Pepa Martínez-Pérez: «Fisika kuantikoa materiaren existentziaren beraren atzean dago»
María José Martínez-Pérez CSICeko zientzialari titularra da Aragoiko Nanozientzia eta Materialen Institutuan (INMA, ikergune mistoa CSIC-Zaragozako Unibertsitatea), non kitzikapen magnetikoak –spin uhinak edo magnoiak– konputazio eta sentsorika bezalako teknologia kuantiko hasiberrietan txertatzea ardatz duen talde esperimentaleko buru den. Helburua da aplikazioak garatzea, hala nola mikrouhinen zirkulazioa gailu txertatuetan edo banakako spinen bit kuantikoak irakurri eta manipulatzea.
Ibilbidean zehar ekarpenak egin dizkie teknologia kuantikoetara aplikatutako supereroankortasunari eta magnetismoari. Horien artean nabarmentzekoak dira bit kuantiko molekularrak ikertzeko sentsore supereroale ultrasentikorrak garatzea, zirkuitu supereroaleetan beroaren interferentzia koherentearen –hamarkada batzuk lehenago teorikoki aurrez esanda zegoen fenomenoa– lehenengo frogapen esperimentala eta banakako nanopartikula magnetikoak karakterizatzeko gai den 3D sentsore bektoriala sortzea. Duela gutxiago, banakako spinen bit kuantikoak manipulatzeko modu berria frogatu du, material antiferromagnetiko bidimentsionaletan spin uhinei akoplamendu sendo bidez lotuz.
Haren ikerketa proiektu lehiakorren bidez dago finantzatuta, besteak beste, ERC Starting Grant bat (2020), Humboldt laguntzak, JIN, Leonardo BBVA eta European Excellence ekimena. Gainera, IN kide da nazioarteko proiektu koordinatuetan eta Marie Skłodowska-Curie Global beka koordinatzen du. Martínez-Pérez INMAren Severo Ochoa akreditazioaren ikertzaile berme emailea da, eta modu aktiboan parte hartzen du komunitate zientifikoan: GEFES-RSEFeko batzordeko, Revista Española de Física aldizkariko argitaratze batzordeko eta QTEP+ (CSIC) plataformako kide da, eta «Otoño cuántico en Aragón» dibulgazioko ekimenaren koordinatzaile da, zeinak fisika kuantikoari buruzko erakusketa ibiltaria, ikasleentzako jarduerak, hitzaldiak eta zinema zikloa dituena.
Haren ibilbideak aintzatespen zabala jaso du nazioko eta nazioarteko sariekin, esate baterako: Magnetismo Molekularrari buruzko Europako Doktorego Tesiarena 2014an, Aragón Investiga saria 2017an, Joven Investigador en Física Experimental (RSEF-BBVA) saria 2020an, Real Academia de Ciencias de Zaragozarena 2021ean eta Premio Nacional de Investigación para jóvenes “Felisa Martín Bravo” saria, zientzia fisikoen, materialen eta lurraren arloan, 2025ean.

Zein da zure ikerketa arloa?
Teknologia kuantikoak. Esperimentuak egiten ditut tenperatura oso hotzetan, zero absolutu deitzen diogun baliotik gertu, non materiak duen jarrera kuantikoa azter dezakegun.
Zergatik aritzen zara arlo horretan?
Fisika kuantikoak atomoen eta elektroien jarrera deskribatzen du, eta ikusten dugun ia guztia azaltzeko balio du, objektuen koloretik euren gogortasun, korrontea eroan edo isolatzeko duten gaitasun, eta abarretara. Kuantikoa gai abstraktuegia dela pentsa liteke, mundu subatomikoan bakarrik ikus daitekeena, baina materiaren existentziaren beraren atzean dago. Zoragarria iruditzen zait.
Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?
Nire ahizpak.
Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?
Galdera horren erantzuna urtez urte aldatzen da, esperimentu berriei aurre egiten baitiegu. Oraintxe bertan gustatuko litzaidake frogatzea material magnetikoek material supereroaleak ordeztu ditzaketela eginkizun zehatz batzuetarako.
Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?
Zientzialari eta pertsona onak diren gidariak bila ditzatela.
Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko urtarrilaren 31an: “Pepa Martínez-Pérez: «La física cuántica está detrás de la propia existencia de la materia»“.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.
Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.