Asteon zientzia begi-bistan #22

Oporren usaina badago ere, asteon Interneten jorratu dira zientzia-gaiak. Hona hauen bildumatxoa. Begirada bat emango diogu?

Argazkia: @UxuneM

Argazkia: @UxuneM

Elhuyar aldizkarian hainbat gai izan dituzte hizpide. Klima-aldaketak espezien kokapenari eta populazioari eragiten dizkion aldaketak ikertzen duen nazioarteko ikerketa-talde baten lanari erreparatu diote aldizkarian. Zehazki Antartikako pinguino enperadore kolonien populazioari nola eragiten dion kontatu digute Pinguino enperadorearen koloniak: aurreikuspen ezkorrak artikuluan.

Horrez gain, Eider Cartonek Rosetta zundaren misioaz hitz egin digu. Abuztuaren 6an, Rosetta, 10 urteko bidai bat egin ondoren, kometa baten orbitan jarriko den lehen ontzia izango da. 67P/Churyumov–Gerasimenko kometaren orbitan eta horrez gain, azaroan Rossetaren Philae ontzia bidaliko dute kometara, bertan lur har dezan: Rosetta misioaren jomuga nukleo bikoitzeko kometa bat da.

Ana Galarragak, aldiz, Massachusettseko Ospitalean transplantatzeko egokiak diren organoek denbora gehiago iraun dezaten metodoa garatu dutela jakinarazi digu. Ospitale honetan egindako frogetan, hiru egunez kontserbatutako organoak transplantatu dituzte modu arrakastatsuan, hori bai, momentuz arratoietan: Aurrerapauso handiak transplanteetarako organoen iraupenean eta sorreran.

Osasunarekin jarraituz, Amaia Portugal kazetariak gainpisuari buruz jardun du Zientzia Kaieran. Munduko Osasun Erakundearen arabera, urtero 3,4 milioi lagun hiltzen dira obesitateak ekarritako ondorioen eraginez. Obesitateari aurre egiteko asmoz eta hainbat ikerketa-lerro dituzte ikertzaileek. Esaterako EHUko Nutrizioa eta Obesitatea ikerketa-taldeak. Honek, Predimed-Plus proiektuan parte hartuko du, dieta mediterraneoaren eta ariketa fisikoaren arteko konbinazioak obesitatean zer inpaktu duen neurtzeko asmoz. Datu guztiak XXI. mendeko epidemiaren kontra lehian artikuluan.

Eta gehiegizko pisuaz ere idatzi du Koldo Garcia biologoan Edonola blogean. Kasu honetan, obesitatea uztartzen du genetika eta kulturarekin. Obesitatea neurri handi batean heredatzen dela dakigula diosku Koldok, baina faktore genetikoek ihes egiten digutela. Metabolismoan inplikatuta hainbeste osagai genetiko daudenez zaila da guztiak ezagutzea eta horietako aldaera bakoitzaren eragina ulertzea. Baina non dago obesitatearen gakoa? Dietan ala genoman? Erantzuna, Jatekoa pilatu goserik ez izateko artikuluan.

Itsaso Zubiria kazetariak Sanfilippo sindromea ekarri digu Argian. Sanfilippo entzima batean akatsa izatean datza. Gizakiok mutatutako ehun bat gene izaten ditugu, eta mutazio horietako batek eragiten du entzima jakin horren akatsa. Ez da ohikoa, ehun pertsonatik batek izaten baitu gene espezifiko horren mutazioa eta gainera ezinbestekoa da guraso biengandik jasotzea gene mutatua. Ohikoa ez den gaitz latz hau tratatzeko, tratamendu berri bati atea ireki diote: Tratamendu genetikoa Sanfilippori aurre egiteko.

Sustrai Colinak aldiz, Oscar Fernández Capetillo biokimikari euskalduna elkarrizketatu du. AEBko Minbiziaren Ikertegi Nazionalean egin zuen lan eta egun, Madrilgo CNIO-ra ezegonkortasun genomikoaren ikerketa-taldearen burua da. Hainbat sari jaso ditu ikertzaileak eta erreferentziazko Cell aldizkari zientifikoakmunduko 40 ikertzaile gazte aipagarrienen zerrendan sartu berri du. Zientziaz, ikerkuntzaz, minbiziaz eta hainbat gauzaz dihardu Ezin dugu botiken bilakaera osoa farmaziaren esku utzi artikuluan.

MicroCHIPS enpresa estatubatuarrak hamasei urterako balio duen txip antisorgailua sortu du eta Joxerra Aizpuruak aurkezten digu ere Argia aldizkarian: Antisorgailua txip batean.

–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>