Artsenikoa erauzteko bide berria

Itziar Galarreta, Iñigo Lozano eta Idoia Ruiz de Larramendi

Historian zehar erabilitako pozoirik ospetsuena dugu artsenikoa. Metaloide edo erdimetal moduan sailkatutako dago eta metal eta ez metalen arteko propietate kimikoak ditu. Ingurumenean naturalki zein eragin antropogenikoen bidez aurkitzen da hurrengo lau oxidazio egoera desberdinetan: artseniko elementala edo artseniko metala [As(0)], artsanoa [As(-III)], artsenitoa [As(III)] eta artseniatoak [As(V)]. Urteetan zehar gauza askotarako erabili bada ere, duen izaera toxikoaren ondorioz gaur egungo erabilerak geroz eta urriagoak dira.

Irudia: Arnasketa bidezko kutsapena posible bada ere, azal zein beste bidezko kontaktua da artseniko kontaminazioaren iturri nagusia.

Oraindik uztak intsektuen kontrako plagizida bezala erabiltzen da. Horren ondorioz, artsenikodun produktuekin landu izan diren elikagaiak kutsatu eta lixibiazio bidez lurzoruan barne sartzen da. Lurzoruan beste ioiekin elkartu edo lur barneko urekin nahasten da espezie berriak sortuz. Honek gizaki eta sistema ekologikoen artsenikoarekiko esposizio zuzena sortzen du, biak egoera larrian jarriz. Gizakion kasuan, artsenikoz kutsatutako ura erabiltzea da metaloide honek sortzen dituen gaixotasun anitzen (neuropatia periferikoa, anemia, gibel eta giltzurrun disfuntzioa, azal pigmentazioa, gaixotasun kardiobaskularra…) arduraduna, batzuetan heriotza ere suertatzen duena. Honen adierazle artsenikoak duen dosi hilgarria (LD50) da: 1 – 4 mg/kg. Munduko Osasun Erakundeak artsenikoaren kontsumoak dituen eraginak ikusita, ur edangarrirako gidalerrotzat gehienezko 10ug/L-ko artseniko kontzentrazioa proposatu zuen 2010ean.

Hori dela eta, artsenikoa modu eraginkorrean erauziko duen metodo berria aurkitzea ingurumen ikertzaile askorentzako erronka bihurtu da. Gaur egun, disoluzioan dagoen artsenikoa erauzteko metodo asko daude: prezipitazioa, oxidazioa, mintz bidezko bereizketa prozesuak, gainazaleko konplexazioa edo adsortzio selektiboa. Metodo hauen artean batzuk oso eraginkorrak dira, baina behar duten energia kontsumo handiak teknikak baztertzea eragiten du. Beste batzuk ordea, adsorbatzaile nanometrikoak kasu, ingurumen erremediaziorako propietate kimiko eta fisiko egokienak dituzte.

Sistema hauen diseinu malgutasunak material berriak sortzeko aukera eskaintzen du. Adsorbatzaile honen bereizgarri nagusiak, dituen dimentsio eta gainazal/bolumen erlazio bereziak dira. Hauek, batik bat, nanosistemen eraginkortasuna hobetzen dute. Beste batzuen artean, nanometrikoak diren oxido metalikoak daude (NOM). Kasu honetan, ur kutsatuaren tratamenduetan magnetikoak diren sistemak azpimarratuko dira. Metalikoak diren nanopartikula hauek urarekin kontaktuan jartzean ura adsorbatzen dute eta, medio azidoetan, nanopartikulen gainazala positiboki kargatuta geratzen da. Hortaz, artsenikoz kutsatutako urak nanosistema hauekin kontaktuan jarri ondoren elkarrekintza elektrostatikoen bidez artseniato anioiak bereganatuko dituzte. Gero, iman indartsu baten eraginpean jarriko da sistema, artsenikoa erauztearren. Modu honetan, artsenikoz kutsatutako urak tratatzeko sistema sinple eta eraginkorra sortzen da.

Hau eginda “in situ” aplikatu daitekeen ingurumen tratamendua lortuko da. Sistema tradizionalekin alderatuz, teknologia eta sistema berri hauen agerpena ur tratamenduetarako bide berria sortzen ari da. Nahiz eta sistemen parametro asko hobetu behar diren, hobekuntza lanetan dagoen teknika honek etorkizun oparoa du. Izan ere, sistema tradizionalekin alderatuz, adsortzio gaitasun handiko sistema sinple, merke eta azkarra da.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 29
  • Artikuluaren izena: Nanoteknologia: artsenikoaren erauzketarako bide berria
  • Laburpena: Artsenikoarekiko esposizioak, nahiz eta kontzentrazio txikietan izan, osasunerako eta sistema ekologikoetarako oso kaltegarria da. Hori dela eta, artsenikoa modu eraginkorrean erauziko duen metodo berria aurkitzea ingurumen ikertzaile askorentzako erronka bihurtu da. Gaur egun, disoluzioan dagoen artsenikoa erauzteko metodo asko daude: prezipitazioa, oxidazioa, mintz bidezko bereizketa prozesuak, gainazaleko konplexazioa edo adsortzio selektiboa. Adsorbatzaile nanometrikoak dituzten propietate kimiko eta fisikoek ingurumen erremediaziorako materialik egokienak bihurtze dituzte. Lan honek artsenikoz kutsatutako uren tratamenduan erabiltzen diren nanoadsorbatzilei buruzko ezagutza handiagoa eskaintzea du helburu, nanoteknologia barneratzen duen ikerkuntzaren etorkizunaren inguruko ikuspegi berria emanez.
  • Egileak: Itziar Jalarreta, Iñigo Lozano eta Idoia Ruiz de Larramendi
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 87-105
  • DOI: 10.1387/ekaia.14572

—————————————————–
Egileaz: Itziar Galarreta, Iñigo Lozano eta Idoia Ruiz Larramendi UPV/EHUko Kimika Ez-organikoa Saileko ikertzaileak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>