Itziar Gonzalez-Dios, hizkuntzalari konputazionala: “Ez nekien non ari nintzen sartzen; hortaz, ez nion beldurrik”

Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia

Itziar Gonzalez-Dios Ixa taldeko ikertzailea eta Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saileko irakaslea da EHUn, eta kontrako jo ohi diren bi mundu batzen ditu bere jardunean: hizkuntzalaritza (Letrak) eta informatika (Zientziak).

Lehenengotik abiatu zen: “Nik beti jo dut letretatik, ez zientzietan ez nintzelako ondo moldatzen, baizik eta gustatu egiten zitzaizkidalako”. Hala, Alemaniar Filologian lizentziatu zen UPV/EHUn. Orduan, beste esparruarekin bat egiteko aukera sortu zitzaion: “Donostian Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua masterra eskaintzen zutela ikusi nuen, eta erakarri egin ninduen. Oso berria iruditu zitzaidan, ordura arte egin nuenarekiko desberdina, eta, gainera, etxetik hurbil zegoen. Beraz, probatzea erabaki nuen; ez baitzitzaidan gustatzen, urtebete galduko nuen, asko jota”, onartu du Gonzalez-Diosek.

Irudia: Itziar Gonzalez-Dios, hizkuntzalari konputazionala.

Gustatu egin zitzaion, ordea, eta asko. “Niretzat erabat ezezaguna zen dena. Ez nekien non ari nintzen sartzen; hortaz, ez nion beldurrik. Batxilergoan ez nuen Matematikarik eman, eta, agian, beste adar batetik zetorren bati baino pixka bat gehiago kostatzen zitzaizkidan gauza batzuk ulertzea. Baina, azken finean, masterrean denok ginen hizkuntzalariak ala informatikariak, elkarri laguntzen genion. Elkarlan hura oso polita izan zen”.

Dioenez, txikitatik erakusten digute bi mundu daudela, Letrak eta Matematikak, erabat aparte egongo balira bezala, baina, berez, osagarriak dira. Tesian, esaterako, konputazioa, estatistika eta halako baliabideak erabili zituen, eta funtsezkoak izan ziren hizkuntzalaritzan aurrera egiteko: “Adibidez, hitz baten maiztasuna neurtzeko. Imajinatu eskuz zenbatu beharko banu zenbat aldiz agertzen den hitz jakin bat corpus batean… Horretarako daude makinak”.

Baina ez bakarrik potentzia edo eraginkortasunaren aldetik; gauzak nola egin planteatzeko ere balio dio. Izan ere, makinari zer egin agintzeko, zehatz eman behar zaizkio aginduak. Hala, programatzen ikasi behar izan du. “Eta jarraitzen dut ikasten, etengabe”, dio Gonzalez-Diosek.

Hibridoa naiz (eta harro nago)

Hibrido bat dela aitortzen du, umoretsu: “Hala deitzen diogu gure buruari Ixa taldeko kideok”. Egun, Bilboko Ingeniaritza eskolako Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa sailean ari da. Hain zuzen, duela hiru urte aurkeztu zuen tesia. Doktoretza-osteko ikertzaile zenean, ordezkapena eskaini zioten, eta ordezkapen batzuk egin ondoren, irakasle atxiki plaza atera zuen iaz. Geroztik, irakaskuntzan eta ikerketan dabil.

Ez da erraza biak uztartzea, batez ere, denbora-faltagatik. Irakasteak ikertzeko denbora kentzen diola iruditzen zaio, baina aitortzen du irakastean asko ikasten dela: “Adibidez, edozein azalpen eman ondoren, batek botatzen dizu: ‘eta hori zergatik da horrela eta ez hala’? Horrek pentsarazi egiten dizu, eta beste aukera batzuk aintzat hartzera behartzen zaitu. Eta hori ona da gero ikerketan ere irekia izateko”.

Orain, hizkuntzaren bitartez makinei “sen ona” izaten irakasten dabil. Adimen artifizialaren esparruko gaia da, eta onartu du oraindik hastapenetan daudela. Etorkizunean, hasitako bidean aurrera egiten ikusten du bere burua. Baina ez du zalantzarik hortik kanpo geratuko balitz zerbait topatuko zukeela: “Ez dakit ezer egin gabe egoten”.

Fitxa biografikoa:

Itziar Gonzalez Dios Pasai San Pedron jaio zen, 1998an. Aleman Filologian lizentziatu ondoren, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua masterra egin zuen. Jarraian, tesia egin zuen (Euskarazko egitura sintaktiko konplexuen analisirako eta testuen sinplifikazio automatikorako proposamena), María Jesús Aranzabe eta Arantza Díaz de Ilarrazaren zuzendaritzapean. UPV/EHUko Ixa taldean ikertzaile 2010etik, eta, gaur egun, irakasle atxikia Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa sailean.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

3 iruzkin

Eman iritzia

E-makume batzuk - Sarean .eus

[…] Itziar Gonzalez-Dios eta Olatz Perez de Viñaspre Garralda. Biak hizkuntzalaritza konputazionalean aritzen dira IXA taldean, lehenak, berez hizkuntzalaria, konputazioan aurkitu du bidea hizkuntzaren bitartez makinei “sen ona” irakasten saiatzeko eta besteak zalantza izan zuen Informatika eta Euskal Filologiaren artean. Informatikaren alde egin zuen eta medikuntzako terminologia euskarara automatikoki itzultzeko proiektu batean ari da. Beraz, zalantza eragiten zioten bi gaiak uztartzeko gai izan da. […]

E-makume batzuk | EIBZko liburutegia

E-makume batzuk • ZUZEU

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>