Suzanne Corkin, memoriaren misterioak argitu zituen neurozientzialaria

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Suzanne Corkin (1937-2016) estatubatuarra batez ere ezaguna da giza memoriari buruz egin zuen lan aitzindariagatik. Alzheimerra, parkinsona eta amnesia zuten pazienteekin egindako ikerketen bidez, neurozientzialari honek ezagutza sakonak ekarri zituen gure oroitzeko (eta ahazteko) moduari buruz, eta memoriari eta asaldura kognitiboei buruz genuen ulermena goitik behera aldatu zuen. Neuropsikologiaren alorrean egin zituen ekarpenez gain, Corkin mentore inspiratzailea eta zientziaren esparruan emakumeek eta gutxiengoek parte hartzearen defendatzailea izan zen.

1. irudia: Suzanne Corkin. (Argazkia: Mujeres con Ciencia).

Suzanne Hammond Corkin 1937ko maiatzaren 18an jaio zen Hartforden (Connecticut, AEB), eta Mabelle eta Lester Hammonden alaba bakarra izan zen. Psikologia ikasi zuen Massachusettseko Smith Collegen eta graduondoko prestakuntzak Montrealgo (Kanada) McGill Unibertsitatera eraman zuen eta han doktoregoa egiten hasi zen Brenda Milner neuropsikologo ospetsuaren zuzendaritzapean.

Garai horretan, 1962an, Corkinek H.M. ezagutu zuen, eta paziente haren benetako izena (Henry Molaison) sekretupean mantendu zen 2008 hil egin zen arte. Garuneko kirurgia baten ondorioz amnesia edo memoriaren galera larria zuen gizon bat zen, eta Corkinen tesiaren gaia izan zen, Somesthetic function after focal cerebral damage (Garuneko foku-kaltearen osteko funtzio somestesikoa) izenekoa. Tesi horretan pazientearen ukipen-memoria esploratu zuen. Hasierako topaketa horrek hamarkadak iraungo zituen eta giza memoriaren ulermena goitik behera aldatuko zuen ikerketa-harreman baten oinarriak ezarriko zituen.

Karrera abangoardista memoriaren neurozientzian

Bere doktoregoa eskuratu ondoren, Corkin Hans-Lukas Teuber neuropsikologoaren laborategian sartu zen Massachusettseko Teknologia Institutuan (MIT, ingelesezko sigletan) 1964an. Hans-Lukas Teuber 1977an hil ostean, Suzannek laborategiko zuzendaritza bere gain hartu zuen, eta 1981ean irakasle postua lortu zuen unibertsitate horretan.

MITen bost hamarkada baino gehiagoz egon zen, eta Corkinek Portaeraren Neurozientziako Laborategia zuzendu zuen. Bere lana memoria-sistema espezifikoak, haren oinarri neurologikoak eta alzheimerra eta parkinsona bezalako gaixotasunetan dauzkan alterazioak argitzea izan zen. Paziente horietan ezagutza-defizitak ebaluatzeko jokabide-zereginak garatu zituen eta mundu-mailan aitzindaria izan zen giza neuroirudi metodoak erabiltzen, besteak beste erresonantzia magnetiko funtzionalaren bidezko irudia (zeregin zehatz bat egitean garuneko eskualde aktiboak erakusten dituen teknika), gaixotasun horiek garuneko memoria-sareetan nola eragiten zuten aztertzeko.

H.M.ren legatua

Corkinen ibilbide profesionalaren funtsezko oinarria H.M.ren ikerketa izan zen, eta hil arte ikertu zuen. Pazienteari bere epilepsia larria arintzeko 1953an egin zioten garuneko kirurgia batek amnesia sakona eragin zion, eta epe luzean oroitzapenak sortzeko ezinduta geratu zen. Hala ere, bere adimena eta beste gaitasun kognitibo batzuk berdin mantendu ziren. Hala, memoriari buruz ikertzeko ohiz kanpoko kasua izan zen. Corkinek 1962tik 2008ra arte ikertu zuen, eta bere burua aurkeztu behar izan zuen topo egiten zuten bakoitzean, H.M. ez zelako Corkinez gogoratzeko gai.

