Asteon zientzia begi-bistan #489

Zientzia begi-bistan


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

mielina

Emakumeak zientzian

Olatz Ortega Vidales biologoa da, ekotoxikologian espezializatua, eta gaur egun “Kontuz! Ez nazazu zapaldu!” herritarren zientziako proiektu inklusiboan dabil lanean. Proiektu horretan, hondartzako hondarretan bizi diren organismoak ezagutu, identifikatu eta aztertzen dituzte, eta herritarrak parte hartzaile aktiboak dira eginkizun horretan. Herritarren zientziaren bidez, parte-hartzaileak ahalduntzen direla azaldu du, eta zientziarentzat ere oso aberasgarria da. Ortegak azpimarratu du inklusibitatea lantzea oso garrantzitsua dela, baita zientzian ere. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Klima-larrialdia

Azken hamabi hilabeteak inoizko beroenak izan dira munduan, 2023ko ekainetik 2024ko maiatzera. Copernicus klima-aldaketari buruzko zerbitzuak argitaratu ditu datuak azken txostenean. Hilabete horietan, batez besteko tenperatura 1,63 gradu igo dela azaldu dute, 1850-1900 garaiko tenperaturarekin alderatuta. Gomendioa zen tenperaturaren igoerak 1,5 graduen langa ez gainditzea. Datu guztiak Berrian.

Ingurumena

Zuhaitzek hainbat ekarpen positibo dituzte, bai gizakian eta baita gure inguruan ere. Hainbat eremutan egin diren zuhaitzen kimatze bortitzak direla eta, herritar batzuk kontra azaldu dira. Horren aurrean, Celina Aznarez eta Alba Marquez BC3-ko ikertzaileek azaldu dute soilik hazkunde, garbiketa edo segurtasun arrazoiengatik kimatu behar dira zuhaitzak. Izan ere, karbono dioxidoa xurgatzen dute, itzala ematen dute eta egoiliarrentzat ingurune freskoagoak eta erosoagoak sortzen dituztela ere azaldu dute. Horregatik, hiriguneetan zuhaitzak landatu eta kontserbatu behar direla argi dute. Azalpenak Berrian.

SUV autoak dira energiarekin lotutako karbono-emisioen hazkundearen % 20aren erantzuleak. 2023an autoen salmentan arrakasta handia izan zuten SUV motakoek, eta datuen arabera, urte horretako petrolio-eskariaren % 25a ere haiei zor zaie. Txostenean alderapen bat ere egin dute, eta azaldu dute SUV autoak herrialde bat balira, CO2 gehien isurtzen duen bosgarrena izango litzatekeela. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Osasuna

Endometriosia emakumeengan oso ohikoa den gaitz kronikoa da. Gaitz hori pairatzen dutenetan, endometrioko ehuna umetokia ez den beste eremu eta organoetan hazten da. Oraindik ez dakigu zergatik gertatzen den, ikerketa zientifiko oso gutxi egin direlako, eta diagnostiko falta handia dagoelako. Batez ere, mina, nekea eta haurdun geratzeko zailtasunak eragiten ditu endometriosiak. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Lyme gaixotasuna edo borrelosia Borrelia borgdorferi mikroorganismoak sortzen du, eta askotan kaparren bidez iristen da gizakiarengana. Kaparren larbak animalia txikiak bilatzen dituzte ostalari gisa, eta hauek borrelia bakterioaz infektatuta badaude, bakterioa larbaren hesteetara pasatuko da. Larba handitzean, beste animalia batzuk bilatuko ditu, hala nola, gizakia, eta bakterioa transmititu diezaioke. Azalpenak Berrian.

Neurologia

Ikerketa-talde batek aztertu du maratoi bat egiteak zer eragin duen garunean. Zehazki, mielinari erreparatu diote, neuronen axoiek inguratzen dituen egiturari. Emaitzen arabera, maratoi bat egiteak mielinaren kontzentrazioa nabarmen murriztea eragiten du. Ikertzaileek uste dute energia-biltegi bat izan daiteke mielina. Ordea, mielina-maila ia egoera normalera itzultzen da bi astera. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Zoologia

Gizakiok ekokokapena erabiltzen ikasi dezakegu. Ekokokapenaren bidez, hainbat animaliak soinuak igortzen dituzte eta soinu horien oihartzuna baliatzen dute orientatzeko edo ehizatzeko, besteak beste. Esperimentu batek erakutsi du gizakiok ere ikasi dezakegula gaitasun hori, hamar astetan. Ikusmena dutenek eta ikusmena falta dutenek erabili dezakete. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Fisika

Duela gutxi aurorak ikusi ahal izan genituen Euskal Herrian. Eremu polarretan agertzea da ohikoena, baina eguzki-aktibitatea handia denean eremu zabalago batean ager daitezke. Aurorak Lurreko atmosferako gasek eguzki haizearekin duten elkarreraginaren ondorioz sortzen dira. Eguzkiaren barruan sortzen diren ekaitzekin hasten da prozesua; ekaitz horietan askatzen diren protoiak Lurrera iristen dira, eta horiek eragiten dute aurora. Azalpenak Berrian.

Astronomia

Chang’e-6 zundak Ilargitik aireratu da alde ezkutuko laginak hartuta. Txinak burututako misioa Ilargiaren orbitan dago orain, eta hala jarraituko du 14 egunez, Lurrerantz abiatzeko une egokia iritsi arte. Ekainaren 2an iritsi zen zunda Ilargiaren hego poloko Aitken arrora, eta bi egunez laginak jasotzen aritu da. Lurrera iristean jakingo da zehazki zenbat lagin hartzea lortu duen. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Argitalpenak

Pasteur: Mikrobioen iraultza “Zientzialariak” komiki-sortaren ale bat da. Ale honetan Pasteur kimikari eta mikrobiologoaren ibilbidea ezagutu ahal izango dugu hasiera hasieratik. Ardoan sortzen ziren kristal batzuk ikertzen hasi zen Pasteur, eta egin zituen hainbat esperimentuetatik ondorioztatu zuen berezko sorkuntzaren teoria oker zegoela. Hala, pasteurizazio delako prozesua diseinatu zuen, eta baita lehenengo txertoa ere. Azalpenak Zientzia Kaieran.


Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.