Zure burua noraezean dabilenean, zure garuneko neurona-sarea aktibatuta dago «hala lehenetsita dagoelako». Duela 20 urte izan zen horren berri, eta ondorioz, hainbat ikerketa egin dira garuneko eskualdeen sareei eta horien arteko elkarrekintzari buruz.
Egitekoren bat modu aktiboan egiten duzun aldiro (adibidez, gimnasioan pisua altxatzea edo azterketa zail bat egitea), horretarako behar diren garuneko aldeak «aktibatu» egiten dira, neuronek jarduera elektrikoa areagotzen dutenean. Baina zure garuna aktibo dago sofan erdi-lo zaudenean ere?
Ikertzaileek aurkitu dutenaren arabera, bai. Azken hamarkadetan lehenetsitako neurona-sarea esaten zaiona definitu dute. Sare hori itxuraz loturarik ez duten garuneko zenbait eremuk osatzen dute, eta aktibatu egiten dira ez zarenean ezer egiten ari. Aurkikuntza horrek garunaren funtzionamenduari buruzko informazioa eman du, egiteko zehatzak garrantzirik izan gabe, eta ikerketa sustatu du garuneko sareek (garuneko eskualdeez gain) duten egitekoaren inguruan gure barneko esperientziaren kudeaketan.
XX. mendearen amaieran neurozientzialariak teknika berriak erabiltzen hasi ziren eskaner bidez jendearen garunaren irudiak hartzeko, zerbait egiten ari ziren bitartean. Espero zen bezala, garuneko eskualde batzuetako jarduera areagotu egiten zen egiteko batzuetan. Baina ikerlarien harridurarako, beste eremu batzuetako jarduera moteldu egiten zen aldi berean. Neurozientzialariei deigarria iruditu zitzaien garuneko eremu berberek etengabe murriztu egiten zutela beren jarduera, egiteko ugaritan, gainera.
Bazirudien eremu horiek aktibo zeudela pertsona ez zenean ezer egiten ari, eta gero itzali egiten zirela, garunak arreta zerbaitetan jarri behar zuenean.
Ikertzaileek eremu horiei “egiteko negatiboak” izena jarri zieten. Lehenengo aldiz identifikatu zirenean, Marcus Raichle Washington Unibertsitateko (St. Louis) Medikuntza Fakultateko neurologoak uste zuen egiteko negatiboko eremu horiek zeregin garrantzitsua zutela garuna atsedenean zegoenean. «Horregatik planteatu zen: “Zein da garunaren oinarrizko jarduera?”», gogoratzen du Raichlek. Esperimentu batean, eskanerretan jarritako pertsonei eskatu zien begiak ixteko eta burua noraezean uzteko, berak garunaren jarduera neurtzen zuen bitartean.
Ikusi zuenez, atsedenean gure buruaren baitan murgiltzen garenean, egiteko negatiboko eremuek garunaren gainerako eremuek baino energia gehiago erabiltzen dute. 2001eko artikulu batean, Raichlek jarduera horri «garunaren funtzionamenduko modu lehenetsia» izena jarri zion. Handik bi urtera, bereizmen handiagoko datuak sortu ondoren, Stanfordeko Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko talde batek aurkitu zuen egiteko negatiboen jarduera horrek garuneko eskualdeen sare koherentea definitzen zuela, eta lehenetsitako sare neuronala izena jarri zitzaion.
Lehenetsitako sare neuronalaren aurkikuntzak neurozientzialarien jakin-mina piztu zuen, oso interesgarria baitzen jakitea garunak zer egiten duen kanpo-ingurunetik datorkion zereginik ez duenean. Nahiz eta ikertzaile batzuek uste zuten sarearen egiteko nagusia esna gaudenean amets egiteko esperientzia sortzea zela, beste susmo gehiago ere baziren. Beharbada kontzientziako korronteak kontrolatzen zituen, edo iraganeko esperientzien oroitzapenak aktibatzen zituen. Eta lehenetsitako sare neuronalaren disfuntzioa nahasmendu psikiatriko eta neurologiko ia guztien balizko ezaugarritzat planteatu zen, baita depresioa, eskizofrenia eta Alzheimerrarenak ere.
