Eurasia eta Afrikaren plaken mugimenduei buruz datu berriak

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

4 min

Eurasia eta Afrikaren plaken mugimenduei buruz datu berriak

EHUko Hidro-Ingurumeneko Prozesuak (HGI) taldekak Mediterraneo mendebaldean Eurasia eta Afrika elkartzen diren eremuan lurrazala nola konprimitzen eta deformatzen den aztertu du. Lanak hobeto ulertzen laguntzen du kontaktu-eremu konplexu hori, eta atea irekitzen du penintsulan lurrikarak edo deformazioak sor ditzaketen faila eta egiturak identifikatzeko.

Plaka tektonikoak lurrazalaren gaineko zati handi mugikorrak direla irudika daiteke. Plaken etengabeko mugimenduak esfortzu handiak sortzen ditu, eta horren ondorioz deformazioa edo lurrikarak gertatzen dira plaken arteko mugetan. “Eurasiako eta Afrikako plakak urtean 4-6 mm gerturatzen ari zaizkio elkarri. Ozeano Atlantikoan eta Aljeriako inguruan plaken arteko muga oso argia da; Iberiar penintsularen hegoaldean, ordea, muga askoz lausoagoa eta konplexuagoa da”, azaldu du Asier Madarieta doktoreak, ikerketa gidatu duen ikertzailea.

Eurasia
Irudia: Eurasiako eta Afrikako mugan dauden failen kokapena eta deformazio osoaren erlazioa erakusten duen mapa. (Egilea: Asier Madarieta. Iturria: EHUko prentsa bulegoa)

Mediterraneo mendebaldean, Alboran domeinuak erabat baldintzatzen du Eurasia eta Afrika plaken arteko muga. Eremu hori mendebaldera mugitzen ari da eta Gibraltarko arku aktiboaren garapena bultzatzen du, Mendikate Betikoa eta Rif mendikatea lotuz. “Orain arte ez genekien zehazki nola zen muga hori inguru horretan, eta eztabaidan dago han zein prozesu geodinamiko gertatzen ari diren”, gehitu du Madarietak.

Ikerketa honetan, Eurasiako eta Afrikako plaken arteko muga lauso horretan gertatzen diren prozesu dinamiko garrantzitsuenak zehaztu dituzte: “Ikusi dugu nola erlazionatzen diren lurrazalaren tentsioa eta gainazalaren deformazioa Mediterraneoaren mendebaldean, Iberiar penintsularen eta Afrikako ipar-mendebaldearen tartean dagoen bi plaken arteko mugan”, azaldu du HGI ikerketa-taldeko ikertzaileak. Izan ere, inguru horretako esfortzu- eta deformazio-eremuak kalkulatu dituzte “azken urteotan gertatu diren lurrikaren datuak eta satelite bidez eskuratutako deformazio-datuak erabiliz”.

Datu berriak ikerketan aurrera egiteko

Bi alderdi horiek konparatuta, era osatuagoan ulertzen dira orain prozesu geodinamiko eta tektonikoak. Ikerketan, Eurasia eta Afrikako plaken arteko mugaren inguruko datu berri asko lortu dituzte, “hobeto definitu dugu”. Hala, “jakin dugu mugako zein sektore dauden jada Eurasia eta Afrika arteko talkaren menpe eta zeintzuk dauden oraindik Gibraltar Arkuaren mendebalderako desplazamenduak baldintzatuta”, azaldu du Madarieta doktoreak.

Datu berriek “baieztatzen dute Iberiar penintsula erlojuaren norabidean biratzen ari dela —adierazi du—. Datuek aditzera ematen dute ere Eurasia-Afrika arteko mugan Gibraltarko arkuak rol garrantzitsua duela. Gibraltarreko itsasartetik ekialdera Eurasia-Afrika arteko talkak eragindako deformazioa Gibraltarko arkuko lurrazalak xurgatzen du, esfortzuak Iberiara transmititzea saihestuz. Gibraltarreko itsasartetik mendebaldera, aldiz, Iberia (Eurasia) eta Afrikako plaken arteko talka zuzena gertatzen da, eta uste dugu horrek eragin dezakeela esfortzuak Iberiako hego-mendebaldera transmititzea, Iberia hego-mendebaldetik bultzatuz eta erlojuaren norabidean biraraziz”.

