Kotoi-paperezko euskarriak odol analisiak egiteko

Beatriz Uribe, Oskar Gonzalez eta Rosa M. Alonso

Medikuak odol analisi bat egiteko esaten digunean segituan datozkigu burura xiringak eta odolez betetako tutuak. Guztiok diogu gutxi-asko, beldurra momentu latz horri, baina, XXI. mendean ez al dago alternatibarik? Zorionez azken urteotan odola biltzeko teknika berri bat garatzen ari da: Odol Tanta Lehorra (OTL) edo, beste hainbat terminoekin bezala, bere ingelesezko izenez hobeto ezagutzen den Dried Blood Spot (DBS) teknika.

Irudia: Odol Tanta Lehorrean (OTL) erabiltzen den kotoi-paperezko euskarri baten odola biltzen.

Teknika honetan kotoiaz egindako txartel batean odol tanta batzuk ipintzen dira, horretarako gorputzeko edozein tokitan (atzamarra, orpoa edo belarria) orratz batekin ziztada bat eginez. Odola lehortu denean txartel hauek oso erraz gorde daitezke eta edonora eraman. Gero, laborategian odola duen paper zati bat zulatzen da, odola erauzten da eta interesatzen zaigun metabolitoa edo droga analiza daiteke. Modu honetan teknika hau dopin kontroletan, farmakoen monitorizazioan edota gaixotasunen diagnostikotan aplika daiteke. Zeresanik ez izugarri egokia dela jaioberriei odola hartu behar zaienean (ezin diegu odol gehiegi lapurtu!) edo hirugarren munduan erabiltzeko tamalez han odol laginketa klasikoa egiteko arazo asko baitaude.

Orduan, teknika hau hain ona bada, zergatik ez du aspaldi xiringen bidezko odol ateratzea baztertu? Izan ere, 1963. urtean erabiltzen hasi zen eta oraindik gutxik izan duzue ospitaletan OTLa ikusteko aukera. Arrazoi nagusietariko bat analisiak burutzeko behar diren metodo analitikoen mugak izan dira. OTLarekin hain odol bolumen gutxi hartzen da ezen analitoen kantitate izugarri txikiak detektatzeko teknikak beharrezkoak baitira. Zorionez denbora aurrera doan heinean metodo analitikoak askoz sentikorragoak dira eta gaur egun analisi gehienak ahalbidetzeko beharrezkoak diren detekzio mugak lor daitezke.

Hala ere, teknika honen berpiztea berriki geratu denez analisi kuantitatiboetan eragina izan dezaketen faktoreak sakonki aztertu behar dira oraindik. Hori da hain zuzen ere aurkezten dugun lan honetan egin duguna. Alde batetik, OTLan oinarritutako prozedura analitikoa garatu dugu hiru farmako ezberdinen analisi erraza aurrera eramateko kromatografia likido ultra-azkarra eta detekzio fluoreszentea erabiliz. Bestetik, farmako hauen analisi kuantitatiboa baldintza dezaketen hiru faktore sakonki aztertu ditugu: odolaren hematokritoa, euskarrian ipinitako tantaren bolumena, eta analisirako zulatutako paperaren posizioa.

Garatutako metodo azkarrak OTLa farmakoen analisirako etorkizun izugarriko teknika dela erakusten du. Dena den, hematokritoa eta zulatutako paperaren posizioa bezalako faktoreek analitoen kuantifikazioan eragina dutela ikusi dugu. Ondorioz, teknika hau aplikatu baino lehen, analizatu nahi den konposatu bakoitzaren portaera aztertu behar da eskaintzen diren emaitzak fidagarriak direla ziurtatzeko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 30
  • Artikuluaren izena: Odol Tanta Lehorraren fidagarritasunaren azterketa farmakoen analisi kuantitatiborako UHPLC-PDA-FLDren bidez.
  • Laburpena: Lan honetan Odol Tanta Lehorraren (OTLa) laginketa-teknikaren fidagarritasuna ikertu da farmakoen analisirako fotodiodo- eta fluoreszentzia-detektagailuei akoplatutako bereizmen oso altuko likido-kromatografiaren (UHPLC-PDA-FLD) bidez. OTLak, odol-tanta bat kotoi-paperezko euskarri batean jartzean eta lehortzen uztean datzan teknikak, azken urteotan erabileraren handipen garrantzitsua antzeman du bioanalisian. OTLak ohiko odol-analisiekiko hainbat abantaila erakutsi arren, analisi kuantitatiboaren ikuspuntutik hainbat faktorerekiko mendekotasuna duela antzeman da. Ikerketa honetan faktore batzuek (hematokritoa, odol-bolumena eta laginketa-puntua) farmakoen determinazioan duten eragina aztertu da, horretarako amilorida, propranolola eta valsartan farmakoak eredu gisa erabiliz. Emaitzetan oinarrituta, zuloaren kokapenak eta hematokritoak analisien zehaztasunean eta doitasunean eragina dutela ondorioztatu da, teknika honen aplikazio kuantitatiboa mugatuz. Bestalde, analitoen sakabanaketa odol-tantan zehar analitoen propietate fisiko-kimikoen mendekoa dela ikusi da, metodo analitikoaren garapenean analito bakoitzaren sakabanaketa aztertu behar dela ondorioztatuz.
  • Egileak: Beatriz Uribe, Oskar Gonzalez eta Rosa M. Alonso
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 19-36
  • DOI: 10.1387/ekaia.14547

—————————————————–
Egileaz: Beatriz Uribe, Oskar Gonzalez eta Rosa M. Alonso UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko irakasleak eta ikertzaileak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>