Asteon zientzia begi-bistan #5

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak bilduko ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta bilduta eskaintzeko helburu dugu. Zeri buruz hitz egin da sarean? Eman diezaiogun begirada bat.

zientzia begi-bistan 5Asteari hasiera eman genion unibertsoaren jatorriari so eginez. Inflazio kosmikoaren teoriak eztanda egin baitzuen astelehenean. Antarktikako BICEP2 teleskopioak Big Bangaren ondorengo grabitazio-uhinen arrastoak antzeman zituen. Ondorioz, Alan Guth zientzialari estatubatuarrak proposatu zuen teoria, inflazio kosmikoa, egiaztatzen duen froga litzateke teleskopioaren bidez zientzialariek harrapatu dutena. Teoriak dio, Big Banga gertatu zenean ikaragarrizko denbora tarte txikian, sekulako hedapena izan zuela unibertsoak. Horrekin batera grabitazio-uhinak sortu zirela ere. BICEP2k aipatutako grabitazio-uhinen arrastoak detektatu ditu eta inflazio kosmikoa gertatu zenaren frogatzat hartu dute detekzioa.

Unibertsoaren sorrera albo batera utziz Lurraren sorrerari erreparatuko diogu. Zientzia Kaiera blogean Amaia Portugal kazetariak bere lehen artikulua argitaratu zuen eta gure planetan inoiz topatu den material zaharrena aurkeztu zigun, Australian aurkitutako zirkoi bat. Zirkoiak 4.400 milioi urte zituela baieztatu zuenWisconsingo Unibertsitatean egindako ikerketa batek. Kontuan hartzen badugu eguzkiz-sistema duela 4.600 milioi urte sortu zela, lurrazala osatu zen garaiko lekuko aparta da mineral hau. Honen xehetasunak ematen dizkigu egileak artikuluan: Gure planetako apopilo zaharrena.

Iraganetik etorkizunera goaz oraingoan. Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerketari aplikatutako Informatika Zerbitzu Nagusiak, etorkizuneko superkonputagailuek zer nolako erronkei aurre egin behar dieten azaldu zigun. Ezagutzen dugun teknologiaren aldean, etorkizuna bestelakoa izango da eta konputagailuek hainbat arazoei aurre egin beharko diete. Esaterako, ahalmen handiago lortu beharko dute eta hau ordenagailu arruntagoetara eramateko teknologia eta bideak urratu beharko dituzte. Bestalde, horrenbeste prozesadore izango dituzte, gaur egungo programazioak prozesagailu kopuru horietan exekutatuko diren programak eraginkorrak izateko, teknologia garatu beharko dutela. Hau guztia EHUko Ehusfera gunean azaltzen dute: “Exaescale computing” superkonputagailuen hurrengo belaunaldia.

Konputagailuetatik geneetara. Koldo Garcia biologoak gai interesgarria plazaratu du asteon Edonola blogean: esan genezake eboluzioa kode irekikoa dela? Kontuan izanik geneak eta genomak DNA hizkuntzan idatzitako informazio eta funtzio zatiak direla, eta informazio trukaketaren bidez funtzio berriak lortzen dituztela, eboluzioa kode irekikoa dela esan genezakeela planteatzen digu Koldok. Honen baitan bakterioen portaera azaltzen du haren artikuluan: Eboluzioa, kode irekikoa.

Geneak eta bakterioak hor utziko ditugu eta neuronetara goaz Alzheimerraz hitz egiteko. Javier San Martín kazetariak Bartzelonako Unibertsitateko ikerketa talde baten lanaren berri ematen diguZientzia Kaieran. Ikertzaileek antzeman dute proteina batek kognizio ahalmen batzuk berreskuratu ditzakeela neuroendakapen gaixotasunak pairatzen dituzten animalietan. Hau urrats bat izan daiteke Alzheimerren istorioa aldatzeko. Ikertzaileek Aß42 peptidoa, tau proteina eta erreelina proteinaren arteko elkarrekintza ezezaguna argitu omen dute. Doktorego-tesi bati erreferentzia eginez, erreelinak Aß42 peptidoarekin duen elkarrekintzaren eraginez, amiloide zuntzen eta plaken eraketa atzeratu egiten dela jakinarazi dute. Javierrek ikerketaren berri ematen digu Alzheimerraren istorioa zinemarekin elkarlotuz: Eta zu, nor zara?

Alejandra Bernal Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzailea da eta intsektizida kimikoen inguruan egin zuen doktorego-tesia. Elhuyar Aldizkarian Oihana Lakarrek ikertzaileak egindako proposamena aurkezten digu: birus bat oinarri hartuta, Chrysodeixis chalcites,sitsaren kontrako intsektizida sortzea. Hau da, biointsektizida bat: Birus bat biointsektizida bihurtu dute, askotariko laboreei eraso egiten dien izurri baten aurka.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>