Victoria Cano-Sánchez: «Nire helburua da hizkuntzak garunean nola funtzionatzen duen hobeto ulertzen laguntzea»
Victoria Cano-Sánchez Hizkuntzalaritzan nazioarteko doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatearen eskutik (EHU). Gaur egun doktorego ondoko ikertzailea da Universitat de les Illes Balears (UIB) unibertsitatean, gaztelaniako irakaslea Palmako CIEE elkartean eta BASLA Linguistics eta Gogo Elebiduna/La Mente Bilingüe ikertaldeetako kidea ere bai. Nagusiki psikolinguistikaren eta zahartze kognitiboaren arteko intersekzioa aztertzen du, eta bereziki interesatzen zaio hizkuntza bizitzan zehar nola prozesatzen, mantentzen eta eraldatzen den. Une honetan Pedro Guijarrok zuzendutako Pérdida de lengua y estado final de adquisición proiektuan kolaboratzen du. Proiektu horrek hizkuntza galera eta hizkuntzaren egonkortzea aztertzen ditu elebitasun berantiarrean.
Ikertzaile gisa, Victoriak askotariko metodo estatistiko, jokabidezko eta esperimentalak garatu eta aplikatu ditu, begien mugimenduen erregistroa eta analisia barne, eta, berrikiago, baita elektroentzefalografia ere (EEG), bizitzan zehar hizkuntza prozesatzeko dugun modua aztertzeko. Biztanleria multzo desberdinekin lan egin du, gazteetatik hasi eta adineko helduetara, horien artean elebakarrak, elebidunak eta, berrikiago, herentzia bidezko hiztunak; horri esker, aztertu du adinak eta hizkuntza esperientziak nola eragiten duten esaldien ulermenean eta prozesamendu sintaktikoan. Age-Related Differences in Language Processing: Eye-Tracking Sentence Reading Patterns in Spanish izeneko bere doktorego tesiak (Mikel Santesteban eta Itziar Lakak zuzendua) oinarri sendoak ezarri ditu prozesamendu prediktiboa eta bizitzan zeharreko hizkuntzaren konkordantzia aztertzeko.
Victoriak diziplina anitzeko ibilbide akademikoa du: doktoregoaz gain, Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi zuen (Málagako Unibertsitatean), eta Itzulpengintzako, Hizkuntzen Irakaskuntzako eta Hizkuntzalaritza Teoriko eta Esperimentaleko masterrak egin zituen (Kordobako Unibertsitatean, Alacanteko Unibertsitatean eta EHUn, hurrenez hurren), bai eta musikako gradu profesionaleko ikasketa ofizialak ere. Agerian dago, beraz, etengabe ikasteko gogoa eta arlo desberdinetako ezagutzak barneratzeko gaitasun handia dituela.
Arduraldi osoan ikerketan aritu aurretik, irakasle gisa egin zuen lan Espainiako eta Frantziako bigarren hezkuntzako sistema publikoetan, VCS Traducciones sortu zuen eta itzultzaile autonomo gisa aritu zen zenbait erakunderentzat (adibidez, CSIC, FISABIO eta KONGSBERG MARITIME). Horrez gain, dibulgazio zientifikoa eta nazioarteko lankidetza sustatzen ditu; hain zuzen ere, ikerketa egonaldietan eta baterako proiektuetan parte hartu du hauekin: Nebrija Unibertsitatea eta Frankfurteko Goethe University unibertsitateak, eta Washingtongo Georgetown Universityko eta Universitat Oberta de Catalunyako ikertzaileak.

Zein da zure ikerketa arloa?
Nire arloa psikolinguistika da, hizkuntzalaritzaren eta psikologiaren artean dagoen diziplina bat, eta horren xedea da garunak hizkuntza nola prozesatzen duen ulertzea. Arlo horren barruan, duela gutxira arte ia arretarik jaso ez duen ikerketa ildo bat hartu dut ardatz: hizkuntzaren prozesamendua zahartze osasuntsuan. Tradizionalki, azterlanek erakutsi izan dute nola eskuratzen dugun hizkuntza haurtzarotik helduaro goiztiarrera bitartean (18-34 urtera arte, gutxi gorabehera); izan ere, uste zen, behin gure hizkuntza sistema ezarrita dagoenean, horrek egonkor jarraitzen duela eta ez duela aldaketa handirik izaten bizitzan zehar.
