Asteon zientzia begi-bistan #46

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Argazkia: Greg Forcey
Argazkia: Greg Forcey

Eta? Non harrapatzen zaituztegu asteko artikuluen bilduma hau irakurtzen? Etxean zaudete? Ba, hurrengo astebururako iradokizun bat eginez hasiko gara. Miarritzen erakusketa benetan interesgarria dago: “Sakonerako misterioak” izena duena. Bertan bizidun bitxiak ezagutzeko aukera izango duzue, itsas hondo abisalean, ur azpitik 4.000 metrora dagoen eremu abisopelagikoan, bizi diren animalia bereziak. Saioa Alkaizak kontatzen digu Berrian nolakoak diren izaki imajinaezin horiek.

Eremu abisaleko izakiek mutazio harrigarriak izan dituzte ingurumenera egokitzeko. Seguru Darwinek interes handiarekin aztertu izango lituzkeela hauek bizirik balego. Darwin 1809an jaio zen eta asteon bere jaiotzaren 206. urteurrena ospatu da. Koldo Garcia biologoak haren omenaldi partikularra eskaini dio Zorionak, Charles! artikuluaren bidez eta Egoitz Etxebestek, Zientzia.eus gunean, kontatzen digu nola orkidea batek txundituta zuen Darwin. Angraecum sesquipedale espeziekoa zen eta Darwinek bazekien mota hartako orkideak sitsek polinizatzen zituztela, baina zeinek polinizatzen zuen 30 zentimetroko nektario luzea zuen orkidea hura? 1997an Lutz T. Wasserthal ikertzaile alemanak lortu zuen Xantophan morganii sits espeziea ikustea orkidea hura nola polinizatzen zuen ikustea: Orkidea eta sitsa.

Sitsak albo batera utzi eta bizkarroiei erreparatu die ere Egoitz Etxebestek. Elhuyar aldizkarian kontatzen digu bizkarroiak elkarlanean edo lehian aritzen direla, ostalariaren portaera aldatzeko. Dirudienez Max Planck Institutuko ikertzaileek antzeman dute bi zizare bizkarroi ostalari berean bizi direnean eta helburu bera dutenean, indarrak batzen dituzte ostalariaren portaeran eragiteko. Baina, helburu desberdinak dituztenean, ordea, zaharrenak irabazten du.

Lehia da bizitzaren osagaia. Lehia ere izan dugu nagusi espazioko norgehiagokan. Zundak, espazio-ontziak eta beste hainbat misiok espazio barrenak zeharkatzea izan dute helburu. Eta, zerk ematen die zientzialariei konfiantza misio egingarriak dela sinesteko? Galdera hori egiten digu Javier Duoandikoetxea matematikariak Zientzia Kaiera blogean. Duda barik, oinarri tekniko eta teoriko sendoak beharko dituzte zientzialariok aurrera joateko. Eta horren atzean ikusten ez diren hainbat jakintza arlok parte hartzen dute kalkuluak egiteko. Hauen artean matematikak. Astronautika eta matematikaren arteko harremanaz: Rosetta eta matematika.

Ez dakizkigun gauza bitxiak aurkitzen ditugu astero. Argia aldizkarian adibidez, Nagore Irazustabarrenak kontatu digu Atapuercako gizakien menuan txakur egosia zegoela. El Mirador kobazuloan bizi ziren gizakiek txakur etxekotuak, basakatuak, azkonarrak eta azeriak jaten zituzten. 24 arrasto fosil (gehienak txakurrenak) aztertu ditu Giza Paleoekologiako eta Eboluzio Sozialeko Institutu Katalanak eta emaitzen arabera, animaliak jan aurretik egosten zituztela ondorioztatu dute ikerlariek.

Eider Cartonek Exetergo Unibertsitateko eta King’s Collegeko ikertzaileek giza enbrioiaren garuna garatzean, ar edo eme izan geneen espresio-patroia aldatzen ote den ikertu dutela jakinarazi digu Elhuyar aldizkarian. Eta, emaitzen arabera, giza garunaren garapenean aldeak aurkitu dituzte enbrioi ar eta emeen artean. Dirudienez batzuetan eta besteetan ez dira gene berdinak espresatzen aldi berean.

Zientziak aurrera darrai eta Amaia Portugalek horren adibidea dakarkigu Zientzia Kaieran. Columbiako Unibertsitateko ikertzaileek hiesa eta sifilia antzemateko metodo berritzaile, erosoa eta merkea garatu baitute: smartphone bati gailu bat konektatuta egiten den test bat. Garatu duten tresna arina eta erabiltzen erraza da. Edozein smartphone hartu (android zein iOS sistemak onartzen ditu) eta honi atxiki behar zaio gailua eta testari dagokion aplikazioa zabaldu behar da sakelakoan. Mikrofluxuentzako txip bat eta aztertu behar den lagina daramatzan plastikozko kasete moduko bat sartu behar zaio gailuari orduan, eta testa abiarazi. Hamabost minuturen buruan, emaitzak ageri dira telefonoaren pantailan. Xehetasun guztiak sakelako telefono bat, GIBa eta sifilia detektatzeko artikuluan.

Tanbora du izena eta Indonesiako sumendia da. 2.722 metroko mendia da eta azkenekoz 1967. urtean berpiztu zen. Baina 152 urte lehenago, 1815. urtean, milurteko erupziorik handiena gertatu zen Tanbora mendian eta ondorio ikaragarriak izan zituen Asia hego-ekialdeko uharteetan. Leherketa 2.000 kilometrora entzun zen eta errautsak ehunka kilometrotan zehar zabaldu ziren. Guztira 71.000 pertsona hil zirela uste da eta sumendiak atmosferara jaurtitako errauts bolkaniko kantitate izugarria zela eta, eguzkiaren izpien indarra oztopatu eta tenperaturek behera egin zuten ipar-hemisferio osoan. Ondorioz, 1816. urtea udarik gabeko urtea bezala ezagutzen da. Nagore Irazustabarrenak kontatzen digu Argia aldizkarian: Mundua izoztu zuen sumendia.

Hainbeste errauts ondoren oxigeno apur bat behar dugu. Jon Ander Galarraga biologoak sarritan azaldu digu konpost-gailuek aireztatu behar direla, batez ere konpostaje prozesuan sortu daitezkeen usainak ekiditeko. Baina asteon azaltzen digu egon badagoela oxigenorik behar ez duen konpostaje sistema bat eta, ondorioz, ez duela behar aireztatzerik. Sistema honi metanizazioa esaten zaio eta ezinezkoa da gure etxeetan egitea. Konpostanzak! blogean: Oxigenorik gabeko konpostajea.

Amaitu dugu daborduko asteko errepasoa. Bagoaz korrika beste zeregin batzuetara. Korrika, oinez edota bizikletan, ariketa fisikoak onura ugari baititu osasunean. Horrez gain, etorkizunean, adinean aurrera joan ahala, egoera hobeagoa izaten lagun gaitzake ere ariketa fisikoak. Jon Irazusta eta Jon Torres adituek esan digute asteon adinekoetan erorketek eta hezur apurketek gora egin dutela eta honen arrazoi nagusiak hiru direla: giharren ahultzea, oreka mantentzeko gaitasuna galtzea eta hezurren dentsitatearen murrizketa (osteoporosia). Baina zenbait ariketa fisikok prozesu hauei aurre egiten lagun dezaketela azaldu digute, giharrak indartuz, gorputzaren oreka hobetuz eta hezurren dentsitatea handituz. Zientzia Kaieran datu guztiak: Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak. Zein, zenbat, nola eta noiz? IV. Giharrak eta hezurrak.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.