Rosa Porcel Biologian lizentziaduna eta Biokimika eta Biologia Molekularrean doktorea da (Granadako Unibertsitatea). Egun irakasle titularra da Universitat Politècnica de València unibertsitateko Bioteknologia Sailean, bai eta ikertzailea ere Landareen Biologia Molekular eta Zelularraren Institutuan, non zuzendariordea ere baden. Horrez gain, unibertsitate bereko Ingeniaritza Agronomikoaren eta Ingurumenekoaren Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendariordea ere bada.
Ikertzaile gisa, Rosa Porcelek 25 urteko eskarmentua du landareen eta mikorrizen arteko sinbiosiaren eta estresaren aurreko tolerantziarekiko harremanaren ikerketan; zehazki, lehortearekiko eta gazitasunarekiko tolerantzia izan du aztergai. Horri buruzko ikerketa artikulu asko argitaratu ditu eragin handiko aldizkarietan. Horrez gain, doktorego tesi batzuk ere zuzentzen ari da arlo horretan. Bere ibilbide zientifikoa aintzatetsi egin dute Landareetako Harreman Hidrikoen arloko Ikerketako Sari Nazionalaren bidez, eta bere unibertsitateak ematen duen Ikerketako Ibilbide Bikainaren Sariko finalista ere izan da.
Esparru akademiko eta ikertzailetik kanpo, Rosa Porcel dibulgatzaile zientifikoa da 2011az geroztik: La Ciencia de Amara izeneko bloga dauka, eta konferentziak eta dibulgazioko askotariko ekitaldiak egiten ditu. Dibulgazio Zientifikoko Antama Saria jaso zuen. Eso no estaba en mi libro de Botánica liburuaren egilea da (argitaletxea: Guadalmazán), eta lan horrengatik dibulgazio zientifikoko liburu onenaren Prismas 2021 saria eman zioten. Eta bere banakako bigarren liburua argitaratu berri du: Plantas que nos ayudan (argitaletxea: Destino).

Zein da zure ikerketa arloa?
Landareek lehortearekiko eta gazitasunarekiko duten tolerantzia. Duela 20 urte baino gehiago hasi nintzen lanean mikorrizekin. Mikorriza arbuskularrak onddo mikroskopikoak dira, eta sinbiosi mutualista batean bizi dira duela milioika urtetik landareen sustraiekin; mizelioen bidez konektatzen dituzte landare guztien sustraiak lurraren azpian, eta askotariko estresen aurrean babesten dituzte. Nire lanaren helburua zen argitzea zer mekanismo molekularri esker diren landare mikorrizak toleranteagoak lehortearekiko eta gazitasunarekiko. Egun, eremu horretan lan egiten jarraitzen dut.
Lehorteak eta gazitasunak modu larrian kaltetzen dituzte laboreak, eta gure ikertaldean tresnak garatu nahi ditugu nekazaritzako elikagaien arloan interesgarriak diren landareak egoera gogor horiek erresistitzeko gai izateko. Abordatze molekularrak erabiltzen ditugu, edizio genetikoa, adibidez; bai eta aplikatuagoak ere, hala nola bioestimulatzaile berrien identifikazioa, ebaluazioa eta karakterizazioa. Bioestimulatzaileak askotariko estresen aurrean (lehortea, beroa, gazitasuna, patogenoak, intsektuak, eta abar) laboreen hazkuntza, garapena eta tolerantzia hobetzen duten substantzia edo mikroorganismoak dira, eta hori guztia lortzen dute landareen prozesu naturalak estimulatzearen bidez.
Zergatik aritzen zara arlo horretan?