Esfortzu-eremuek prozesu geodinamikoei buruzko informazioa ematen dute; deformazio-eremuak, aldiz, esfortzu horien menpe lur-gainazala nola deformatzen den erakusten du. “Baina deformazio hori zein egitura geologikok eragiten duen jakitea ez da batere erraza”, dio. Datu berriekin jakin daiteke, adibidez, failak (lurrikarak eragiten dituzten blokeen arteko egiturak) non dauden edo non egon daitezkeen. “Iberia mailan badira hainbat toki non deformazio garrantzitsua dagoen edota lurrikarak gertatzen diren, baina ez dakigu zein egitura tektoniko dauden aktibo han. Esfortzu- eta deformazio-eremu hauek esaten digute egitura horien bila nora joan beharra daukagun. Eta, hala, jakin genezake zer motatako toleturak eta failak egon daitezkeen, haien mugimendua nolakoa izango den, zer lurrikara-mota eragin ditzaketen eta zer magnitudetakoak”.

Iberiar penintsulan, “Iberiako faila aktiboen datu-basea (QAFI-Quaternary Active Fault database of Iberia) osatzen ari gara hainbat ikerketa-talde. Lan handia egiten ari garen arren, zenbait eremutan, asko dago egiteko, Pirinioetako mendebaldean (Nafarroa) eta Gibraltar arkuaren mendebaldean (Cádiz-Sevilla), adibidez. Beraz, lurralde horietan lan geologiko eta geofisiko xeheak egin behar dira, deformazioa eragiten duten egiturak ezagutu, karakterizatu eta haien potentzial sismikoa definitzeko”, azaldu du Madarietak.

Eboluzio geologikoaren leiho txiki bat

Jakina da aldaketa geodinamikoak izugarri mantsoak direla, eta satelite bidezko datuak eta lurrikaren inguruko datu zehatzak ez direla oso aspaldikoak. “Datu horiek eboluzio geologikoaren leiho txiki bat besterik ez dute erakusten. Lurrikaren datu zehatz gehienak 1980tik aurrerakoak baino ez dira, eta satelite bidezko datu zehatzak, 1999tik aurrerakoak; aldaketa geodinamikoak, ordea, milioika urtetan neurtzen dira. Horrenbestez, garrantzitsua da datu ezberdinen analisi bateratuak egitea”, dio.

Ikertzaileak adierazi duenez, ikerketan sortutako datu-baseak osatu egin ditu lehen erabiltzen ziren datu-baseak, eta horrek “emaitzen eta ondorioen fidagarritasuna handitzen du”. Gainera, hemendik aurrera “esponentzialki haziko dira datuak: besteak beste, deformazioak zehatzago kalkulatu ahal izango ditugu, baita informazio gutxi daukagun tokietan ere”.

Iturria:

EHU prentsa bulegoa: “Iberiar penintsula erlojuaren norabidean biratzen ari dela diote datu geodinamiko berriek“.

Erreferentzia bibliografikoa:

Madarieta-Txurruka, Asier; Prieto, Juan F.; Escayo, Joaquín; Pietrolungo, Federico; Peláez, José A.; Galindo-Zaldívar, Jesús; Henares, Jesús; Sparacino, Federica; Ercilla, Gemma; Fernández, José; Palano, Mimmo (2026). New insights on active geodynamics of Iberia and Northwestern Africa from seismic stress and geodetic strain-rate fields. Gondwana Research, 149, 314-336. DOI: 10.1016/j.gr.2025.08.020

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.