Orduz geroztik, lehenetsitako sareari buruzko ikerketa saldoak korapilatu egin du hasierako ulermena. «Lehenetsitako sarea tartean duten egiteko eta paradigma mota asko aztertu dira azken 20 urteetan, eta oso interesgarria izan da horiek ikustea», dio Lucina Uddinek, Los Angeleseko Kaliforniako Unibertsitateko neurozientzialariak.
Lehenetsitako sarea izan zen zientziak bereizi zuen garuneko lehenengo sareetako bat. Garuneko zenbait eskualdek osatzen dute, batzuk garunaren aurreko aldekoak; hala nola, kortex prefrontal medial dortsala eta bentrala. Beste gune batzuk organo osoan zehar barreiatuta daude, esaterako, atzeko kortex zingulatua, prekuneoa eta bira angularra. Eskualde horiek memoriari lotuta daude, baita esperientzien errepikapenari, aurresateari, ekintzen kontsiderazioari, sariari/zigorrari eta informazioa integratzeari ere. (Beheko irudian kolorez azpimarratutako eremuek adierazten dute garuneko kanpoaldeko eremu batzuk aktiboagoak direla lehenetsitako sarea aktibatzen denean).
Aurkitu zenetik, neurozientzialariek zenbait sare gehigarri identifikatu dituzte, garunean itxuraz urrun dauden eremuak aktibatzen dituztenak. Aktibatutako eremu horiek ez dira modu independentean aritzen, baizik eta elkarrekin sinkronian harmonizatzen dira. «Ezin da orkestra sinfonikorik irudikatu soilik biolinekin edo oboeekin», esaten du Raichlek. Antzekoa gertatzen da garunean, garuneko sarean aldeak elkarrekintzan aritzen dira, soilik elkarrekin eragin ditzaketen ondorioak eragiteko.
Ikerketaren arabera, lehenetsitako sare neuronalaren ondorioetan sartzen dira burua noraezean ibiltzea, iraganeko esperientziak gogoratzea, besteen gogamen egoeretan pentsatzea, etorkizuna bistaratzea eta lengoaia prozesatzea. Alderdi horiek guztiek kognizioarekin zerikusirik ez dutela iruditu arren, Vinod Menonek, Stanfordeko Neurozientzia Kognitibo eta Sistemikoaren Laborategiko zuzendariak, duela gutxi plazaratu zuen hipotesiaren arabera, funtzio horiek erabilgarriak izan daitezke barneko narratiba eraikitzeko. Bere iritziz, lehenetsitako sare neuronalak lagundu egiten dizu pentsatzen nor zaren besteentzat, zure iraganeko esperientziak gogoratzen eta ondoren hori guztia autonarratiba koherentean laburtzen.
Argi dago lehenetsitako sarea zeregin konplikatu baterako dela; erabat deskribatu ezin diren prozesu askotan sartuta dago. «Apur bat leloa da pentsatzea honako hau noizbait esan ahal izango dugula: ‘Garuneko eskualde edo sare honek gauza bat egiten du’», dio Uddinek. «Ez dut uste horrela funtzionatzen duenik».
Uddin autoezagutzan interesatuta zegoen, eta horregatik hasi zen lehenetsitako sare neuronala ikertzen. Bazirudien autoezagutzarekin erlazionaturako zeregin asko sare horri lotuta zeudela, besteak beste, zure aurpegia edo ahotsa identifikatzea. Azken urteetan garuneko sareen arteko elkarreraginetan jarri du arreta. Garuneko hainbat eremuk elkarreraginean sareak eratzen dituzten bezala, hainbat sarek ere elkarri eragiten diote modu esanguratsuan, Uddinen esanetan. «Sareen arteko elkarreraginak aztertzea argigarriagoa da, nolabait, sare isolatu bat aztertzea baino; izan ere, elkarrekin aritzen dira lanean, gero banandu egiten dira eta hala, aldatu egiten dute egiten dutena denboran zehar».
