María Ángeles García-Ferrero zientzialari titularra da Madrilgo Zientzia Matematikoen Institutuan. Aurretik, Universitat de Barcelona, Bilboko Basque Center for Applied Mathematics, Heidelbergeko Unibertsitatea eta Leipzigeko Max-Planck-Institut für Mathematik in den Naturwissenschaften instituzioetan lan egin du. Fisikan lizentziatu zen Valladolideko Unibertsitatean 2014an, eta Matematikan doktoratu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean 2018an.
Vicent Caselles saria (Espainiako Matematikako Errege Elkartea eta BBVA Fundazioa, 2019) eta José Luis Rubio de Francia saria (Espainiako Matematikako Errege Elkartea, 2020) jaso ditu, besteak beste.
Bere interes zientifikoak arlo hauetan zentratzen dira: deribatu partzialak (lokalak eta lokalak ez direnak), alderantzizko problemak, analisi geometrikoa, jariakinen mekanika eta fisika matematikoa.

Zein da zure ikerketa arloa?
Nire ikerketa deribatu partzialetako ekuazioetan (DPE) zentratzen da. Ezinbesteko rola dute matematiketan, baina askotariko fenomeno naturalak modelatzeko ere balio dute. Nire egungo lanaren xedea da DPEko alderantzizko problemak ikertzea. Problema horietako askoren helburu nagusia da gorputz baten barrualdea ezagutzea modu ez-inbaditzaile eta ez-suntsitzailean. Ezinbesteko gaia da medikuntzan, industrian, geofisikan eta ingurumen zientzietan.
Zergatik aritzen zara arlo horretan?
Txikitatik gustatu zaizkit matematikak, baina karrera hautatzeko orduan Fisikaren alde egin nuen. DPEetan bi diziplinen arteko elkargunea aurkitu nuen.
Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?
Bai, nire ibilbidearen etaparen arabera erreferenteren bat edo beste izan dut: irakasle batzuk, nire tesi zuzendaria, doktorego ondoko nire etapako mentorea… Eta lankideek ere benetan inspiratzen naute, eta ez soilik beren lan zientifikoagatik, lana bizitzaren beste alderdi batzuekin uztartzeko duten moduagatik ere bai.
Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?
Aurrerapen nabarmen bat egin nahi nuke eroankortasunaren alderantzizko problemari buruz. Horren helburua da gorputz baten eroankortasun elektrikoa zehaztea tentsio eta korronte neurrien bidez bere inguruan. Irekita geratzen diren alderdien artean, eroankortasun anisotropoen kasua dago; aztergai den puntuaren nahiz norabidearen mendekoak dira eta osagai geometriko handia dute. Interes matematikoaz gain, alderantzizko problema hori inpedantzia elektrikoaren bidezko tomografiaren oinarria da. Aplikazio potentzialak ditu tumoreak detektatzeko, jaioberrietan biriken funtzionamendua monitorizatzeko, bai eta istripu zerebrobaskularrak sailkatzeko ere.
Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?
Iraupen lasterketa bat da. Hortaz, garrantzitsua da pazientzia izatea. Kontziente izan behar da normala dela hartutako bideari buruzko zalantzak izatea, baina horiek erlatibizatu behar dira, eta baloratu behar da ea une onek gainerako guztia konpentsatzen duten.
Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko apirilaren 26an: “María Ángeles García-Ferrero: matemáticas para conocer el interior de un cuerpo de forma no invasiva y no destructiva”
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.