Ruth Ann Sanger, aitzindaria odol taldeen genetikan

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Ruth Ann Sangerren (1918-2001) izena gizakion odol taldeen eta horien ondoretasun genetikoaren miaketara lotuta dago. Teknika molekularren goraldia baino askoz lehenagoko garai batean, Australiako zientzialari horrek eskuzko metodoak —sinpleak, baina oso analitikoak— erabili zituen odol antigenoen atzean dagoen genetika konplexua argitzeko. Bere lanak XX. mendeko immunohematologiako aurrerapen askotarako oinarriak ezarri zituen.

Ruth Ann Sanger 1918ko ekainaren 6an jaio zen Southporten (Australia), jatorri britainiar eta australiarreko familia batean. Hezkuntzara eta diziplinara orientatutako ingurunean hazi zen —bere aita eskolako zuzendaria zen—, baina udan familia Australiako kostaldera joaten zen oporretan. Eta han piztu zen zientziarekiko bere interesa, neurri batean bere neba-arreba nagusien lagunen eraginez. Bere ahizpari kostatu egin zitzaion Humanitateen karrera egitea; hortaz, Ruthek zientzien alde egin zuen Sydneyko Unibertsitatean matrikula egin zuenean, eta fisiologian eta zoologian espezializatu zen.

Ruth Ann
1. irudia: Ruth Sanger ikertzailea, 1950 inguruan. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Lehen urratsak ikerketaren esparruan

Ruthen karrera zientifikoa ia kasualitatez hasi zen: aldi baterako lan bat onartu zuen Camperdowngo Haurren Ospitaleko hematologiako laborategian —odola aztertzen duen zientziaren adarra—. Berehala deskubrituko zuen ingurune hori oso estimulatzailea zela. Handik Hegoaldeko Gales Berriko Gurutze Gorriko Transfusio Zerbitzura joan zen 1940an, non plasma —odolaren frakzio likidoa eta azelularra— lehortzen lan egin zuen; izan ere, azken hori funtsezko auzia zen Bigarren Mundu Gerran. Eta bide horretatik iritsi zen odol taldeen mundu konplexura. Eremuak bere interesa sustatu zuen eta laster bihurtu zen zientzialariaren karrera zientifikoaren motorra.

Ingalaterrara bidaia eta nazioarteko karreraren hasiera

1946an, Ruthek bere ondasun pertsonal bakarra —familiaren pianoa— saldu zuen Ingalaterrara joan ahal izateko gerra ostean bidaiariak garraiatzen zituzten lehen itsasontzietako batean. Bere asmoa zen Prebentzio Medikuntzako Lister Institutuan lanean hastea, Robert Russell Race mediku eta genetistaren zuzendaritzapean —1956an senar-emazte bihurtuko ziren—.

Zientzialariaren iritsierak bat egin zuen Ikerketa Medikoko Kontseiluak (MRC, ingelesezko siglengatik) Odol Taldeei buruzko Ikerketa Unitatea sortzearekin. Unitate horren helburua zen odol taldeen ondoretasunaren ikerketan sakontzea. Talde horiek odola sailkatzeko moduak dira, globulu gorrien gainazalean dauden molekula batzuen —antigenoak— eta plasman dauden antigorputzen arabera.

Sangerri agindu zioten lana doktorego tesi batean jaso zuen: Odol taldeen sistemen multiplizitatea; 1949an defendatu zuen Londresko Unibertsitatean. Lan horretan sakon aztertu zituen ordura arte identifikatutako odol taldeen zazpi sistemak: ABO, MN, P, Rh, Lutheran, Kell eta Lewis. Egun berrogei sistema gehiago ezagutzen ditugu.

Tresna sinpleak deskubrimendu handietarako

Sangerren lehenengo ekarpen nabarmenetako bat garai horretakoa da: antigeno berri bat identifikatu zuen —S izenekoa— MN sisteman. Hori lortzeko, bere ikerketen ezaugarri nagusi izango zen metodo berritzaile bat erabili zuen: tresna matematiko sinpleak erabili zituen, datu biologikoetara zuhurtziaz aplikatuta.

Sangerrek erabiltzen zuen teknika biologikoetako bat oso oinarrizkoa zen: odolaren aglutinazioa. Honetan datza: globulu gorriak nola itsatsi eta pikorrak sortzen diren ikustea antigorputz espezifikoak gehitzen zaizkienean —itsasgarria balira bezala odol talde jakin baten ezaugarriak dituzten zelulak lotzeko—. Hasieran, antigorputz askok ez zuten lortzen zelulak beren kabuz lotzea. Orduan, Sangerrek Racek beste batzuekin deskubritutako beste teknika berri bat gehitu zuen bere errutinan: antiglobulinaren proba. Horrek bigarren antigorputz bat erabiltzen du lehenari laguntzeko zelulak lotzen, eta, horrela, aurretik ikusgai ez ziren erreakzio batzuk ikusgai geratzen dira.

