Nanopartikulak erabiliz, garunean pilatzen diren beta-amiloide proteinen pilaketari aurre egitea lortu dute, proteina hauen garraioa berreskuratuz eta, ondorioz, ohiko garbiketa sistema berrezarriz.
Gero eta bizi esperantza handiagoa den honetan, ezaguna da horrek bueltan dakarren arazo handienetako bat: dementzien gorakada. Horien artean, alzheimerra bereziki zabalduta dago, eta gaitza hazten ari da gainera, gero eta zaharkituagoak diren populazioak eta diagnosiaren alorrean egindako aurrerapenak direla eta. 2020an egindako aurreikuspen baten arabera, 2050erako Europako Batasunean kasuak bikoiztuko dira, 7.8 milioi dementzia kasutatik 14.3 milioira igaroz.

Gaitzaren abiapuntua ondo ezagutzen da, eta mundu osoan zientzialariak ezagutza horretan abiatuta tratamenduen bila ari dira, gaixotasuna eragiten duten faktoreetan sakonduz. Beta-amiloide(Aβ) proteinek garrantzi handia dute alzheimerrean: garunean pilatzen dira, neuronen kalterako eta horien komunikazioa zailduz. Teorian modu fisiologikoan degradatu beharko lirateke beta-amiloideak, baina partikula horien pilaketak plakak sortzen ditu garunean. Bestetik, neuronen barruan dauden Tau proteinen narriadurak ere zeresan handia du gaitzan. Horiek zelulen garraio sisteman ezinbestekoak dira, baina gaizki tolesten direnean korapilo neurofibrilarrak sortzen dituzte, neuronen barneko garraioa blokeatuz eta neuronen heriotza azkartuz. Bi arazo horiek batera gertatzen direnean, bereziki oroimenen eta emozioen zirkuituak kaltetzen dira, dementzia progresiboa eraginez.
Bi faktore horietako batean aurrerapauso bat iragarri du zientzialari talde batek. Medikuntzaren alorreko aurkikuntza oro bezala, zuhurtziaz hartu behar da kontua, momentuz animalia ereduan baino ez baita probatu hemen jorratutakoa, baina Signal Transduction and Targeted Therapy aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean, IBEC Kataluniako Bioingeniaritza Institutuko eta Txinako Sichuango Unibertsitateko West Ospitaleko zientzialariek iragarri dute lortu dutela gaixotasunak arratoietan atzera egitea.
Garunean dagoen hesi hematoentzefalikoa izan dute jomugan. Hesi horrek toxina eta patogenoen aurrean babes bezala balio du. Hesi hematoentzefalikoak gaizki funtzionatzen duenean, ordea, garuna garbitzeko sistema bertan behera geratzen da, eta, horren ondorioz, beta-amiloideak metatzen hasten dira. Ikusi dugunez, hori da, hain zuzen, alzheimerraren arrazoietako bat.
Irtenbide bila, beta-amiloidearen kopuru handia ekoizteko eta narriadura kognitiboa garatzeko genetikoki eraldatutako arratoietan egin dituzte laborategi entseguak, eta nanopartikulak erabili dituzte hesi hematoentzefalikora iristeko. Alde handia dago medikuntzan erabili ohi diren beste nanopartikulekin. Izan ere, orain arte halakoak erabili izan dira botikak garraiatzeko, baina oraingoan nanopartikula hauek berez botika baten funtzioa bete izan dute. Zientzialariak gai izan dira lortzeko nanopartikula hauek ahalbidetu dezatela zabor proteinak igaro ahal izatera odol fluxura, horiek desagerraraziz.

Kontua da LRP1 izeneko proteinak beta-amiloideak eramaten dituela hesi hematoentzefalikotik, horiek kendu aldera. Baina prozesu hori ondo egi behar da: proteina gehiegi lotzen bada, edo seinalea ahulegia baldin bada, prozesuak ez du ondo funtzionatuko, eta beta-amiloideak garunean pilatuko dira ezinbestean. Bada, botika gisa sortutako molekulek LRP1 proteinak sortzen dituen loturak imitatzen dituzte, beta-amiloideen garraioa berreskuratuz eta, ondorioz, ohiko garbiketa sistema berrezarriz.
Nola prestatu dituzte nanopartikula hauek? Diotenez, ingeniaritza molekularreko estrategia batez baliatu dira molekulen azaletako estekatzaileak zein molekulen tamaina zehatza lortzeko.
Erabili dituzten hauek partikula bioaktibo edo supramolekular bezala ezagutzen dira, adituen artean. Jomuga ere desberdina da izan da oraingoan, neuronetara bideratu beharrean, hesi hematoentzefalikora bidali dituztelako. Hesi hori konpontzean, garuneko sistema baskularraren oreka berrezartzea lortu dutela aldarrikatu dute. Hala, nanopartikula hauek botika baten funtzioa bete dute garunean. “Badirudi berrelikadura mekanismo bat aktibatzen dutela, [beta-amiloideak] ezabatzeko bidea normalizatuz”, adierazi dute zientzialariek.
Lehen injekzioa eta ordubetera garunaren barruan beta-amiloideak % 50-60 gutxitzea lortu dute. Zientzialarien arabera, hiru dosi nahikoak izan dira emaitza “nabarmenak” lortzeko. Epe luzerako onurak ere egiaztatzeko moduan egon dira. Kasurako, hamabi hilabeteko arratoi bati tratamendua eman diote —gizaki baten adinarekin alderatuta, 60 urte izango zituen—, eta handik sei hilabetera —90 bat urteren parekoa, gizaki baten adinean— berriro aztertu dute. Diotenez, haren portaeran ez dute aldetik aurkitu beste ezein arratoi osasuntsurekin alderatuta.
Epe luzerako ikusi duten onerako efektu hau garunaren sistema baskularraren berreskurapenari egotzi diote. “Jauzi baten modura funtzionatzen duela uste dugu”, argitu du Giuseppe Battaglia egile nagusiak. “Baskularizazioak bere funtzioa berreskuratzen duenean, Aβ eta beste hainbat molekula kaltegarri ezabatzen hasten da, sistemak berriz oreka lortzen duelarik”. Egileek espero dute irekitako estrategia hau baliagarria izango dela esku-hartze klinikoak abiatzeko.
Erreferentzia bibliografikoa:
Chen, Junyang; Xiang, Pan; Duro-Castano, Aroa; Cai, Huawei; Guo, Bin; Liu, Xiqin; Yu, Yifan; Lui, Su; Luo, Kui; Ke, Bowen; Ruiz-Pérez, Lorena; Gong, Qiyong; Tian, Xiaohe; Battaglia, Giuseppe (2025).
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.