Zer organo birsortu daitezke giza gorputzean?

Gazte-galderak

“Gazte-galderak” egitasmoak DBHko ikasleen zalantzak, galderak eta zientzia ikusminari erantzutea du helburu. EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta The Conversation plataformaren ekimena da eta zientzialari adituen dibulgazio-artikuluen bidez ematen diote erantzuna gazteen jakin-minari.

Gasteizko IES Miguel de Unamuno BHIko 2. DBHko ikasleen galdera: Zer organo birsortu daitezke giza gorputzean?

Egunero, gure gorputzeko milioika zelula hiltzen dira. Baina ez kezkatu, ziklo biologikoaren parte da: birsortze izeneko prozesuak ordezko zelulen hornidura etengabea bermatzen digu, ehun eta organo guztiak baldintza optimoetan egon daitezen. Gainera, ehunen batean zauri, gaixotasun edo lesioren bat badago, mekanismo hori aktibatzen da kalteak “konpontzeko”.

Erraza dirudien arren, benetan konplexua da.

organo
Irudia: birsortze izeneko prozesuak ordezko zelulen hornidura etengabea bermatzen digu, ehun eta organo guztiak baldintza optimoetan egon daitezen(Argazkia: Karolina Grabowska www.kaboompics.com – Pexles lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Birsortzeko bi modu

Ehun bat ordezten denean jatorrizko zelulekiko zelula berdin-berdinekin, birsortzea gertatu dela esango dugu; eta bi modutan gerta daiteke:

  • Zelula diferentziatuen —hau da, espezializatuak, hala nola gibeleko zelula bat— mitosi eta zitozinesi bidezko zatiketaren bitartez, zelula zaharrak edo kaltetuak ordezkatzeko.
  • Zelula ama helduen ekintzari esker. Zelula horiek “komodin” moduko bat dira; ez daude guztiz espezializatuta eta zatitzeko gaitasuna mantentzen dute organismoaren bizitza osoan. Beren zelula “alaba” batzuk zelula mota zehatz bat bihurtzen diren bitartean, beste batzuk autoberritzeari ekiten diote.

Eta, zer gertatzen da ehun bat ezin bada erabat birsortu? Gorputzak orbain bat sortzen du, nagusiki kolageno zuntzez osatua; izan ere, hori da proteina ugariena organismoan. Hori gertatzen da lesioa zabalegia denean edo ehunak birsortzeko ahalmen mugatua duenean. Orbainak itxi eta babestu egiten du eremu kaltetua, baina jatorrizko egitura ez da berriz erabat osatzen.

Organo bakoitza bere kasa

Giza gorputzeko zenbait organok eta ehunek birsortzeko gaitasuna dute, baina bakoitzak erritmo batera eta efikazia maila batekin egiten du lan hori, faktore hauen arabera: beren zelula diferentzialek zatitzeko gaitasuna duten, zelula amen menpe dauden edo bi estrategiak uztartzen dituzten.

Adibidez, gibeleko zelulek beren kabuz bikoizteko gaitasuna dute. Horri esker, organo hori erabat birsortu daiteke… baita bere masaren bi heren erauzten baditugu ere! Pankrearen kasua ere antzekoa da; izan ere, intsulina (odolean azukre-mailak erregulatzen dituen hormona) ekoizten duten zelulen populazioa zatitze hutsez zabaldu eta berritu daiteke.

Beste ehun batzuetan, autoberritzeko gaitasuna ugaldu eta diferentziatzen diren zelula ama helduak egotearen menpekoa da. Azalari dagokionez, kanpoko geruza, epidermisa, gutxi gorabehera hilero berritzen da, geruza sakonenean dauden zelula amei esker. Horien ondorengoak gainazalerantz igotzen dira, eta diferentziatu egiten dira aurrera egin ahala; horri esker, zauriak azkar eta arrastorik utzi gabe orbaintzen dira.

Sudurraren, belarrien eta begien kasua bitxia da oso, organo konplexuak baitira. Horietan, zentzumen-zelulak arduratzen dira kanpoko seinaleak hartu eta nerbio-sistemara transferitzeaz, baina ez dute birsortzeko gaitasunik.

Hori horrela, usaimenaren zentzumen-zelulak, neurona hutsak, hilabetez edo bi hilabetez besterik ez dira bizitzen, eta etengabe berritzen dira zelula amei esker. Aitzitik, belarrietako zelula ziliatuek eta begietako zelula fotorrezeptoreek bizitza osoan iraun behar dute. Gaixotasun baten, substantzia toxikoekiko esposizioaren, gehiegizko zarataren edo, adibidez, gaizki bideratutako laser izpi baten ondorioz suntsitzen badira, ez dira birsortuko. Horrenbestez, entzumen edo ikusmen galera itzulezina da.

