Inurri espezie batean egiaztatu dutenez, gaixotzen diren heldugabeek seinale kimiko bat isurtzen dute, eta modu honetan, praktikan, koloniari abisatzen diote osasun arriskua suposatzen dutela. Zaintzaileek akabatzen dituzte.
Mundu guztiz bitxia da inurriena. Are, beren eskalan jarrita, unibertso bitxia osatzen dutela esan genezake. Gehienetan arreta pizten ez duten izaki txikiak dira, baina, intsektu sozialak diren heinean, aspaldikoa da zientzialariek horien inguruan duten lilura, haien antolaketa ikertzean ondorio harrigarriak ateratzen dituztelako sarritan.

Kasurako, gaitzen inguruan duten portaera. Animalia sozial espezie batzuek nahita ezkutatzen dute gaixo daudela, modu horretan bazterketa soziala saihestu nahi dutelako. Baina hau ez da inurrien kasua. Are, kontrako portaera erakusten dute: gaixorik dauden inurriek inurritegia uzten dute, eta, modu horretan, saihesten da gaitzaren zabalpenerako edozein arrisku.
Inurri helduek egiten dute hori, baina, orain, Nature Communications aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean iragarri dutenez, portaera honen beste aldaera bat aurkitu dute. Zientzialariek aurkitu dute inurri heldugabeetan ere horrelakorik gertatzen dela, modu pasiboagoan bada ere. Ikertzaileek ikusi dute inurri langile heldugabeek seinale kimiko bat sortzen dutela gaixo daudenean; seinale horrek inurritegian heldugabeak zaintzen dituzten inurrietan eragina du, oso amaiera lazgarri batekin: zaintzaileek inurri kume gaixoak akabatzen dituzte. Momentuz, ikertzaileek espezie bakar batean aurkitu dute portaera bitxi hau.
Aurretik ezagutzen zen inurri langile helduek gaixo dauden pupak identifikatzen dituztela, eta, behin atzemanda, suntsitzen dituztela, inurritegia desinfektatu aldera. Hau jakinda ere, ikertzaileek ez zuten garbi prozesu hori modu aktiboan abiatzen duten larbek, edo prozesu pasibo baten ondorio ote den.
Aintzat hartu beharra dago heldugabe horiek oraindik ez dutela mugikortasunik, kapulu batean pupa gisa kapsulatuta daudelako, larbaren eta helduaren arteko trantsizioan. Hortaz, ezin dute inurritegitik alde egin, helduek egingo luketen bezala. Ikerketa hau aurrera eramateko, zientzialariek Lasius neglectus espezieko inurriak Metarhizium brunneum patogeno fungikoarekin infektatu dituzte, eta, ondoren, bai bakarka zein modu kolektiboan izaten duten portaera aztertu dute, aipatutako fenomenoa aurkituz. Ondorioztatu dute portaerak kolonia osoari mesede egiten diola, infekzioak saihesteko aukera ematen duelako.
ISTA Austriako Zientzia eta Teknologia Institutuko ikertzaileak konturatu direnez, funtsean, gaixotzen diren pupek beren usaina aldatzen dute, seinale kimiko bat isuriz. Hau ikustean, pentsa daiteke usain berezi hori gaixotasunaren ondorioa besterik ez dela, baina zientzialariek egiaztatu dute hau ez dela hala. Ikusi dutenez, larbek langile helduen aurrean daudenean baino ez dute sortu seinale kimikoa, eta horregatik uste dute seinalea ez dela infekzioaren produktu soila.
Ideia hau berresteko, esperimentazioari ekin diote: ikertzaileek pupa osasuntsuetan seinale kimikoa ezarri dute, eta, horren ondorioz, langile helduek pupak suntsitu dituzte, substantzia kimikoak efektu hori eragiteko seinale gisa duen funtzioa berretsiz.

Seinalearen berri izaten dutenean, inurri langileek kapulutik erauzten dute pupa, eta azido formikoa sartzen diote. Tratamendu honek patogenoak akabatzen ditu, baina baita pupa bera ere. Modu honetan, prezisio askorekin mozten dituzte gaitz infekziosoak zabaltzeko arriskuak. Hau soilik egiten dute gaitzak atzera bueltarik ez duenean eta, beraz, pupak hiltzear daudenean.
Analisi kimikoa egin dutenean, konturatu dira seinalea ez dela konposatu lurrunkorretan oinarritzen, puparen gorputzean bertan dauden konposatu ez lurrunkorretan baizik. Horrek bidea ematen du pupa bakoitza banan-banan bereizteko, gaitz hilgarria duena identifikatuz.
Ikertzaileak sinetsita daude seinale horren isurketa altruismo forma bat dela, gaixo dauden pupak hiltzen baitira, kolonia osoaren mesederako. Altruismo hau azaldu du Erika Dawson ikertzaileak. Dioenez, gaitzaren zabalpena saihestean, gaixotutako pupak koloniaren biziraupenean zein ondorengoak izateko aukeran laguntzen du, zeharka bere lerro genetikoa ziurtatuz.
Hau ohiko kontua da superorganismoetan; kasu honetan, kolonia bereko inurriak batera aritzen dira, guztien onerako. Banakako animaliek duten immunitate sistemarekin parekatu dute koloniako kideen jarduna. Izan ere, animalien organismoetan ere antzeko zerbait gertatzen da, infektatutako zelulek zenbait molekula askatzen dituztelako, sistema immunitarioa gaitz horren berri izan eta, ondorioz, zelula horiek akabatu ditzan.
Doitasun handiko mekanismoa da hau. Izan ere, seinale kimikoa oso zehatza izan behar da: nahikoa indartsua kasu hilgarri guztien berri emateko, baina ez horrenbestekoa osasunean onera bueltatzeko gai diren pupak arriskuan jartzeko. Hala, seinalea soilik agertzen da infekzioa kontroletik kanpo dagoenean. Horrela, oraindik berreskuratu daitezkeen inurriak akabatu behar izan gabe komunitatea osoa babesten dute langileek.
Erreferentzia bibliografikoa:
Dawson, Erika H.; Hoenigsberger, Michaela; Kampleitner, Niklas: Grasse, Anna V.; Lindorfer, Lukas; Robb, Jennifer; Beikzadeh, Farnaz; Strahodinsky, Florian; Leitner, Hanna; Rajendran, Harikrishnan; Schmitt, Thomas; Cremer, Sylvia (2025. Altruistic disease signalling in ant colonies. Nature communications, 16, 10511. DOI: 10.1038/s41467-025-66175-z
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.