Alabaina, azken hamarkadako ikerketek erakutsi dute hori ez dela zehazki horrela. Zahartzen goazen heinean, osasuntsu egonda ere, aldaketak gertatzen dira maila biologiko, sentsitibo eta kognitiboan –hala nola gai griseko eremu batzuk murriztea, prozesatzeko abiadura jaistea edo memorian aldaketak egotea–. Horiek guztiek, halabeharrez, eragina dute hizkuntza prozesatzeko eta ulertzeko dugun moduan.
Nire lanaren ardatza da, hain zuzen, aztertzea zahartzeak berekin dakartzan aldaketa horiek nola eragiten dioten hitzak eta hizkuntza egiturak denbora errealean aurreratzeko eta ulertzeko gaitasunari. Prozesu horri predikzio linguistiko esaten zaio. Mekanismo hori oinarrizkoa da komunikazioan: esaldi bat entzuten dugunean (adibidez, “Iturrira noa ura…”) gure garunak ez du pasiboki itxaroten azken hitza entzun arte; horren ordez, espektatibak sortzen ditu. Ziurrenik “edatera” aditza aurreikusiko du, esaldi horretan ondoen datorrena delako, eta ez, adibidez, “jatera”. Era berean, “edatera” hori aurreikusten duenean, gure garuna aditz forma horixe jasotzeko prestatzen da, eta ez beste batzuk (adibidez, “edaten” edo “lotan”).
Adinean aurrera egin ahala aurreikusteko gaitasun hori nola aldatzen den aztertzeak aukera ematen digu hobeto ulertzeko hizkuntzaren aldaketak, bai eta hizkuntzaren oinarri diren mekanismo kognitiboak ere. Horrek balio handia du arlo zientifikoan nahiz sozialean, adinekoen ongizatea hobetzen lagundu baitezake, kontuan izanda biztanleriaren batez besteko adina eta bizi itxaropena gora egiten ari direla mundu osoan.
Zergatik aritzen zara arlo horretan?
Beti txunditu izan naute hizkuntzek. Nire familian esaten dute urtebeterekin asko eta oso argi hitz egiten nuela dagoeneko (ez neukan “trapuzko mihirik”), eta hilabete gutxi batzuekin asko gustatzen zitzaidala “oihuka” aritzea. Esaten dutenez, bazirudien denek ni entzutea nahi nuela, eta erotu egin nituen nire oihuekin; batez ere aitona, zeina garrantzi handiko pertsona izan baitzen nire bizitza pertsonalean eta nire ibilbide profesionalean (oso gizon lasaia zen, eta erotu egiten nuen lehen hilabeteetan). Familiako bideoetan ikusten da txiki-txikitatik asko kexatzen nintzela eta argi-argi hitz egiten nuela, eta, kuriositate gisa, argazki askotan agertzen naiz jostailuzko telefono bat belarrian hartuta, elkarrizketak asmatzen. Beranduago, fonetikari, fonologiari eta hizkuntza eskuratzeko prozesuari buruz ikasi nuenean, jakin nuen hori guztia hizkuntza eskuratzeko prozesuaren zati “naturala” zela. Horrez gain, nire lehengusinen zoritxarrerako, buruz ikasten nituen filmetako elkarrizketa guzti-guztiak. Nire senideek ondo gogoratzen dute urte gutxi batzuekin (4 inguru?) buruz errepikatzen nituela Edurnezuri filmeko elkarrizketak. Hala ere, horrekin lortu nuen gauza bakarra izan zen nire lehengusinek film hori nirekin gehiago ikusi nahi ez izatea, “isilik egoten ez nintzelako”. Betidanik izan dut hizkuntzarako eta komunikaziorako berezko joera hori, eta gerora sendotu egin nuen, zenbait hizkuntza ikasita: ondo hitz egiten ditut gaztelania, valentziera, ingelesa, frantsesa eta italiera; oinarrizko maila daukat alemanean; eta portugesa ere ulertzen dut.
