Asteon zientzia begi-bistan #536

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

ingurumeneko DNA
Irudia: Congerdesign – Iturria: Pixabay

Ingurumena

Ana Galarraga kazetariak Nature Ecology & Evolution aldizkarian argitaratu den artikulu bati erreparatu dio eta ingurumeneko DNAri esker, ia edozer gauza bila daitekeela planetan kontatu digu. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuetako Florida Unibertsitateko zientzialariek frogatu dute aireak izaki bizidun ugariren aztarna genetikoak dituela. Airearen kalitatea monitorizatzeko erabiltzen diren iragazkiek DNA zatiak harrapatzen baitituzte; hau da, florak, faunak eta gizakiek askatutako DNA zati txikiak. Datu gehiago Elhuyar aldizkarian: Aireko informazio genetikoa modu erraz eta eraginkorrean baliatzeko aukera aurkeztu dute.

Kimika

Josu Lopez-Gazpiok, Kimikan doktoreak, aztarnak, ebidentziak eta frogak bereizi ditu auzitegi-zientziaren arloan. Krimenaren agertokian aurkitzen diren objektuak hasieran aztarnak dira; balizko hipotesiak sortzen dituzte. Aztarna hori krimenarekin objektiboki lotzen bada, ebidentzia bihurtzen da. Froga, berriz, epaileak prozesu juridikoan onartzen duen ebidentzia da. Ebidentziak jatorriaren arabera sailkatzen dira (biologikoak, ez biologikoak eta arrastoak), eta baita erabileraren arabera ere (zuzenak eta zirkunstantzialak). Azterketa horren bidez, krimenaren egilea identifikatu edo errugabeak absolbitu daitezke. Informazioa Zientzia Kaieran.

Biologia

Zahartzean, zelula batzuk hiltzeari uko egiten diote eta seneszente edo “zonbi zelulak” bihurtzen dira. Zelula hauek inguruko ehunak kaltetzen dituzte eta zahartzearekin lotutako gaixotasunak bizkortzen dituzte. Ikerketa berri batek, zelula hauek apoptosi bidez hiltzea lortu du botika selektiboekin, ornoarteko diskoen kalitatea hobetuz. Aurkikuntza honek adinekoen bizi-kalitatea hobetu dezake. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Ekologia

Science aldizkarian argitaratu berri dute errinozeroen adarrak prebentzioz kentzeak ezkutuko ehizaren maila nabarmen gutxitzen duela. Nazioarteko ikerketa baten ondorioak dira eta Hego Afrikako 11 erreserbetan gauzatu da 2017tik 2023ra bitartean. Urte hauetan bildutako datuetan oinarritzen da ikerketa, eta emaitzek erakutsi dute errinozeroen adarrak mozteak ezkutuko ehiza murriztu zuela % 78 Afrikako Kruger Handiko erreserbetan. Xehetasunak Elhuyar aldizkariak, Egoitz Etxebesteren eskutik: Adarrak moztea da errinozeroak ehiza ilegaletik babesteko neurririk eraginkorrena.

Osasuna

Nora García Alonso fisioterapeutak duela gutxi bukatu du doktore-tesia, ariketa fisikoaren onurez COVID iraunkorra duten pazienteetan. Navarrabiomed Ikerketa Biomedikoko Zentroan garatutako ikerketan, pazienteek hobekuntza nabarmena izan zuten bizi-kalitatean eta indar fisikoan. Nora ikertzen eta irakasten jarraitzen du Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta etorkizunean bi arlo horietan aritu nahi du. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Fisika

2025 Kuantikaren urtea da. UNESCOk eman zion izendapena bi arrazoi direla medio: alde batetik, mekanika kuantikoaren hasierako garapenaren 100 urte bete direlako aurten eta, bestalde, kuantikaren eta honen aplikazioen garrantziari buruzko ezagutza publikoa sustatzeko. Zeregin horretan dabil Aran Garcia-Lekue fisikaria eta DIPCko Ikerbasque irakaslea, Kuantikaren arloari buruz gizartean sortzen diren galderak erantzuten eta Berriako Itsaso Jauregi kazetariak erreparatu dio zereginari: Kuantikak aukera ematen du naturaren askotariko legeak ulertzeko.


Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.