Gure lehengusuak Ameriketara joan zirenekoa

Zientziaren historia

Orain dela 40 eta 25 milioi urte artean, kontinenteen forma beste bat zenenean, Afrikan bizi zen tximino talde bat Ameriketara iritsi zen, itsasoa zeharkatuz zuhaitz baten edo beste zerbaiten gainean flotatuta. Haiek dira gaur egun Amerikan bizi diren tximino guztien arbasoak, Mundu Berriko tximinoak. Garai hartan sudurzuloak alborantz zituzten platirrinoak eta sudurzuloak beherantz dituzten katarrinoak bereizi ziren, ziurrenik Afrikan, eta bi taldeak tarte batez elkarrekin bizi izan ziren. Baina sudur laua duten gure lehengusuak nola iritsi ziren Amerikaraino ulertzeko, plaken tektonikaren mugimenduak kontuan hartu behar ditugu.

Litosfera, plaka izeneko eremuetan zatituta dagoena, astenosferaren gainean flotatzen dago. Plakak mugitzen direnez, elkarrengandik urrundu edo talka egiten, kontinenteak etengabe mugitu dira. Hego Amerika eta Afrika elkartuta egon ziren Gondwana izeneko kontinentean, eta orain dela 130 milioi urte inguru banatzen hasi ziren, Atlantikoa sortuz. Ehun milioi urte beranduago, Atlantikoa gaur egun baino askoz estuagoa zen, klima beroagoa, eta uharte gehiago zeuden; horrek aukera eman zuen zuhaitz eroritako “baltsa” naturalek tximinoak Afrika-tik Ameriketaraino eramateko. Zaila da, baina ez ezinezkoa, eta fosilek diote behin baino gehiagotan gertatu zela, eta ez soilik primateekin.

“Gure arbasoak” Ikusgela hezkuntza proiektuaren bideo-sorta bat da. Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen ikus-entzunezko egitasmoa da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaborazioa izan du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.