Baina, zalantzarik gabe, nire ikerketarako bokazioa erakutsi zidana Alzheimerren gaixotasunarekin izan nuen esperientzia pertsonala izan zen, nire aitona-amonetako bik izan baitzuten. Aitaren aldeko amonak Alzheimer goiztiarra izan zuen, 50 urtetatik hasita. Ni jaio nintzenerako gaixorik zegoen; beraz, niretzat jolaserako beste lagun bat izan zen (elkarrekin marrazten genuen eta panpinekin jolasten ginen). Hala ere, ondo gogoan ditut haren “lapsus”-ak; zein egoeratan zegoen konturatzen zen, negarrez hasten zen eta bat-batean ingurukoak ezagutu egiten zituen, batez ere nire aita, izeba edo aitona. Amaren aldeko aitonak ere gaixotasun bera izan zuen, baina helduagoa nintzen hasi zenean. Beti egon izan naiz adineko pertsonez inguratuta, eta nire haurtzaroan denbora asko igarotzen nuen aitona-amonekin. Horregatik, oso gogorra izan zen ikustea nire aitonak pixkanaka-pixkanaka okerrera egiten zuela eta gure arteko elkarrizketak erdizka gelditzen zirela. Gainera, zuzenean hartu nuen parte haren zaintza lanetan, hasieratik amaierara arte. Esperientzia horrek asko markatu ninduen, eta erabaki bat hartzera bultzatu ninduen: ekarpenen bat egin nahi nuen ahal nuen lekutik eta ahal nuen bezala, eta gehien gustatzen zitzaidan alorretik egitea erabaki nuen, hizkuntzatik.
Motor pertsonal horrek bat egin zuen hizkuntzarekiko eta komunikazioarekiko sentitzen nuen pasioarekin (nire ustez, alderdi horiek gizaki gisa definitzen gaituzte hein handi batean), eta horrek eraman ninduen ikerketan hastera. Gaur egun, nire helburua da hobeto ulertzen laguntzea hizkuntzak garunean nola funtzionatzen duen eta zer gertatzen den, adinagatik edo gaixotasun batengatik, prozesu hori akatsak izaten hasten denean.
Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?
Egia esan zortea izan dut, erreferente oso baliotsuak izan baititut nire prestakuntzan zehar: entusiasmoa transmititu zidaten irakasle eta mentoreak, bai eta beren ereduarekin lan ildo berriak nola ireki irakatsi zidaten ikertzaileak ere. Horrez gain, punta-puntako ikerketa eta belaunaldi berrientzako dibulgazio eta prestakuntzarako konpromisoa uztartzen dituzten zientzialariek ere inspiratzen naute. Dena den, zientzian emakumezko erreferente gutxi ditugun testuinguru honetan, uste dut zorionekoa naizela; izan ere, atzera begiratzen badut, nire erreferentzia gehienak emakumezkoak izan dira.
Gogoan dut, adibidez, nire lehenengo ingeleseko irakaslea, Isabel Cano García. Miresmen handia nion, eta hark agindutako etxerako lanak ahalik eta perfektuen egiten saiatzen nintzen. Beranduago, nire bizilagun eta ingeleseko irakasle partikularrak (gaur egun laguna dut), Nicok, lelotuta uzten ninduen hizkuntza batetik bestera –ingelesa, frantsesa, alemana– naturaltasun osoz aldatzeko zuen gaitasunarekin, eta horrek are gehiago piztu zuen hizkuntzekiko sentitzen nuen grina.
Unibertsitate garaian benetako hizkuntzalaritza ezagutu nuen Juan Andrés Villena Ponsoda eta Matilde Vidaren eskutik; horiek izan nituen hizkuntzalaritzako irakasle karrera egin nuenean. Hala ere, inflexio punturik garrantzitsuena iritsi zen aurrerago nire zuzendari izango zena ezagutu nuenean: Itziar Laka. Masterrean ezagutu nuen, eta haren komunikatzeko, transmititzeko eta inspiratzeko moduak erabakigarriak izan ziren niretzat; argi izan nuen berarekin lan egin nahi nuela. Itziar emakume indartsua da, erresilientea, argia eta azkarra; bere lekua aurkitu du gizonak nagusi dituen mundu zientifikoan. Bere aholkuak gogoan izango ditut orain eta beti: nire buruari gehiegi ez exijitzeko ohartarazten ninduen (“ez ezazu zeure burua estutu”), gogorarazten zidan zientziako gauzarik zailenetarikoa ziurgabetasunarekin bizitzen ikastea dela eta, garrantzitsuena, erakutsi zidan lehentasunak albo batera ez uzten eta beti osasun mentala zaintzen. Hari esker ikasi nuen ikertzen, bai eta nire pentsamendu kritikoa askatasunez garatzen ere. Beti eskertuta egongo natzaio nire akats propioak egiten uzteagatik (buruko min handiak eman badizkidate ere, horietatik ikasten da gehien) eta bere ereduarekin lidergoari buruz transmititu eta irakatsi zidan guztiagatik.
