Seigarren zentzumenaren bila

Dibulgazioa · Gaztezulotik

Eta udako opor hauetan kultura orokorreko errepaso txiki bat egingo dugu. Ea, zenbat kontinente daude Lurrean? Eta zenbat zentzumen ditugu gizakiok? Eta ozeano? Zenbat ozeano daude?

Baten batek pentsatuko zuen bost dela erantzuna kasu guztietan. Baina, ai, ezin zen hain erraza izan. Kontinenteak bost dira, ezta? Ba… oinarri dugun ereduaren arabera, kontinenteak lau, bost, sei edo zazpi izan daitezke. Serio eta benetan. Ez nabil asmatzen. Kontinente kopurua konbentzio bat da.

Eta zentzumenak? Zentzumenak bai, bost dira, seguru. Seguru? Bizitza honetan oso gauza gutxi dira seguruak. Eta hau ez omen da horietako bat: sei zentzumen omen ditugu, ikerketa berri batek seigarren zentzumena topatu omen baitu. Egia esan, zentzumena baino, zentzumenetako baten bariazioa da topatu dutena. Clickbaita (klikamua?) barkatu beharko didazue. Clickbaita baino, irakurbaita (irakurramua?).

1. irudia: ikerketa berri batek ukitu arinak sentitzeko modu ezezagun bat topatu du, gure ile-folikuluen bidez zuzenean sentitzekoa. (Argazkia: Kaboompics.com – pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Tira, harira, ikerketa berri batek ukitu arinak sentitzeko modu ezezagun bat topatu du, gure ile-folikuluen bidez zuzenean sentitzekoa. Orain arte, ukimenaren sentsazioa nerbio-bukaerek bakarrik transmititu zezaketela uste zen. Hortaz, teknikoki, gure ukimen-zentzumenaren alderdi berria da topatu dutena.

Kanpo ile-sustrai zorroa (ORS, outer root sheath, ingelesez) izeneko ile-folikuluaren zati bateko zelulak aztertu dituzte horretarako, RNA sekuentziazio-prozesu bat erabilita. Eta zera da topatu dutena: eremu horretako zelulek ukipenarekiko sentikorrak diren hartzaileen ehuneko handiagoa dutela, azaleko zelula baliokideek baino.

Horrek, baina, ez du ezer frogatzen eta, beraz, hurrengo urratsa kultiboak egitea izan zen. Esana eta egina: ile-folikuluen kultiboak egin zituzten laborategian, nerbio sentsorialekin batera. Orduan zer? Ile-folikuluen zelulak mekanikoki estimulatu zituzten, noski. Eta egitean ondoko nerbio sentsorialak ere aktibatu ziren: ukitua erregistratu zelako froga.

Eta zergatik ukitu leunak? Erabilitako zelulak direla eta: mekanorrezeptore izena dute ukipena sentitzen duten nerbio-zelulek. Horiei esker sentitzen ditugu, bai haize arina azalean, baita besoa, estutzen digutenean. Esperimentuan, atalase baxuko mekanorrezeptoreekin (LTMR, low-threshold mechanoreceptors) izan dute interakzioa ile-folikuluen zelulek, ukitu leunak sentitzeko gai direnek.

Are gehiago, esperimentuek agerian utzi dute serotonina eta histamina neurotransmisoreak askatzen dituztela ORS zelulek. Horretarako, besikula izeneko zaku ñimiñoak baliatzen dituzte, inguruko zelulei seinale egiteko modu gisa. Eta metodo honek maiteminduta nauka: pentsa albokoari zerbait jakinarazi behar diozuela eta, esan beharrean, zakutxo bat sortu, han mezua sartu eta emango bazeniote.

Ikerketa honetan azpimarratu behar dena da esperimentuak errepikatu egin zirela azaleko zelulak erabiliz ileko folikulu-zelulak erabili beharrean: kasu honetan histamina askatu zen, baina serotonina oso gutxi.
Eta zer? Pentsatuko duzue. Edo ez, zer dakit nik, baina berdin-berdin azalduko dut. Kontuan izan behar da histaminak zeregin garrantzitsua duela larruazaleko hainbat gaixotasun inflamatoriotan, ekzema barne. Beraz, litekeena da tratamendu hobeak eta neurri prebentiboak ere ekartzea ilearen folikuluek ukimena nola detektatzen duten ikertzen jarraitzeak. Zentzumen baten alor berria topatu eta, gainera, gaixotasun baten ikerkuntzan aurreratu: win-win.

