Planetako bazter guztietan daude, ikusezinak begi-bistaz baina eragin handikoak. Kiñuk, gaurkoan, gure inguruan darabiltzaten izaki nimiñoei erreparatu die: birusei. Hain txikiak dira, ezen mikroskopio elektronikoarekin bakarrik ikus ditzakegun, baina duten eragina izugarria izan daiteke. Fama txarra duten arren, landare, animalia, bakterio eta baita geure zelulak ere infektatzeko gai direlako, desagertuko balira ekosistemen oreka desagertuko litzateke. Izan ere, birus askok ez dute inolako sintomarik eragiten, eta beste batzuk, are gehiago, gure mikrobiotan funtzio erabilgarriak izan ditzakete.
Gure kirikiñoak birusen mundu harrigarrian murgilduko gaitu. Zer dira benetan? Nola lortzen dute gure zelulak “fabrika” bihurtzea haien kopiak egiteko? Kiñuk azalduko digu nolakoa den birus baten egitura txikia baina sofistikatua eta nola lortzen du natura osoan zehar bizirik irautea eta ugaltzea.
Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Egileaz:
Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.