Gainerako guztiak sortzen dituen zelula ama bat

Odola ere zelula amek sustaturiko birsortzearen kasu bitxia da. Izan ere, odol-zelulen mota guztiak —eritrozitoak edo globulu gorriak, linfozitoak, granulozitoak eta makrofagoak— zelula ama komun bakar batetik datoz. Helduetan, enbor-zelula horiek, hematopoietiko izenekoak, hezur-muin gorrian daude nagusiki. Globulu gorriak, adibidez, 120 egunean behin ordezten dira.

Eta aipatzekoa da, halaber, heste meharraren estaldura edo epitelioa. Bere zelula amak ugaldu eta diferentziatu egiten dira existitzen diren zelula epitelialen lau motetan, organismoko beste edozein ehunetan baino abiadura handiagoan: egun gutxi batzuk besterik ez du behar azidoek eta digestio-entzimek kaltetutako epitelioa birsortzeko.

Eta denbora luzez pentsatu bazuten ere ugaztun helduen nerbio-sistema zentralak ez zuela zelula amarik eta beren autokonponketarako gaitasuna oso mugatua zela, egun badakigu badaudela neuronak eta zelula glialak sortzeko gai diren zelula amak. Garunaren eremu jakin batzuetan neurona berriak etengabe sortzen dira, hiltzen direnak ordezteko.

Zer gertatzen da beste ehun eta organo batzuetan?

Orain arreta jarriko dugu muskuluen birsortzean, ezaugarri bereziak baitituzte. Muskulu eskeletikoko (hari esker mugi gaitezke) zuntz bakoitza zelula askoren elkarketak osatzen du (sintzitioa). Garatu bitartean, mioblastoak —muskuluaren zelula aitzindariak— biderkatu eta fusionatu egiten dira zuntz horiek osatzeko. Eta, fusionatu ondoren, ezin dira zatitu.

Baina, zer gertatzen da muskulua kaltetzen denean? Orduan hasten da lanean “lo” dauden mioblastoen talde txiki bat; zelula sateliteena, alegia. Muskulua lesionatzen denean, zelula horiek aktibatu egiten dira: berriro zatitu eta fusionatzen dira zuntz kaltetuak ordezteko. Hala ere, kopuru mugatua dute, eta horrek markatzen du muskuluaren birsortzeko gaitasunaren muga.

Baina birsortzeko gaitasun horren salbuespen kasu bat dago: muskulu kardiakoa, ez baitu zelula sateliterik. Hori dela eta, infartu baten ostean ez da birsortzen; soilik konpon daiteke orbain bat sortuta.

Azkenik, fibroblastoen rola nabarmendu behar dugu. Ehun bat lesionatzean, zelula horiek biderkatu egiten dira, zaurira lekualdatzen dira eta kolageno kantitate handiak ekoizten dituzte, eremu kaltetua isolatzen eta konpontzen laguntzeko. Oso moldakorrak dira, eta gaitasun handia dute kondrozito (kartilagoa sortzen dutenak), osteozito (hezurren osagarriak), adipozito (gantz-zelulak) eta zelula muskular liso bihurtzeko. Oraindik ez dakigu oso ondo nola egiten duten hori guztia.

Birsortzea: gorputzak berreraikitzeko erabiltzen duen ezkutuko artea

Zelula guztiek genoma berbera duten arren, oso bestelakoak izan daitezke bata bestearekiko: giza gorputzean 200 mota baino gehiago daude. Zelulak antolatu eta ehunak eta organoak sortzen dituzte, eta, horiek guztiek batera, bizirik mantentzen gaituzten funtzioak gauzatzen dituzte.

Birsortzea prozesu biologiko txundigarria da, funtsezkoa: hari esker, organismoak osatu eta berritu egin daitezke, eta eguneroko narriadurari, lesioei eta gaixotasunei aurre egiteko funtzionatzen jarrai dezakete. Mekanismo horiek ulertzeak, zalantzarik gabe, agerian jartzen du giza gorputzaren aparteko gaitasuna. Baina, horrez gain, atea irekitzen dio gure ehunak konpondu, osatu eta eraldatzeko bide berriak imajinatzeari.

Birsortzeko botere hori naturak berak sortu du, baina, agian, deskubrimendu berriei esker, botere hori indartu ahalko dugu etorkizunean.


Egileaz:

Olatz Crende Arruabarrena EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Zelulen Biologia eta Histologia saileko ikertzailea da.


Artikulu hau The Conversation plataformako Júnior atalean irakur daiteke gaztelaniaz: ¿Qué órganos pueden regenerarse en el cuerpo humano? 12-16 urte bitarteko ikaslea bazara eta zientziaren inguruko galderarik izanez gero, bidali helbide honetara: tcesjunior@theconversation.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.