Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Adimen artifiziala
Talde zientifiko batek AINU garatu du, minbizi-zelulak eta zelula normalak bereizteko eta birus-infekzioak hasierako etapetan detektatzeko gai den adimen artifiziala. Horretarako STORM mikroskopiaren bidez lortutako bereizmen handiko irudiak erabiltzen dituzte. Zelularen nukleoan maila nanometrikoan gertatzen diren aldaketak aztertzen ditu adimen artifizialak, eta, horri esker, DNAren alterazioak edo entzimak identifika daitezke giza begiarentzat ikusezinak diren egituretan. Erabilera klinikorako erronka teknikoak baditu ere, AINUk diagnostikoak bizkortu, tratamenduak hobetu eta zelula ama eta birusen ikerkuntzan aurrera egin lezake, 1 motako herpes sinplearen kasuan bezala. Datuak Zientzia Kaieran.
Ingeniaritza
Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile batek sistema bat garatu du turbina eolikoen sentsoreak bateriarik gabe elikatzeko, inguruko energia biltzearen bidez (bibrazioak, beroa, eguzki-argia). Teknologiak egiturazko osasunaren monitorizazioa ahalbidetzen du, sentsoreek dorre eta palen datuak etengabe bidaliz. J. Carlos Castellano Aldavek bere doktoretza-tesian diseinatutako gailuek sentsoreentzako energia autonomo eta fidagarria eskaintzen dute eta proba-fasean instalazio eoliko batean instalatutza ebaluatzen ari dira. Informazioa Elhuyar aldizkarian.
Zoologia
Txinpantze helduek jolasean jarraitzen dute, eta horrek tentsioa arindu, kohesioa indartu eta portaera kolaboratiboak sustatzen ditu. Tai basoan egindako ikerketak erakutsi du jolasa ohikoa dela liskarren ondoren edo jarduera kolektiboen aurretik. Zambiako beste talde batean, jolasa eta garbiketa soziala kutsakorrak direla ondorioztatu dute, taldeko loturak eta sinkronizazioa indartuz. Jolasak, beraz, estresa kudeatzeko eta harreman sozialak hobetzeko tresna ebolutiboki zaharra izan daiteke, gizakien eta beste primateen artean partekatua. Etorkizunean, jolasaren erabilera kontzientea eta beste taldeetan duen presentzia aztertzea da helburua. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.
Geologia
Blanca Martinez geologian doktoreak Rock and Stone abestitik abiatuta harri eta arroka terminoak azaltzen ditu Zientzia Kaierako artikuluan. Nahiz eta RAEren definizioak termino horiek ezberdintzen ditu gogortasunean oinarrituta, geologian arrokak material solido naturalak dira, eta harria gizakiak eraldatutako arroka da. Beraz, gizakiaren esku-hartzearen araberakoa da aldea, nahiz eta erabiltzen diren definizioak hiztegietan batzuetan nahasgarriak izan.
Bioteknologia
Txinako ikertzaileek saguak sortu dituzte bi aitaren genomekin, obulu arrak sortzeko metodo berri baten bidez. Espermatozoide baten genomaren 20 eremu eraldatu eta obulu bilakatu dute, espermatozoide batekin ernalduz. Lortutako enbrioiak sagu eme baten umetokian garatu dira, eta amaren generik gabeko saguak jaio dira. Aurreko saiakeretan XY zelulak XX bihurtu ziren, baina oraingoan Y eta Y elkartu dituzte. Oraingoz, gizakietan erabiltzea pentsaezina da. Metodo honek geneen arrastoa ezabatzeko duen gaitasuna nabarmendu dute ikertzaileek. Informazio guztia Elhuyar aldizkarian.
Biokimika
Espektro zabaleko antigorputzek GIBaren aurkako terapian eta prebentzioan potentzial handia dute, birusa blokeatzeko, zelula infektatuak garbitzeko eta transmisioa inhibitzeko duten gaitasunagatik. Monoterapiak ez dira eraginkorrak, baina antigorputzen eta botika antierretrobiralen konbinazioak arrakasta handiagoa izan dezakete. Ingeniaritza genetikoa erabiliz antigorputzak optimizatzen ari dira, eta ikerketa berriak birus-gordailuak ezabatzeko eta GIBaren sendaketa bilatzeko bide berriak irekitzen ari dira. Emaitzek itxaropen handia sortu dute tratamenduaren eraginkortasuna eta pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Ekologia
Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek agerian utsi du azken 30 urteetan dibertsitate genetikoa murriztu egin dela 600 espezie baino gehiagotan, batez ere ugaztunak eta hegaztiak. Biodibertsitate genetikoaren galera espezieen biziraupenerako arriskutsua da, egokitzeko gaitasuna murrizten duelako. Giza jarduerek habitatak suntsitu eta espezieak desagertarazi dituzte, baina espezie bakoitzaren dibertsitate genetikoa ere galtzen ari da. Kontserbazio-neurriek galera moteltzen dute, baina behin dibertsitatea gutxituta, berreskuratzea zaila da. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Neurozientzia
CIC Biomaguneko ikertzaileek karbonozko nanohodiak erabili dituzte bizkar muineko lesioak dituzten arratoietan neuronen arteko konexioak berrezartzeko. Nanohodi hauek kable elektrikoen moduan jokatzen dute, hautsitako seinale-bideak aldi baterako ordezkatuz. Esperimentuek erakutsi dute nanohodiek lesioak dituzten animaliek ibiltzeko aukera berreskuratzen laguntzen dutela. Orain, ikertzaileek inplanteak hobetzen eta material egokienak probatzen dihardute, helburua izanik etorkizunean gizakietan aplikatzea. Europako Ikerketa Kontseiluaren laguntzarekin, proiektua fase aurreklinikoan dago eta neurozirujauekin elkarlanean ari dira. Informazioa Berrian.
Energia berriztagarriak
Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek eguzki-argia baliatuz CO₂ metano bihurtzeko teknika garatu dute. Prozesua Sabatierren erreakzioan oinarritzen da, karbono dioxidoa hidrogeno berdearekin konbinatuz metanoa lortzeko. Berrikuntza nagusia foto-termokatalisia da: eguzki-argiak erreakzioa abiarazteko eta mantentzeko energia ematen du, rutenioan eta nikelean oinarritutako katalizatzaileen bidez. Horrela, CO₂ harrapatu eta berriz erabiliz, metano berriztagarria sor daiteke erregai gisa. Aurkikuntza honek deskarbonizazioa sustatzeko eta energia-sektorearen iraunkortasuna hobetzeko aplikazioak izan ditzake. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Egileaz:
Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.