, lurrazala osatuta zegoela esan nahi du, eta horren atzetik segidan etorri ziren hidrosfera eta bizitzarako kondizioak. Lurra uste baino lehenago epeldu zen, beraz, uste baino lehenago utzi zion bola magmatiko izateari.

Baina zergatik Australian? Nola zehaztu hau guztia, mineral zati batetik abiatuta?

Adituek ondo dakite non bilatu behar duten. Jose Francisco Santos EHUko Mineralogia eta Petrologia saileko ikertzaileak azaldu bezala, “munduan badaude kratoi izeneko zonalde batzuk, eta lurrazaleko toki zaharrenak dira. Afrikako leku zehatz batzuetan daude, Groenlandian, Brasilen… Australiako hori da zaharrenetako bat”. Mendebaldeko Australiako Jack Hills mendikatean aurkitu dute zirkoia, zehazki, eta Yilgarn izeneko kratoiaren parte da. Honen aurretik identifikatuta zegoen material zaharrena Groenlandian topatu zuten.

Zirkoia izatea ere ez da ausazko kontu bat. Mineral hori ia suntsiezina dela dio Santosek: “Oso tenperatura altuetan osatzen da, oso ondo eusten die meteorizazio fisiko zein kimikoari. Osatu eta gero, dagoen arrokan bertan gera daiteke, edo hondarraren moduan mugitu eta beste arroka motaren batean agertu; sedimentarioetan, adibidez. Baina sortzen den unetik, lurrazaleko presio eta tenperatura kondizioekin, ez da apenas aldatzen”.

Australiako zirkoiaren katodolumineszentzia bidezko irudia (Argazkia: John Valley / Wisconsingo Unibertsitatea)
Australiako zirkoiaren katodolumineszentzia bidezko irudia (Argazkia: John Valley / Wisconsingo Unibertsitatea)

Lurrazala osatu zen garaiko lekuko aparta da, beraz, mineral mota hau. Eguzki-sistema duela 4.600 milioi urte sortu zen. Garai hartan meteorito askok egingo zuten talka bizigarri izateko batere kondiziorik ez zuen Lur jaioberriaren aurka, baina duela 4.500 milioi urte inguru, Marteren tamainako objektu batek jo zuen. Bertatik sortu zen Ilargia, eta Lurra magmazko bola bihurtu zen, suzko ozeanoak epeldu eta lurrazala eta atzetik hidrosfera sortu ziren arte.

“Uste da hasieran tenperatura hain zela altua, ez baitzen partikula solido bakar bat ere egongo. Uneren batean tenperatura jaisten hasi zen eta lehenengo mineralak sortu ziren. Horien artean zegoen zirkoia; 900 gradu ingurutan osatzen baita askotan”, dio Santosek.

Zirkoiaren formula kimikoa ZrSiO4 da; zirkonio silikatoa da, alegia. Hortik, garai batean izandako klima kondizioei buruzko informazioa ezagutzeko, oxigeno isotopoak aztertzen direla azaldu du Santosek.

Oso garrantzitsuak dira, era berean, zirkoietan topatzen diren ezpurutasunak. Hau da, mineralari atxiki zaizkion elementu kimiko arrotzak: “Horiek ere ematen digute informazioa. Adibidez, data zehazteko uranio-berunari erreparatzen zaio. Zirkoia sortu zenetik orain arte, bere barnean uranioa ari da desintegratzen, erloju atomiko baten moduan. Zirkoi batean erloju hori gelditzea oso zaila da; tenperaturak 800 gradutik gorakoak izan beharko lirateke horretarako. Eta Australiako zirkoiek, zorionez, ez zituzten jasan horrelako tenperaturak. Bestela, adin hori ezagutu gabe geratuko ginen”.

Lurraren historia irudikatzen duen denbora-lerroa, duela 4.400 milioi urteko zirkoia bertan dela (Irudia: Andree Valley / Wisconsingo Unibertsitatea)
Lurraren historia irudikatzen duen denbora-lerroa, duela 4.400 milioi urteko zirkoia bertan dela (Irudia: Andree Valley / Wisconsingo Unibertsitatea)

Hain zirkoi zaharrik aztertzen ez badute ere, EHUko SGIker Geokronologia laborategian egiten duten lana bide beretik doa. Jose Ignacio Gil laborategiko arduradunak eta Mineralogia eta Petrologia saileko kideak azaldu bezala, “askotariko materialen karakterizazio geokimikoa egiten dugu, Iberiar penintsulako zenbait zonaldetan. Penintsulako mendebaldean daude materialik zaharrenak; duela ia 600 milioi urtekoak dira, gutxi gorabehera”. Galizia, Portugal iparraldea, Extremadura, Salamanca eta Madrilgo mendilerroa dituzte ikergai, esaterako.

“Horrelako lanetan zenbait laborategik hartzen dute parte normalean. Guk adinari buruzko datuak ematen ditugu, eta Salamancako Unibertsitateak, adibidez, beste ekarpen batzuk egiten ditu, materialetan aurkitutako isotopo egonkorren bitartez”, azaldu du Gilek.

Gaiari lotuta, EHUko ikertzaile Maria Eugenia Sanchez Lordak, esaterako,doktore-tesi bat defendatu zuen iaz. Beste datu batzuen artean, Errioxako Cameros eskualdean topatutako zenbait zirkoiren datazioak aurkeztu zituen. Horiexek dira, orain arte, Euskal Herritik gertuen aztertu dituzten mota honetako mineralak.

Erreferentzia bibliografikoa Valley, J. W., A. J. Cavosie, T. Ushikubo, D. A. Reinhard, D. F. Lawrence, D. J. Larson, P. H. Clifton, T. F. Kelly, S. A. Wilde, D. E. Moser, M. J. Spicuzza (2014): “Hadean age for a post-magma-ocean zircon confirmed by atom-probe tomography” Nature Geoscience, Vol. 7: 219-223.


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude