Asteon zientzia begi-bistan #12

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak bilduko ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta bilduta eskaintzeko helburu dugu. Zeri buruz hitz egin da sarean? Eman diezaiogun begirada bat.

Argazkia: Urdaibai Bird Center
Argazkia: Urdaibai Bird Center

Genomika, genomen sorrera, garapena, funtzionamendua eta eboluzioa aztertzen dituzten teknikak eta zientziak osatzen dute. Irune Lasa kazetaria Mikel Iriondo EHUko irakasle eta ikertzailearekin izan da, DNAri buruz hitz egiten, baina antzinako gizakien DNAri buruz. Paleogenomika izan dute hizpide Berria egunkarian. Antzinako gizakiei buruzko aurkikuntza garrantzitsuak eman dira azken urteotan. Adibidez, Siberiako Denisovako koban 2010ean aurkitutako hezur txiki baten genomaren sekuentziak, sekulako ustekabea ekarri zuen 2012an: hura ez zen sapiens bat, ezta neandertal bat ere. Eta halaxe agertu ziren denisovarrak, egiaztatzeke dagoen Homo espezie berri posible bat: Antzinako giza DNAren iturri etengabea.

Genomekin jarraituz Koldo Garciak, genetikan doktorea eta ikertzaileak, genomen inguruko xehetasunak azaldu ditu Euskalnatura gunean. 2001. urtean giza genoma sekuentziatu zen eta etorkizunera begira, ate garrantzitsu bat zabaldu zuten zientzialariek. Baina bidean ezustekoek ere izan dituzte. Alde batetik, uste zena baino gene gutxiago ditugu, 20.000. Bestalde, geneak genomaren zati txiki bat besterik ez direla ikustea izan zen. Izan ere, genomaren beste osagai batzuk, “DNA-zabor” deitzen direnak (ageriko funtziorik ez dutelako), genoman duten hedapena uste zena baino handiagoa delako. Oraindik ere genometako sekretu guztiak ezagutzen ez ditugun arren, Koldok ezagutzen direnak hurbiltzen dizkigu: Genometako sekretuak argitzen.

Eta geneekin jarraituz, asteon jakinarazi duten lorpen berri bati buruz aritu zaigu Eider Carton Elhuyar aldizkarian. AEBko The Scripps Research Instituteko ikerketa talde batek naturan ez diren sortzen nukleotido-pare bat txertatu du DNA zati batean. Horrez gain, ikertzaileek laborategian sortu duten nukleotido-parea Escherichia coli bakterioan erreproduzitu daitekeela frogatu dute. Floyd Romesberg ikerketa-taldeko buruak adierazi duenez, DNA base-pare ez-naturala X eta Y bezala izendatu zuten eta 14 urtetan zehar laborategian optimizatu zuten. Horretarako 300 nukleotido analogoak sintetizatu dituzte urteotan, parekatzerakoan eraginkorrak izan zitezkeen bi lortu arte. Xehetasun guztiak Kode genetikoa hedatuta, bizidun erdisintetiko bat sortu dute artikuluan.

Landareek gaua eta argia nabaritzen dute. Egunez, eguzkiko argia bilatzen dute eta harengana ematen dute buelta. Gotemburgoko Unibertsitateko ikertzaileek Finlandiako ikertzaileekin batera, landare-zeluletako, argiarekin sentsibleak diren, proteinek eguzkiaren argia antzematen dutenean nola eta zergatik aldatzen diren ikertu dute. Prozesu honetan parte-hartze duten proteinak “fitokromoak” dira eta landareen orrialde guztietan daude. Proteina hauek argia antzematen dute eta egoeraren berriemaile dira. Horrela eguna edo gaua den edota landarea eguzkitan edo gerizpean dagoen jakinarazten dute. Esan daiteke landarearen “begiak” direla. Mikel Irastorza biologoak kontatzen digu Euskalnatura gunean: Fitokromoak, landareen begiak artikuluan.