Zortea dugu egunean behin baino gehiagotan jan ahal izateagatik, eta elikagai horietako asko landareak dira edo landareetatik datoz. Hortaz, elikatzen gaituzten laboreak izaten jarraitzen dugula bermatu behar dugu. Pentsatzen baduzu, ortuariak, frutak, barazkiak, zerealak eta lekaleak landareak dira, eta olioak, irinak, kakaoa, garagardoa, ardoa, fruitu lehorrak eta abar landareetatik datoz. Landareek ere pairatzen dituzte klima-aldaketaren ondorioak, eta ezinbestekoa da ekoizpenari eta jasangarritasunari eustea. Tamalez, lehorte batek arazo larriak ekar ditzake. Duela ez asko, 2023an, 12 euro ordaintzera iritsi ginen oliba olio litro batengatik. Beste arrazoi batzuen artean, hori gertatu zen muturreko lehorteko eta tenperatura altuko ondoz ondoko bi urte izan genituelako, eta horrek erdira murriztu zuen ekoizpena.
Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?
Ezin dut esan haurra nintzela figura nabarmen bat nuenik, baina egia da karrera zientifikoan aurrera egin ahala, nire zuzendariak izan nituela erreferente. Asko eta asko ikasi nuen nire tesi zuzendari Juan Manuel Ruiz Lozano doktorearengandik, eta gaur egun ere aparteko harremana daukagu, bai eta José Miguel Barea irakaslearengandik ere; mikorrizen arloko aitzindaria eta zientzialari bikaina da. Zorte handia izan dut Ramón Serrano irakaslea bezalako ikertzaileak gertu izan ditudalako; Ramón nazioarteko erreferentea da, ezagutu dudan pertsonarik argienetako bat. Zientzialari, irakasle eta pertsona zoragarria zen; honoris causa doktorea (Ratisbonako Unibertsitatea, Alemania), Alfontso X.a Jakitunaren Ordenako Gurutzea, Biologia Molekularreko Europako Erakundeko (EMBO) kidea, eta Biokimika eta Biologia Molekularreko Espainiako Sozietateko (SEBBM) ohorezko bazkidea. Nire gainbegiralea izan zen zenbait urtez nire doktorego ondoko lehen egonaldian. Ikerketa eta irakaskuntzarekiko bere pasioa transmititu zizkidan, eta esan dezaket bere ikertaldea familia balitz bezala zaintzen zuela. Pertsona bikaina izan zen.
Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?
Zorionez, aurrerapen handiak egiten ari dira arlo honetan, baina oraindik ere asko dago deskubritzeko. Nire helburua izango litzateke lehortepean efizientzia fotosintetikoa areagotzeko gai diren laboreak lortzea; hau da, aurkako baldintzetan ere, hazkuntza eta garapen ona dutenak. Konplexua da, eta, gainera, Europa ez da errazten ari CRISPR-ren erregulazioa; beste herrialde batzuk oso aurreratuta daude arlo horretan. Bioaniztasuna eta deskubritzeko dagoen guztia aintzat hartuta, landareen errizosferako mikroorganismo ezezagun bat identifikatu nahi nuke; ikaragarrizko efektuak izango lituzke laboreak babesteko eta horien hazkuntza sustatzeko, eta ez genuke kezkatu behar uzta txarrengatik ez eta produktuaren prezioagatik ere. Imajina ezazu!
Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?
Ikerketa zientifikoa erronkaz beteriko bidea da, baina motibazioa ezezaguna deskubritzean datza. Hasteko, esango nioke sakondu zezala benetan zer gai maite dituen jakiteko, eta ikerketa arlo horietatik gehiago ezagutzeko interesa izateko. Mentoreez edo pertsona inspiratzaileez ingura dadila.
Zalantzarik gabe, lanbide bokazionala da, eta pazientzia, esfortzua eta sakrifizioa konstante bat dira. Hori izan behar du buruan beti. Karrera oso exijentea da, baina baita oso atsegingarria ere.
Eta, jada mundu honetan sartuta dagoenean, bestelako aholkuak emango nizkioke, gaitasun praktikoetara, etika zientifikora eta komunikaziora bideratutakoak, adibidez.
Ikerketa zientifikoa, askorentzat, bizimodu bat da.
Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko apirilaren 12an: Rosa Porcel: «La investigación científica es un modo de vida».
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.