Elisa Bachofen, karrera teknikoetan emakumeak sartzeko bidea ireki zuen Argentinako eta Hego Amerikako lehen ingeniari zibila

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Hogeita hamar urte baino gehiago eman zituen bide obrak diseinatzen, eta zubien eraikuntzaren alorrean alderdi teknikoak gainditu zituen. 27 urte zituela, Elisa Bachofen (1891-1976) Argentinako eta Hego Amerikako ingeniari zibil gisa graduatzen lehen emakumea izan zen. Horri esker, bide egin zien beste profesional batzuei, eta karrera teknikoak ikasteko bere urratsak jarraitzera bultzatu zituen. Halaber, asmatzailea eta eskubide feministen aldeko militantea izan zen, bereziki hezkuntzarako sarbideari lotuta.

1. irudia: Elisa Bachofen. (Argazkia: Mujeres con Ciencia).

Elisa Buenos Airesen jaio zen 1891ko maiatzaren 2an. Bere aita ingeniari suitzarra zen, eta Londresetik Hego Amerikako hiri horretara Alpargatas ehun fabrikarako makinak eramateko kontratatu zuten.

Familiaren eraginez, eta txikitatik edozein motako makinekiko zaletasunak bultzatuta, Ingeniaritza Zibileko karreran izena eman zuen, Buenos Airesko Unibertsitateko Zientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Fakultatean, eta bertan lortu zuen bere titulua 1918an. Bere graduko tesian kotoi-fabriketan iruteko makina bat proposatu zuen, Argentinako Chaco probintzian, zehazki.

1919an zubien proiektugile lanetan aritu zen Zubi eta Bideen Zuzendaritzan, eta hala jarraitu zuen 1932ra arte. Hurrengo urtean, Bideen Zuzendaritza Nazionala sortu ostean, arloa antolatu eta Bide Lanen Zuzendaritzako buru izan zen hogei urtez.

Heziketa teknikoa emakume ororentzat

Bachofenek emakumezkoen heziketa teknikoa ahalbidetzeko ekimen desberdinak sustatu zituen, etxean eskura zitezkeenak baino ezagutza zabalagoetarako sarbidea izan zezaten.

“Patria y Hogar” Argentinako Damen Elkartearen esparruan Emakumeen Kontseilu Nazionaleko Liburutegian eman zituen ikastaroen gaiak honako hauek ziren, besteak beste: etxeko esparruari aplikatutako elektrizitatearen, eta automobilentzako mekanika eta motorren oinarrizko kontzeptuak. Bere helburua emakumeen bokazio zientifiko-teknikoa piztea zen, beren ohiko zaintzaile rola alde batera utzi gabe, eta diskurtso hori iraultzailea izan zen garai hartan.

Halaber, familiaren ibilbideak Elisaren ahizpari, Estherri, bidea erraztu zion, eta, horri esker, 1922an Argentinan ingeniari titulua eskuratzen laugarren emakumea izan zen.

Argentinan emakumeen kasuan unibertsitaterako sarbidea debekatuta ez zegoen arren, “neskentzako” karrerak zeuden, eta prestakuntza teknikoak gizonezkoei mugatuta egon ohi zeuden.

Munduaren amaieraren asmatzailea

Bere grina ez zen soilik ingeniaritzara, bideen obretara eta militantzia feministara mugatu; asmatzaile nabarmena ere izan zen, eta lau tresna patentatu zituen. 1924 eta 1930 bitartean patentatu zituen “kotoimetro” bat (kotoia sailkatzeko ekipoa), lurreko bideak hobetzeko metodo eta ekipo bat, eta bideetako irregulartasunak erregistratzeko gailu bat.

1943an Stella Genovese arkitektoarekin batera arrisku sismikoko tokietan eskola seguruak eraikitzeko proiektu bat egin zuen. Proposamena San Juan probintziako hogeita bost eraikinetan aplikatu zen, Argentinako mendikate aurreko arrisku telurikoa duen eremu batean.

Hala ere, beren lana Arkitekturako V. Erakustoki Nazionalean baztertu zuten, interes arkitektoniko txikia zuelakoan. 1944an lurrikara handi batek hiriko eraikinen % 80 suntsitu zuen, baina Elisa eta Stellak diseinatutako eraikinek zutik iraun zuten.

Horri esker, biek sari bat lortu zuten 1947an, Arkitekto Panamerikarren VI. Biltzarrean.

Asmatzaile gisa izandako ibilbideari esker Asmatzaileen Elkartearen Batzorde Teknikoko presidente izan zen 1938 eta 1943 bitartean. Garai hartan Asmatzailearen Gida egin zuen, beste pertsona batzuei laguntza emateko asmakizunak diseinatu eta patentatzeko orduan.

Militantzia feminista eta omenaldiak

1918an Batasun Feminista Nazionaleko kide sortzaile izan zen, eta elkarte hori izan zen, hain zuzen ere, Argentinan emakumeen eskubideen alde borrokatu zen erakunde nagusietako bat politikan, hezkuntzan eta bizitza publikoan sartu ahal izateko.

2. irudia: Elisa Beatriz Bachofenen omenezko monumentua; Resistencia, Chaco, Argentina. (Argazkia: Mujeres con Ciencia)

Estatuko erakundeetan egindako ibilbideaz gain, Liburutegi Zientifiko eta Teknikoen Argentinako Elkarteko buru zein Negozio Emakumeen eta Emakume Profesionalen Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide izan zen, eta kudeaketa pribatuko enpresa ugariri aholkularitza eman zien.

Sariak, ohorezko diplomak eta zilarrezko eta urrezko dominak jaso zituen, eta hitzaldiak eman zituen Europan, Estatu Batuetan, Israelen eta Brasilen.

1955ean, kolpe militarraren ostean, Argentinatik alde egitea erabaki zuen. Estatu Batuetara joan zen, eta bertan bere proiektuak garatzen jarraitu zuen.

Aurrerago Argentinara bueltatu zen, eta zeregin nabarmena izan zuen Informazioaren Zientzien arloan, erakunde tekniko nabarmenen zuzendaritzaren ardura bere gain hartu zuen, hala nola Industria Teknologiako Institutu Nazionalaren Ikerketa Dokumentaleko Zentroan (INTI) eta Ikerketa Zientifiko eta Teknikoen Kontseilu Nazionalaren Dokumentazio Zientifikoaren Zentroko Sailkapen Hamartar Unibertsalaren Batzorde Nazionalean (CONICET).

Buenos Airesen zendu zen 1976ko azaroaren 19an.

2018an, bere graduazioaren mendemugan, Buenos Airesko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak “Elisa Bachofen” Emakume Ingeniarien Lehenengo Jardunaldia antolatu zuen, eta, geroztik, urtero egin da. Gaur egun kale jakin batzuei eta tunelak eraikitzeko makina bati bere izena jarri diote.

2021az geroztik bere omenez ÑuSat Argentinako nanosateliteetako bati bere izena jarri zioten, eta Aleph-1 merkataritza-konstelazioaren parte da.

Iturriak:


Egileaz:

Analía Boggia Komunikazio Sozialean lizentziaduna, kazetaria, irakaslea eta dibulgatzailea da. Egun, Ikerketa Zientifikoko Komunikazio Sozialari buruzko Master ofiziala egiten ari da Valentziako Nazioarteko Unibertsitatean.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025ko maiatzaren 8an: Elisa Bachofen, primera ingeniera civil argentina y sudamericana que abrió caminos para incluir mujeres en carreras técnicas

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.