Asteon zientzia begi-bistan #523

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

zela

Fisika

Erdigune galaktikoetako zulo beltz supermasiboek betiereko orbitetan harrapatuta geratu beharko lukete parsec-era hurbiltzean, baina behaketek adierazten dute fusionatzen direla. Izan ere, materia ilun auto-elkarrekintzailea da horren azalpen posible bat, bere momentu angeluarra xurgatu eta hurbildu egin baitezake. Beste hipotesi batzuk dira izarrekin interakzioak, gas-diskoak edo hirugarren zulo beltz bat egotea. Hurrengo behaketek, hala nola LISA zundak egindakoek, teoria horietako zein den zuzena berrets lezakete, fusio kosmikoak zein materia ilunaren izaera hobeto ulertzen lagunduz. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Mekanika kuantikoak materia eskala mikroskopikoan ulertzeko bide berriak ireki ditu, fisika klasikoaren mugak gaindituz. 2025ean UNESCOk zientzia kuantikoaren urtea izendatu du. UPV/EHUko Ion Erreak zuzendutako ikerketek supereroankortasuna aztertzen dute, energia-galera gabe eroaten duten materialak bilatuz. Mekanika kuantikoaren metodoak erabiliz, tenperatura normaletan funtzionatuko luketen supereroaleak identifikatzen saiatzen dira, haien aplikazioek elektromagnetismoan iraultza ekar baitezakete. Gainera, ikerketa kuantikoak unibertsoaren fenomenoetan eragina izan dezake, fisika eta kosmologia uztartuz. Datuak Zientzia Kaieran.

Genetika

Ikertzaile japoniarrek Down sindromea eragiten duen 21. kromosomaren kopia gehigarria laborategiko giza zeluletan ezabatzea lortu dute CRISPR-Cas9 teknikaren bidez. Trisomiaren ondorio kaltegarriak arintzeko potentziala erakutsi dute, zelulen bideragarritasuna eta estres zelularra hobetuz. Hala ere, teknika oraindik hastapenetan dago, eta oraindik ezin da erabili animalietan edo pertsonetan. Ikerlariek erronka nagusiak aipatu dituzte: ezabatze-tasak hobetzea eta genomaren aldaketa ez-intentzionalak saihesteko metodo seguruagoak garatzea. Aurkikuntza honek Down sindromea tratatzeko aukera berriak ireki ditzake etorkizunean. Informazioa Elhuyar aldizkarian.

Kimika

Josu Lopez-Gazpio, Kimikan doktorea, auzitegietako zientziekin jarraituz, oraingoan krimenaren agertokiari buruz idatzi du Zientzia Kairan. Krimenaren agertokia delitu baten gertalekua da eta ebidentziak biltzeko gunea. Auzitegi-analisia bertan hasten da, eta polizia da ikerketaren arduraduna. Lehenik, agertokiaren segurtasuna bermatu eta isolatu behar da, ebidentziak hondatu ez daitezen. Ebidentziak identifikatu, dokumentatu eta bildu egiten dira, haien degradazioa saihestuz. Krimenaren agertokia bat baino gehiago izan daiteke, eta argazkiak funtsezkoak dira ikerketan eta etorkizuneko berrikuspenetan. Agertokiaren azterketa konplexua da, eta metodologia zorrotza behar du delitua berregiteko eta biktimagilea identifikatzeko.

Arkeologia

Ponpeiako erupzioan, 79. urtean, hil zen gizon baten garuna kristalizatuta aurkitu dute, fenomeno bakana. Ikertzaileek frogatu dute bero handiak (510 ºC-tik gorakoa) baina laburrak garunaren egitura aldatu zuela, garezurrak babestuta. Bat-bateko hozteak kristalizazioa eragin zuen, egitura neuronalak mantenduz. Aurkikuntza Scientific Reports aldizkarian argitaratu dute, eta saponifikazioa baztertu dute. Ez da beste ehun bitrifikaturik ezagutzen, eta prozesua hobeto ulertzeko ikerketa gehiago behar dira. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Astrofisika

Simulazio bidez egindako ikerketa batek ondorioztatu du ura Big Bangetik 100-200 milioi urtera sortu zela, uste baino lehenago. Orain arte pentsatzen zen oxigeno falta zela eta askoz beranduago agertu zela. Lehen belaunaldiko izarren supernobek askatutako oxigenoak hidrogenoarekin erreakzionatu zuen, eta hoztu ahala, ura zuten gas-kumulu trinkoak sortu ziren. Ikerketak iradokitzen du ura lehen galaxien funtsezko osagai bat izan zela. Nature Astronomy aldizkarian argitaratu dute lana. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Fisiologia

Zientzia Kaieran asteon argitaratutako Ekaia aldizkariko artikulu honetan bihotzeko QT luzearen sindromearen nondik norakoak azaltzen dira. hERG potasio-kanalak bihotzaren erritmo egokian funtsezko rola du. QT luzearen sindromea (LQTS) kanal honen disfuntzioak eragin dezake, arritmia larriak eta bat-bateko heriotza ekarriz. Bi motatakoa izan daiteke: genetikoa (LQTS2 barne, KCNH2 genearen mutazioak eraginda) edo hartutakoa (farmakoak, iskemia, alterazio ionikoak). Gaur egungo tratamendua betablokeatzaileetan oinarritzen da, baina ez da beti eraginkorra. Horregatik, ikertzaileak diana terapeutiko berrien bila ari dira, gaixotasunaren arriskua murrizteko.

Soziologia

Xabier Tirapuk gazteen prekaritatea aztertu du doktoretza tesian, haien ahotsari garrantzia emanez. Dioenez, heldutasuna lan egonkorra, emantzipazioa eta egonkortasun ekonomikoa eskuratzearekin lotzen da, baina horretan adina baino erabakigarriagoak dira klasea, generoa eta jatorria. “Gaztaroaren luzapena” baino, “helduaroaren ukazioa” kontzeptua proposatzen du, egoera indibiduala baino belaunaldi arazoa dela azpimarratuz. Gainera, emantzipazioaren datuak ez direla beti errealegiak dio, eta gazteen bizitza ibilbideak xehetasunez aztertzea beharrezkoa dela nabarmendu du. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Berrian.


Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.