Asteon zientzia begi-bistan #471

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

haurdunaldian

Osasuna

Haurdunaldian, infekzio faltsu batek fetua babesten du. Hala frogatu du ikerketa berri batek. Haurdunaldian zehar, plazentak haurraren defentsak aktibatzen ditu beharrezkoak izan gabe aldaketa molekular batzuen bidez. Zehazki, plazentako zelulek birus-imitazio bat sortzen dute sentsore immunologikoak engainatzeko. Ikertzaileek azaldu dutenez, amaren erantzun immunea ahuldu egiten da haurdunaldian genetikoki desberdinak diren zelulak ez erasotzeko, eta, beraz, plazentak defentsa gehigarriak garatzen ditu. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Mielinak garunaren energia-gordailu gisa funtziona dezakeela frogatu dute. Garunak gorputzak gastatzen duen energiaren % 20 kontsumitzen du, eta ikerketa talde batek jakin nahi izan du nondik ateratzen duen energia garunak ariketa fisikoa denbora luzez egiten denean. Lortutako emaitzek erakutsi dute nerbio-zuntzak inguratzen dituen mielina ordezko energia-biltegi bat izan daitekeela. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Botanika

Substratu elektrikoek landareen hazkundea sustatzen dutela ikusi dute. Garagarraren labore hidroponiko batean landareak %50 gehiago haztea lortu dute elektrizitatearen eroale den substratu bat erabilita. Ikerketa honek frogatu du landarearen sustraiak elektrizitate bidez estimulatu daitezkeela. Hala ere, ez dago argi zeintzuk diren hazkundea hobetzen duten mekanismo biologikoak. Datuak Zientzia Kaieran.

Kimika

UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Kimika Organikoa I Saileko ikertzaileek berrikuspen bat argitaratu dute kanptotezinak minbiziaren aurkako borrokan duen garrantziaren inguruan. TOP1 inhibitzeko gai diren konposatu kimiko berrien sintesia interes handiko ikerketa arloa bilakatu da, minbiziaren aurkako tratamendu farmakologiko eraginkorrak topatzeko. Kanptotezina izan zen aurkitu zen lehen TOP1 inhibitzailea, baina gaur egun haren eratorri sintetiko seguruagoak garatu dira. Hala eta guztiz ere, molekula horiek hainbat eragozpen kimiko dituzte oraindik ere. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Soziologia

Giza talde baten tamainak haren aurrerapen kulturalean eragiten duela frogatu dute esperimentu azkar batekin. Ikertzaileek partaide kopuru ezberdineko taldeak sortu zituzten eta hauek jolas bat burutu zuten. Jolasa amaitzean lortutako emaitzak aztertu zituzten esperimentuaren egileek, eta ondorioztatu zuten dibertsitate kulturala hobeto mantentzen zela talde handiagoetan. Gainera, zereginen errendimenduak ere hobekuntza nabariak izan zituen talde handiagoetan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Arkeologia

Berriatuako Atxurra ingurunean antzinako landaretza ikertu dute Josu Aranbarri Erkiaga EHUko ikertzailearen gidaritzapean. Eremu hartako aztarnategietan bildu dituzte datuak, eta emaitzen arabera, duela 35.000 urte koniferoak ziren nagusi eremu hartan. Ikertzaileen esanetan, horrek aditzera ematen du klima gaur egungoa baino hotzagoa eta lehorragoa zela. Denboran zehar landare-komunitate oso heterogeneoak aurkitu dituzte ikertzailek, eta aldaketa klimatikoekin eta litologiarekin lotu dituzte. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Astrofisika

Marteko izotz-gordailuak uste baino handiagoak direla baieztatu du Europako Espazio Agentziak. Planetaren ekuatorean daude gordailu horiek, eta dirudienez, izotza geruzaka dago antolatuta. Izotz geruzen artean hauts-geruzak ere badaude, eta, guztira, 3,7 kilometroko lodiera maximoa hartzen dute. Gaur egungo kliman izotz hori sortzea ezinezkoa izango litzatekeela argudiatu dute adituek, eta, beraz, iraganean beste klima bat zegoela argudiatu dute. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Ingurumena

Euskal Herriko ekialdean tenperaturak azkarrago igotzen ari dira mendebaldean baino, Copernicusen datuen arabera. Oro har, gure lurraldea 1,2 eta 1,7 gradu artean berotu da 1979tik. Peio Oria Aemet agentziako zuzendariak azaldu du ekialde-mendebalde aldakortasun hori eskala txikiko efektu bat dela, eta Mediterraneoaren hurbiltasunagatik izan daitekeela. Tenperaturaz gain, prezipitazioaren patroietan izan den aldaketa ere azpimarratu du Oriak. Intentsitate handiko euria ohikoagoa da, eta lehorte luzeagoak ere bai. Datuak Berrian.

Toconao itsasontziak isuritako plastikozko pinporten aurretik ere, plastikoak iristen ziren itsasotik hondartzetara. Alberto de Diego eta Manu Soto Plentziako Itsas Estazioko (PiE-UPV/EHU) ikertzaileek azaldu dute plastikoen kutsadurak itsasoan hainbat arazo sortzen dituela. Ozeanoetan dauden plastikozko kontinenteez jardun dute, eta Sotok adierazi du plastikoek itsasoan eragiten duten arazo nagusia fisikoa dela, kimikoa baino. Hau da, plastikoaren toxizitatea baino arriskutsuagoa dela plastikoarekin trabatzea edo hura jatea. Azalpen guztiak Berriako Itsasoa, plastiko aparretan eta Itsas plastikoen arazoa ez da Galizian hasi artikuluetan.


Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.