Ruth Ann
2. irudia: Robert Race eta Ruth Sanger ikertzaileak, 1950 inguruan. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Antigorputz berri bat edo ezaugarri berri bat aurkitzen zutenean odolean, Sangerrek eta bere taldeak ez zioten soilik erreparatzen zelulak itsasteari edo ez itsasteari; oinarrizko analisi matematikoak ere erabiltzen zituzten, hala nola Fisherren kontingentzia taulak, kalkulatzeko ea ezaugarri berri hori jada ezagutzen zuten odol talde batekin lotuta zegoen, edo, aitzitik, berria eta independentea zen.

Datuak kuantifikatzeko errutinazko teknika biologikoak eta tresna matematiko errazak konbinatzearen bidez, Sangerrek metodo serologiko erraz baina oso garrantzitsua sortu zuen, eta horri esker azkar egin ahal izan zuen aurrera odol taldeen azterketan. Hori horrela, ekarpen nabarmenak egin zituen orduan ezagutzen zituzten odol talde ia guztietan, eta bere lanak balio izan zuen, halaber, sistema berriak deskubritu eta ulertzeko. Bere metodoa oso oinarrizkoa zen arren egungo teknologia molekularrekin alderatuta, bere ikerketek eta bildu zuen datuen kantitate handiak ezinbestekoak izan ziren bere ostean etorriko ziren ikertzaileentzat.

Odoleko genetikako aditu gisa finkatzea

Doktoregoa lortu ondoren, Sanger Australiara itzuli zen epe labur batez, baina berehala itzuli zen Lister Institutura, eta hantxe geratu zen bere karrera amaitu arte, 1983an. Racerekin batera Blood Groups in Man idatzi zuen, esparru horretako erreferentziazko obra bat. Liburuaren lehen edizioa 1950ean agertu zen, eta beste bost ere egin zituzten 1975era arte. Testua oso zehatza eta zuhurra zen, baina baita irisgarria eta arina ere. Odol taldeei buruzko ezagutza handitu ahala, liburua ere luzatu zuten, eta Duffy eta Kidd bezalako sistema berriak gehitu zituzten. Azken edizioan, obrak identifikatutako 160 antigeno jasotzen zituen jada.

Familia eta populazio anitzekin eginiko ikerketa ere oinarrizko gai bat izan zen Sangerren lanean. Odol taldeen ezaugarriak gurasoengandik seme-alabei nola transmititzen ziren ikustean, zientzialariak ondoretasunaren patroiak ulertu ahal izan zituen, eta horrela zehaztu zezakeen aurkikuntza berri bat ezaguna zen sistema bati zegokion edo berri baten parte zen.

Sangerren ekarpen garrantzitsuenetako bat 1962an egin zuen. Urte horretan, odolaren antigeno bat identifikatu zuen —Xga— X kromosomara lotutako karaktere dominante gisa. Aurkikuntza hori nobedade absolutua izan zen garai hartan —lehen aldia zen odol markatzaile bat esleitzen zitzaiola kromosoma sexual bati—, eta aukera berriak ireki zituen sexuari lotutako gaixotasun genetikoen azterketan; adibidez, hauetan: Turner sindromea eta Klinefelterrena.

Sanger odol taldeen genetikako mundu mailako autoritateen artean aitortu zuten. Nazioarteko sari ugari jaso zituen, gehienak bere senarrarekin batera, hala nola Karl Landsteiner Memorial Award saria (1957), Kanadako Gairdner Nazioarteko Saria (1972) eta Gurutze Gorri britainiarraren Oliver Memorial Award saria (1973).

Ruth Ann
3. irudia: Robert Race eta Ruth Sanger ikertzaileak, 1973. urtean. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Ruth Ann Sanger 2001eko ekainaren 4an hil zen, 83 urte bete baino bi egun lehenago. Odol taldeen genetikan aitzindari izan zen hematologo eta serologoaren obra, eskuzko eta estatistikako metodoetan oinarritutakoa, denborak aurrera egin ahala mantendu zen eta geroago teknika molekularretan oinarritutako ikerlanek konfirmatuko zituzten aurkikuntzetako asko zehaztasunez aurreikusi zituen.

Iturriak:


Egileaz:

Edurne Gaston Estanga elikagaien zientzia eta teknologiako doktorea da. Gaur egun, zientzia eta teknologiaren ezagutza zabaltzea sustatzen duten erakundeen proiektuak kudeatzen ditu.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko ekainaren 152an: “Ruth Ann Sanger, pionera en la genética de los grupos sanguíneos“.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.