Uddini bereziki interesatzen zaio nola eragiten dioten elkarri lehenetsitako sare neuronalak eta prominentzia-sareak. Badirudi elkarrekintza hori lagungarria zaigula informazio garrantzitsuena identifikatzeko, une jakin batean. Haren lanak iradokitzen duenez, prominentzia-sareak hautematen du noiz den garrantzitsua zerbaiti adi egotea, eta gero lehenetsitako sare neuronalarentzako itzaltzeko etengailu baten lanak egiten ditu.
Ikertzaileek aztertu dute, halaber, depresioa eta antzeko osasun mentaleko nahasmenduek zerikusia ote duten lehenetsitako sare neuronaleko arazoekin. Orain arteko aurkikuntzak ez dira erabakigarriak izan. Depresioa duten pertsonen artean, esaterako, ikertzaileek aurkitu dute sareko noduluak konektatuegi daudela, aldiz, beste batzuek aurkakoa aurkitu dute: noduluak ez daudela konektatuta. Eta azterketa batzuetan lehenetsitako sare neuronala berez ez da anormala, baina bai beste sareekin dituen elkarrekintzak. Aurkikuntza horiek bateraezinak dirudite, baina duela gutxiko aurkikuntzen ildo berean daude, esaten baita beharbada depresioa antzeko sintomak dituen nahasmendu desberdinen multzoa dela.
Bien bitartean, Menonek sare hirukoitzaren teoria deitzen duena garatu du. Haren hitzetan, lehenetsitako sare neuronalen, prominentzia-sarearen eta sare frontoparietala izeneko hirugarren sare baten arteko elkarreragin anormalak osasun mentaleko nahasmenduekin zerikusia izan dezake, hala nola eskizofrenia, depresio, antsietate, dementzia eta autismoarekin. Gehienetan, lehenetsitako sare neuronalaren jarduera txikitu egiten da norbaitek kanpoko estimulu bati arreta jartzen dionean. Aldiz, beste bi sareena handitu egiten da. Menonek uste du sareen arteko tira-bira hori balitekeela horrela ez izatea nahasmendu psikiatrikoak edo garapenekoak dituzten pertsonetan.
Deanna Barchek gaixotasun mentalen neurobiologia aztertzen du Washingtoneko Unibertsitatean, St. Louisen, eta sare hirukoitzaren teoriari buruzko jakin-mina du. Ikertzaileak azaldu du sareak desberdin konektatuta dauden ikertzea lagungarria izan daitekeela osasun mentaleko nahasmenduak dituzten pertsonetan, azpiko mekanismoak aurkitzeko eta tratamenduak garatzeko. Hala ere, ez du uste sareen arteko elkarreragin horiek beren kabuz azalduko dituztenik gaixotasun mentalak. «Uste dut konektibitatearen aldeak ulertzea abiapuntua dela», dio Barchek. «Ez da azkeneko puntua».
Seguru asko gaur egun lehenetsitako sare neuronalaz dagoen ulermena ere ez da azkeneko puntua izango. Aurkitu zenetik, neurozientzialariek garunaren banako eskualdeen erantzukizunez harago pentsatu dute, hain zuzen ere, garuneko sareen arteko elkarreraginen ondorioez. Eta pertsona askok kontuan hartu dituzte gure buruaren baitan murgiltzen garenean dauden garunaren jarduerak; izan ere, esna gaudela amets egiten dugunean edo atsedenean gaudenean ere, gure garuna gogor ari da lanean, egonean jarrai dezagun.
Jatorrizko artikulua:
Nora Bradford (2024). What Your Brain Is Doing When You’re Not Doing Anything, Quanta Magazine, 2024ko otsailaren 5a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.