Oporretan ere zientzia begi-bistan

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Oporretan izan garen tartean Interneten hainbat zientzia-gaia jorratu dira. Egunean jartzeko, sarean argitaratu diren artikuluen bildumatxoa gauzatu dugu. Egunean jartzeko modu arina eta erraza. Begirada bat emango diogu?

Argazkia: Thorsten Schnorrbusch
Argazkia: Thorsten Schnorrbusch

Badira oporretan hondartzara doazenak, mendira edo etxaldean gelditzen direnak, baina gehienok eguzkitan jartzen gara une baten edo bestean. Koldo Garcia biologoak gure azaleko kolorea aldarazten duen molekulari erreparatu zion, melaninari. Eguzkia hartzeak onurak dakartza, gure gorputzeko D bitamina aktibatzen baituu eta hau, kaltzioa erregulatzeko beharrezkoa da. Baina kalteak ere baditu eguzkitan jartzeak. Zein da oreka? Zein da neurri egokia? Udan belzten artikuluan argitzen digu hau Koldok.

Ebola izan da abuztuan zehar mintzagai. Afrikako hainbat herrialdeetan gaixotasunaren zabalkundea dela eta Munduko Osasun Erakundeak ebola-agerraldia dela eta, hainbat neurri hartu ditu birusa ez dadin hedatu. Argia aldizkarian Judith Perez kazetariak, lehen sintomak gripeak bezalakoak diren gaixotasun hau zer den azaltzen digu: Zer da ebola? artikuluan. Eta Koldo Garcia biologoak Edonola blogean, ebolari aurrea egiteko hartu diren neurriak ditu begi-bistan Ebola, beldurra eta egin behar ez dena artikuluan.

Osasun-gaiek arreta pizten dute eta gure atentzioa bereganatzen dute. Horietako bat da, esaterako, kolesterola. Nor ez da ibili borrokan honekin altuegi duela eta? Odol-analisi baten emaitzak hartzerakoan kolesterolaren egoera da medikuak ezinbestean aipatzen digun parametro bat. Jabier Agirre medikuak Argia aldizkarian kolesterolean eragina omen duen jaki bati buruz hitz egiten digu: arrautzak. Ba al dakizue kolesterol maila handitzearekin lotzen bada ere, egunero arrautza bat jan daitekeela inolako kezkarik gabe? Janarien “ospea” aldatu egiten da (I) artikuluan datu guztiak.

Jabier Agirre medikuak janarien ospeari bigarren buelta bat ematen dio. Badira “fama” txarra izan duten janariak eta ikerketek ondorioztatu dute hauek ez direla “gaiztoak” osasunarentzako. Hiru adibide ekarri dizkigu Jabierrek: kafea, txerrikia eta esnea. Uste zenaren kontra, azken ikerketek erakutsi dutenez, txerrikia haragi mota osoenetakoa da eta txerri haragiak pertsona guztien eguneroko elikaduraren barruan egon beharko luke. Gai interesgarria: Janarien “ospea” aldatu egiten da (II).

Izendapen asko dituen gaixotasun batekin jarraituko dugu, iktusa. Iktusa: apoplexia, buruko isuria, iskemia zerebrala, garuneko hodietako istripua edota garuneko infartua bezala ezagutzen da. Achucarro Neurozientzietako Zentroko blogean, Neurotzientzian, izen asko duen gaitz honi buruz aritu dira. Iktusak eragin desberdinak ditu pairatzen duten gaixoengan. Ume txikiek jasan dezakete ondorengo garapenean ia ondoriorik nabaritu gabe. Aldiz, adinekoengan heriotza eragin dezake. Xehetasun guztiak, Iktusa artikuluan.

Rosetta zundaren misioa abuztuaren 6an, 10 urteko bidaia egin ondoren, 67P/Churyumov–Gerasimenko kometaren orbitan jarri zen. Kometa baten orbitan jarri den lehen ontzia izan da eta horrez gain, azaroan Rossetaren Philae ontzia bidaliko dute kometara, bertan lur har dezan. Egoitz Etxebestek ematen digu honen berri Elhuyar aldizkarian: Rosseta iritsi da jomugara.

Eta Eider Cartonek, aldiz, mekanika kuantikoaren propietate ezaguna den korapilatze kuantikoa baliatuta, Austriako fisikari batzuek egindako esperimentua ekarri digu. Zientzialariek katu baten irudiaren argazkia lortu dute, plaka fotografikora heltzen diren fotoiek katuaren irudiarekin elkarreragin gabe: Katua ikusi gabe, katua ikusi duten fotoiak.

Zientzia Kaiera blogean Josu Lopez-Gazpio kimikariak Lehen Mundu Gerra ekarri zigun gogora, 100 urte baitira gertatu zela. 1.567 egun pasa zituen munduak gerran eta 10-12 milioi zibil eta 8-9 milioi militar hil ziren, horietatik asko, gasaren eraginez. Izan ere, hura, besteak beste, gerra kimikoa ere izan baitzen: Uztailaren 28an, duela 100 urte, gasaren gerra hasi zen.

Bestalde, Javier San Martín kazetariak BICEP-2 teleskopioak antzemandako grabitazio-uhinek sortu dituzten zalantzei buruz hitz egiten digu. Hainbat zientzialarik BICEP-2k eman duen interpretazioa ez ezik, teleskopioak ikus dezakeena ere eztabaidan jartzen dute eta honekin batera, unibertsoaren hasiera aldiko seinale bat atzeman ote duen: Dardarak Kosmoaren oinarrietan.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.