Ebola birusak izena zor dio Kongon dagoen izen bereko ibaiari. 1976an izendatu bazuten birusa, ikertzaileen ustez arinago ere haren eraginez sortutako infekzioaz hildakoak egon ziren. Amaia Portugal kazetariak Guillermo Quindós EHUko Mikrobiologia katedradunarekin hitz egin du, eta birus honi buruz idatzi du Zientzia Kaiera blogean. Jatorri garbirik ez duen arren, birusaren gordailua izan daitezke saguzarrak, antza. Animaliak zein gizakiak pairatzen dute Ebolaren birusa. Gizakiak kutsatzen dira gaixo dauden animaliak ukituta edo janda. Zehatzago, transmisioa kutsatutako fluidoen bidez gertatzen da, odola, izerdia, txiza… . Amaiak azaltzen digu haren artikuluan: Ebola: ezhoiko infekzioa, ohiko neurriak.

Brasilen dengeak eragin handia omen du, urtero hainbat jende gaixotzen baita. Gripe tankerako gaixotasuna da dengea eta jaioberri, haur txiki eta helduak jo ditzake. Ez da oso hilgarria baina Brasilen 1976tik hona asko zabaldu da dengea kutsatzen duen aedes aegypti eltxoa, batez ere, urbanizazio azkarrarengatik. Horrek gaixotasuna urtetik urtera asko zabaldu du eta 2013an 1,4 milioi lagunek izan zuten gaixotasuna. Hau dela eta, bertako arduradunek zeresan asko eman duen neurri bat hartu dute gaixotasunari aurre egiteko: genetikoki eraldatutako, gaixotasuna kutsatzen duten aedes aegypti espezieko, eltxo arrak askatu nahi dituzte eltxo populazioa murrizteko eta horrela ugalketa prozesua eten. Iker Tubia kazetariak kontatzen digu Berrian: Ziztada transgenikoa.

Oso gai kuriosoa ekarri digu asteon Oihane Lakar dibulgatzaileak Elhuyar aldizkarian, matematika eta futbol baloiak uztartu ditu. Aurtengo Munduko Futbol Txapelketako baloiari erreparatu dio Oihanek. Dioenez Adidas etxeko adituak bi urte eta erdi pasatu dute baloiari zein itxura emango dioten aztertzen. “Brazuca” izena du baloiak eta simetria paregabea eta egitura berritzailea duela diote egileek. Kazetariak, EHUko Jose Ignacio Royo matematikariarekin hitz egin du eta haren ustez, matematikaren ikuspuntutik, futbol-baloiak oso erakargarriak dira. Izan ere, zer dira ba baloiak? Airez puztutako poliedroak dira. Futbol zalea bazara, eta ez bazara ere hainbat kontu interesgarri aurkituko dituzu Baloi platonikoak artikuluan.

Jon Mikel Kareagak, besteak beste, espazioa du gogoko eta bertako planetak, izarrak, sateliteak… . Zientzianet atarian argitaratu duen artikuluan espazioan dagoen beste gauza bat dakarkigu, zaborra. Lurraren orbitan dauden satelite artifizialen kopurua asko hazi da, eta horrela jarraituz gero 50 urtetan satelite bat aireratzea ziurrenik ezinezkoa izango da. Ondorioz, egungo potentzia espazial handienak erabaki dute, espazioko 25 urte baino gehiago daukan pieza ez-erabilgarri bat zabor espaziala dela. Kalkuluen arabera 15.857 satelite daude. Horietatik 1.168 funtzionamenduan daude eta 14.689 zabor pieza bezala katalogatuta daude. Mota honetako zaborrari buruzko datuak Zabor espaziala ekarpenean.

Espazioarekin jarraituz, Javier San Martin kazetariak Zientzia Kaieran unibertsoa izan du hizpide, eta astronomoek eta astrofisikarien lanari buruz aritu zaigu. Vatikanoko Behatokian, eroritako 500 meteoritoetako 1.100etik gorako lagina biltzen da eta bilduma bere onean mantentzen du Guy Consolmagno jesuitak eta astronomoak. Lurraz kanpoko 150 kg material du ikertzeko. Gainontzeko astronomoek ez dute aukera hori eta ezinbestez aztertu behar dituzte argi partikulak, hau da, fotoiak: zulo beltzak alde batera utzita, kosmoseko objektu guztietatik igorritakoak aztertzen dituzte. Eta lan hau ez da samurra, izan ere, espazioa ez da gardena, izar arteko hautsaz beteta baitago. Astronomoek egiten duten lanaren xehetasunak Unibertso gardenak artikuluan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.