Cecilia Daniela Treviño Quintanilla: «Hondakinak balioa duten material berri bihurtu nahi ditut»

Ikertzen dut

2 min

Cecilia Daniela Treviño Quintanilla: «Hondakinak balioa duten material berri bihurtu nahi ditut»

Cecilia Daniela Treviño Quintanilla Monterreyko Institutu Teknologikoko Artificial Intelligence for Manufacturing and Supply Chain Institute-ko (AIMS) Smart Manufacturing and Materials Lab-en kide da. 2007an, Ingeniari Kimikoko titulua lortu zuen, Industria Ingeniaritzako espezializazioarekin, Monterreyko Institutu Teknologikoan (Monterrey campusa). 2010ean, zentro berean eskuratu zuen Zientzietako Masterra, Manufaktura Sistemen eta Materialen Zientziaren espezialitatean. 2015ean, Ingeniaritza Zientzietako doktoregoa lortu zuen University of Houston-en.

Bere ikerketaren ardatza polimero aurreratuak eta material adimentsuak garatzea da, bai eta plastiko eta elastomeroetarako jasangarritasun estrategiak garatzea ere; besteak beste, honako hauek lantzen ditu: hondakin polimerikoen degradazioa eta balorizazioa, bioplastikoen garapena eta aplikazio aurreratuetarako material funtzionalen diseinua.

Ikertzaileen Sistema Nazionaleko (SNII) 1. mailako kide da, 2024az geroztik. 2026an, 3Mk Zientziako 25 Emakumeetako bat izendatu zuen. Izendapen horrek aitortu egiten ditu industria eta jasangarritasunean eragina duten garapen teknologikoari eta berrikuntzari ekarpena egiten dioten emakumezko zientzialariak.

Nazioarteko lankidetzetan aritzen da zenbait erakunde aitzindarirekin, hala nola Massachusetts Institute of Technology (MIT), Polytechnique Montréal eta Southwest Research Institute (SwRI) erakundeekin, material aurreratuen, polimeroen jasangarritasunaren eta industria-aplikazioetarako teknologien garapenaren inguruko proiektuetan.

Cecilia Daniela
Irudia: Cecilia Daniela Treviño Quintanilla ikertzailea. (Argazkia: Cecilia Daniela Treviño Quintanillak emana).

Zein da zure ikerketa arloa?

Polimero aurreratuak eta jasangarriak garatzen egiten dut lan. Xinple esanda, hondakinak (besteak beste, plastikoak edo nekazaritzako eta industriako azpiproduktuak) balioa duten material berri bihurtu nahi ditut, berriro ere industrian erabil daitezen. Bereziki interesatzen zait ondo funtzionatzeaz gain, ingurumenean inpaktu positiboa duten materialak diseinatzea.

Zergatik aritzen zara arlo horretan?

Txikitatik erakarri ninduen gauzak sortzeak. Denborak aurrera egin ahala, ulertu nuen materialen zientziak baduela zerbait oso boteretsua: oinarrizkoa aplikatutakoarekin lotzeko gaitasuna. Gaur egun, nire helburua da arazo erreal bat hartu (adibidez, hondakin plastikoak) eta soluzio egiaztagarri bihurtzea. Arazotik soluziorako trantsizio hori dut oso atsegin.

Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?

Izan ditudan mentore batzuek nire karrerako une garrantzitsuak markatu dituzte, baina, halaber, inspiratu egin naute, beren lanarekin, historikoki guretzat ez ziren esparruetan bideak zabal daitezkeela erakutsi duten emakumezko zientzialari askok. Pertsona batek baino, ereduen sare batek bultzatu nau jarraitzera.

Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?

Gustatuko litzaidake hondakinak arazo gisa ikusteari uztea, eta aukera gisa ikusten hastea. Materialak modu efizientean eta eskalagarrian birziklatzeko eta berrerabiltzeko aukera ematen duten teknologiak garatzea lortzen badugu, erabat aldatuko dugu sortzeko eta kontsumitzeko dugun modua. Aldaketa mota hori bultzatzen lagundu nahi nuke.

Zein aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?

Utz diezaiola bere buruari kuriosoa eta ekina izaten. Ikerketa ez da bide lineal bat; ziurgabetasun uneak daude, zalantza uneak eta entsegu-errore uneak. Baina, aldi berean, sortzeko, ikasteko eta inpaktua sortzeko eremua ere bada. Oso garrantzitsua da mentore onak bilatzea, inspiratzen duten pertsonez inguratzea, eta prozesuan bertan konfiantza izatea, horrek aldea markatzen baitu.


Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko ekainaren 6an: Cecilia Daniela Treviño Quintanilla: «Busco transformar residuos en nuevos materiales con valor».

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.


Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.