Claudia Prieto: «Nahi nuke gure ikerketek erresonantzia magnetiko aurreraturako sarbidearen oztopoak murrizten lagun dezatela»

Ikertzen dut

Claudia Prieto doktorea ingeniari zibil industriala da, aipamen elektrikoarekin (Txileko Pontificia Universidad Católica unibertsitatea, UC); masterra eta doktoregoa erakunde horretan bertan eskuratu zituen 2007an, eta doktorego ondoko egonaldi bat egin zuen Londresko King’s College-en, non irakasle titular izatera iritsi zen 2020an. Egun, irakasle titularra da UCko Ingeniaritza Elektrikoko Sailean, bai eta UCko Ingeniaritza Eskolako ikerketa eta berrikuntzako zuzendaria eta Osasunerako Ingeniaritza eta Adimen Artifizialeko Milenio Institutuko (iHEALTH) zuzendaria ere, non irudietan oinarritutako arreta medikoa hobetzeko teknologia berritzaileen garapena zuzentzen duen.

Prieto doktoreak bihotzeko miaketen denbora nabarmen murrizten duten erresonantzia magnetikoko teknologia aurreratuak garatu ditu; eta, horri esker, pazientearen erosotasuna eta diagnostikoaren efizientzia hobetzea lortu da. Doktorearen lana nazioartean aitortu dute: 2024an, “ISMRM Fellowship” sari prestigiotsua jaso zuen, International Society for Magnetic Resonance in Medicine erakundearen eskutik; 2025ean, Society for Cardiovascular Magnetic Resonance sozietatearen SCMR nazioarteko konferentziako programako buru izan zen; eta, 2025ean , “Berritzaileak Osasunean” ikerketa kategoriako saria jaso zuen Txileko Berrikuntza Farmazeutikoko eta Emakume Enpresarien Ganberaren eskutik.

Irudia: Claudia Prieto. (Argazkia: ikertzaileak emandako irudia).

Zein da zure ikerketa arloa?

Nire ikerketa adimen artifizialean (AA) oinarritutako soluzioen eta irudi medikoen teknika berrien garapenean zentratzen da, hauek barne hartuta: irudien fisika, irudien berreraikuntza, mugimenduaren zuzenketa (alderantzizko problemak) eta horien aplikazio klinikoa. Bereziki, erresonantzia magnetikoko (MRI, ingelesezko siglengatik) teknologia multiparametriko kuantitatiboen garapenean espezializatuta nago. Horien xedea da gaixotasun kardiobaskular eta metabolikoen diagnostiko zehatzagoak, integralagoak eta egokiagoak eskuratzea. Gure ikerketaren helburu nagusia da fisika eta AA integratzen dituzten soluzio berritzaileak sortzea, irudietan oinarritutako arreta medikoa hobetzeko, eta hori irisgarriago eta eskuragarriago bihurtzeko. Lan horri esker garatu dira bihotzeko eta abdomeneko bereizmen handiko erresonantzia magnetikorako metodoak eta askotariko kontrasteak eskuratze denbora murriztuta, eta lagundu egin du erresonantzia magnetikoko aztarna digitala (MRF) bezalako mapaketa kuantitatiboko tekniketan aurreratzen, zeinen xedea baita ehun miokardiko eta hepatikoaren karakterizazioa egitea.

Zergatik zabiltza arlo horretan?

Ikerketa arlo horretan nabil gizartean inpaktu zuzena izan dezaketen arazoen soluzioak diziplinarteko lanaren bidez aurkitzeko aukera oso erakargarria delako. Arlo horrek fisika, matematika, konputazio zientziak eta medikuntza konbinatzen ditu, eta, beraz, intelektualki oso estimulagarria da. Gainera, oraindik ebatzi gabeko erronka handiak daude esparru horretan; eta, beraz, motibazio iturri etengabea da.

Izan al duzu erreferenterik zure ibilbidean?

Zorte handia izan dut nire karreran zehar ikerketa arlo honekiko entusiasmo eta konpromiso irmoa transmititu didaten kideak aurkitu ditudalako. Horietako asko gako erreferenteak izan dira nire garapen profesionalaren etapa ezberdinetan.

Zer da zure alorrean deskubritu edo ebatzi nahi zenukeena?

Nire ekarpena egin nahi nuke diagnostiko zehatz, irisgarri eta egokiagoak lortzea ahalbidetuko duten irudi medikoko teknologien garapenean, bereziki baliabide mugatuko testuinguruetan. Nahi nuke gure ikerketek erresonantzia magnetiko aurreraturako sarbidearen oztopoak murrizten laguntzea, bai kostuari bai konplexutasunari dagokionez, tresna horiek mundu osoko paziente gehiagori hurbildu ahal izateko.

Zein aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?

Jakingura, pertseberantzia eta taldean lan egiteko gaitasuna lantzeko gomendatuko nieke. Ikerketa etengabe ikastea eskatzen duen bidea da, aukera ematen diguna helburu komunak dituen eta arrakasta handiak lortzen dituen komunitate bateko kide izateko. Funtsezkoa da, halaber, mentore onak bilatzea, inspiratzen zaituzten pertsonez inguratzea eta benetan norberaren grina pizten duten gaiak aukeratzea.


Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko abuztuaren 2an: “Claudia Prieto: «Aspiro a que nuestras investigaciones ayuden a reducir las barreras de acceso a la resonancia magnética avanzada»“.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.


Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.