Aurrerago beste figura garrantzitsu bat agertu zen nire ibilbide akademikoan: Irene de la Cruz-Pavía. Irene beti eskura eta gertu sentitzen nuen, eta aholku oso baliagarriak eman zizkidan (adibidez, “ez eskatu baimena, zure eskubidea da”). Horrez gain, erakutsi zidan zientzia modu atseginean, edukazioz eta lankidetzan ere egin daitekeela. Eta noski, ezin dut ahaztu Mikel Santesteban, nire beste zuzendaria, eskuz esku nirekin aritu baita eta, pazientzia handiz, gaur egun naizen ikertzailea izaten irakatsi baitit. Asko zor diot, baina uste dut zintzotasuna izan dela haren alboan neureganatu dudan ikaskuntzarik garrantzitsuena: honelako mundu lehiakor batean, pertsona ona izatea zientzialari ona izatea bezain garrantzitsua da, garrantzitsuagoa ez bada. Mikelek beti zaindu izan gaitu gu guztiok (orain bere ikertaldea osatzen dugunok) “beste familia” bat bagina bezala. Ikertzaile oso ona da, baina baita pertsona oso ona ere.
Eta, noski, beti esaten dudan bezala, urte hauetan guztietan egin dudan gauzarik onenetarikoa izan da oztopoak jarri beharrean aurrera bultzatu nauten pertsonez inguratzea; besteak beste, José, nire lagunak eta nire ahizpak. Horiek guztiak ere izugarri miresten ditut eta asko irakatsi didate hainbat arlotan. Baina, arlo pertsonalean, nire erreferentziazko pertsonarik garrantzitsuenak nire gurasoak izan dira: ama, indar eta erresilientziaren eredua; eta aita, bere alaitasun eta praktikotasunarekin.
Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?
Oro har esanda, gustatuko litzaidake nire ikerketak laguntzea argitzen nola eragiten duten gaitasun kognitiboek, hizkuntza esperientziak eta zahartzeak hizkuntzaren ulermenean. Orain arte zahartze osasungarrian zeharreko hizkuntzaren prozesamendua izan dut aztergai, eta horrek aukera eman ditu kontrol lerro argi bat ezartzeko. Hemendik aurrera, nire helburua da ikerketa hori zaurgarritasun handiagoko testuinguruetara zabaltzea, hala nola neuroendekapenezko gaixotasunetara (Alzheimer, Parkinson) edo afasietara, hobeto ulertzeko prozesu horiek nola eragiten dioten hizkuntzari.
Epe luzera begira, gustatuko litzaidake ezagutza hori ez geratzea soilik arlo akademikoan, baizik eta modu praktikoan aplikatu ahal izatea, honelako tresnak diseina daitezen: hezkuntzako esku hartzeak, estimulazio kognitiborako programak edo adinekoei eta hizkuntzarekin arazoak dituzten pertsonei laguntzeko tresna klinikoak. Azken batean, nire asmoa da ikerketak onura zuzena izatea gizartean eta bizi kalitatea hobetzen laguntzea, adinekoen eraginkortasun kognitiboa areagotzearen bidez.
Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?
Ikerketa bide liluragarria da, baina exijentea ere bai. Nire ustez, garrantzitsuena jakin-mina eta pertseberantzia dira: nork bere buruari galderak egitea, erantzunak bilatzea eta gauzak lehenengoan ondo ateratzen ez direnean amore ez ematea. Esaten dutenez, “pazientzia da jakintzaren ama”. Horrez gain, lankidetza eta diziplinartekotasuna lantzea ere gomendatuko nioke: zientzian askoz ere gehiago aurreratzen da ideiak partekatzen baditugu, taldean lan egiten badugu eta beste diziplina batzuetatik ikasten badugu. Izan inguruan on egiten dizuten, inspiratzen zaituzten, zaintzen zaituzten eta desafiatzen zaituzten pertsonak, eta aukeratu benetan gustatzen zaizun eta estimulatzen zaituen gai bat. Eta gogoratu: ez du ezertarako balio gutxiago dakienari goitik behera begiratzeak. Zientzia apaltasun ariketa bat da; kontua ez da arrazoia izatea, baizik eta ezagutzak partekatzea eta elkar laguntzea (gaur nik zuri, bihar zuk niri). Hori da zientzia sendo eta etiko bat eraikitzeko modu bakarra. Nire iritziz, gainerakoak gutxiestea da mespretxu egiteko modurik ankerrenetarikoa, eta, zoritxarrez, oraindik ere askotan gertatzen da ingurune zientifikoetan. Denbora eta baliabide mugatuak ditugu; beraz, ez du merezi xede okerrera bideratzea.
Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko abenduaren 20an: “Victoria Cano-Sánchez: «Mi objetivo es contribuir a comprender mejor cómo funciona el lenguaje en el cerebro»“.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.
Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.