Corkinek H.M.rekin egin zuen ikerketak ezeztatu egin zuen memoria burmuin osoan zehar modu uniformean banatzen zela, eta frogatu egin zuen epe luzerako oroitzapenak ezartzeko gaitasuna lobulu tenporalen eremu zehatzetan zegoela, hipokanpoa barne.

Gainera, bere lanak memoria-sistema ugari zeudela erakutsi zuen. H.M.k gertakari berriak kontzienteki gogoratu ezin zituen arren, gaitasun motorreko zereginak ikasi eta horietan hobetu ahal zuen, hala nola ispilu batean izar bat marraztea, aurretik egin izanaren kontzientzia izan gabe. Horrek ezinbesteko bereizketa ezarri zuen memoria deklaratiboaren edo esplizituaren (kontzienteki gogoratu ahal diren gertakari guztiak aipatzen dituena, hala nola gertakari espezifikoak) eta memoria ez deklaratiboaren edo inplizituaren (memoria mota horri esker, aurretiazko esperientziek zeregin bat egiten laguntzen dute, esperientzia horiek bizi izanaren hautemate kontzientea izan barik) artean, eta frogatu zuen burmuineko bi erregio desberdinen menpe zeudela.

2. irudia: Permanent present tense liburuaren azala. (Argazkia: Mujeres con Ciencia).

Corkinen lana 150 ikerketa-artikulu baino gehiagotan eta hamar liburutan agertu zen. 2013an argitaratutako liburuan, Permanent Present Tense, H.M.ren historia dator zehatz-mehatz.

Mentore inspiratzailea eta emakumeek zientzian parte hartzearen defendatzailea

Suzanne Corkin ereduzko mentorea ere izan zen, zabal aitortua esparru zientifikoan emakumeei eta gutxiengoei emandako babesagatik. Bere mentoretzarako ikuspuntua errespetuan eta lankidetzan oinarritzen zen, eta bere ikasleak pareko gisa tratatzen zituen, haien adimen-independentzia sustatzeko. Bere taldea ikerketaren esparru guztietan sartzen zuen, dirulaguntzak eskatzetik laborategia kudeatzeraino, eta haien etorkizuneko karreretarako zorrotz prestatzen zituen.

Berdintasunarekin zuen konpromisoa agerikoa zen laborategian; izan ere, emakume eta gizon askok zeuden, eta Corkinek espektatiba berdinak zituen guztientzat, bereizketarik egin gabe. Emakume akademiko gisa izandako esperientziak eta erronkak partekatzen zituen, eta beren buruak defendatzera eta generoak haien aspirazio profesionalak ez mugatzera adoretzen zituen gainerako emakumeak. Kontziliazio familiarreko (senarra, bi seme eta alaba bat izan zituen) eta laboraleko eredua izan zen bere garairako, eta horrek aukera eman zion familiako deiei lan-bileretan erantzuteko. Horrez gain, MITen emakumezko irakasleen soldata-parekotasunaren aldekoa izan zen.

Suzanne Hammond Corkin gibeleko minbizia baten ondorioz hil zen 2016ko maiatzaren 24an, Danversen (Massachusetts), 79 urte zituela. Memoria eta garuneko funtzioen beste alderdi batzuk ezagutzeko konpromisoarekiko leial mantenduz, bere burmuina ikerketa xedeetarako erabil zezatela eskatu zuen.

Iturriak


Egileaz:

Edurne Gaston Estanga elikagaien zientzia eta teknologiako doktorea da. Gaur egun, zientzia eta teknologiaren ezagutza zabaltzea sustatzen duten erakundeen proiektuak kudeatzen ditu.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko ekainaren 152an: “Suzanne Corkin, la neurocientífica que desveló los misterios de la memoria“.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.