Eta seigarren zentzumena, orain bai

Esan dugu, seigarren zentzumen bat baino, zentzumenetako baten bariazioa aurkitu dutela. “Esan dugu” jarri dut eta ni bakarrik nabil hemen, baina tira. Ba hori, seigarren zentzumena baino, bariazioa da topatu dutena. Baina seigarren zentzumen bat ere badugula ere, egia da.

Clickbaitik (klikamurik) ez dut egiten nik. Bost zentzumen ditugula uste ohi da: ikusmena, entzumena, usaimena, ukimena eta gustua. Baina beste bat ere badugu: interozepzioa deritzona.

2. irudia: interozepzioa gure gorputzaren barne-egoeraren sentsazioa da. Gorputzean bizi-funtzioak arautzen dituzten barne-seinaleak sentitzen eta interpretatzen laguntzen diguna. (Jabari publikoko argazkia. Iturria: pxhere.com)

Zer den interozepzioa? Gure gorputzaren barne-egoeraren sentsazioa. Gorputzean bizi-funtzioak arautzen dituzten barne-seinaleak sentitzen eta interpretatzen laguntzen diguna. Zer sentsazio? Gosea, egarria, gorputz-tenperatura eta bihotz-abiadura, adibidez.

Normalean kontuan hartzen ez badugu ere, oso garrantzitsua da, sistema guztiek ondo funtzionatzen dutela bermatzen baitu. Abisatu egiten gaitu gure gorputza orekatik kanpo egon daitekeenean.

Hau irakurri bitartean, bihotza taupaka dugu. Zonbia edo hildako biziduna ez bagara, behintzat. Egunero hona eta hara gabiltzala ez gara konturatzen, baina taupaka dugu bihotza. Egunero 100.000 aldiz baino gehiago. Eta gu konturatu barik.

Gure taupadez oharkabe bizitzeak, baina, ez du esan nahi eraginik ez dutenik. Zehazki, arreta-gaitasunean dute eragina. Egindako ikerketetan, ikusi da bihotz-taupadek eragina dutela pertzepzioan: bihotzaren aktibitatearen fluktuazioak eragina du kanpo-estimuluak kontzienteki hautemateko garaian.

Bihotzaren sistolean pultsu elektriko arinak detektatzeko probabilitate txikiagoa topatu dute zientzialariek. Zergatik elektrokutatu nahi zituzten boluntarioak, ez dakigu.

Errepasotxoa: bihotzak bi mugimendu nagusi ditu; sistolea, non bihotzak kontrakzio bidez odola ponpatzen duen, eta diastolea, non bihotza erlaxatu egiten den.

Kontzeptu hauek gogoratu ostean, zera da topatu dutena: bihotza uzkurtzen denean pertzepzio somatosentsoriala baxuagoa dugula gizakiok. Eta justu ondoren, bihotza erlaxatzean, hobeto erregistratzen ditugula sentsazioak.

Zergatik gertatzen den hau? Hipotesi baten arabera, gure pultsuak zoratu ez gaitzan. Pentsa egunean 100.000 aldiz baino gehiagotan nabarituko bagenu pultsua: ez dakit zuentzat, baina niretzat nahikoa litzateke jazarpen-helegitea jartzeko.

Ikusi dugu, beraz, kontinenteak ez direla bost. Eta zentzumenak ere, ez dira bost. Egon zaitezkete lasai, dena den. Oraingoz behintzat, badirudi ozeanoak bost direla.

Erreferentzia bibliografikoa:

Nield, David (2023, azaroa). Scientists Just Discovered a New Human Sense of Touch. Science alert. www.scienciealert.com


Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer.bsky.social‬) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.


Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2024ko otsailean, 258. zenbakian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.