Erromatarrek eraitsi zituzten mendi gorrixken urrea

Dibulgazioa · Kolaborazioak

4 min

Erromatarrek eraitsi zituzten mendi gorrixken urrea

Tamalez, pasa den urteko udan iberiar geografia inbaditu zuten sute ikaragarrien artean, batek Leongo El Bierzoko eskualdea hartu zuen. Bertan kokatzen da, hain zuzen ere, gizateriaren gizarte-garapena, arkeologia eta geologia barne hartzen dituen adibide bikaina: Las Medulas.

urrea
1. irudia: Las Medulas parajearen ikuspegi panoramikoa. (Argazkia: Rafael Ibáñez Fernández – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

UNESCOk “gizadiaren ondare” izendatu zuen paraje hori 1997an, eta giza jarduerek paisaia naturala erabat aldatzeko duten gaitasunaren eredu izugarria da. Aparteko gertakizun horren berri izateko, 2000 urte atzera egin beharko dugu. Erromatarrak Hispaniako ipar-mendebaldean iritsi zirenean gure aroko I. mendean, ikusi zuten bertako herriek Sil ibaibidean zeharreko area bateatzean urrea lortzen zutela. Hori ikusita, ibaian gora joatea erabaki zuten, metal hori preziatu horren jatorria bilatzeko. Hura aurkitu zuten kolore gorrixka eta arrexkaz beteriko mendixka batzuetan, bertan urrea sartuta baitzegoen eremu osoan zeharreko hareharrietan, legarretan eta konglomeratuetan.

2. irudia: Las Medulaseko arroka motak; konglomeratu gorrixkak goialdean eta hareharri laranjatuak behealdean. (Argaxkia: A. Sánchez del Corral / Espainiako Interes Geologikoko Lekuen Inbetarioa / Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutua (IGME-CSIC))

Ingeniari erromatarrak ez ziren kikildu urrea arroka hain gogor eta trinko horietatik atera behar zutela ikusi zutenean. Aitzitik, adimena zorroztu zuten antzinaroko meatzaritza teknika harrigarriena eta, aldi berean, suntsikorrena aurkitu zuten arte: “ruina montium” delakoa. Esapide horrek “mendien eraispena” esan nahi du, eta, hortaz, asma dezakegu zein den teknika horren oinarria. Zehazki, meatze sistema horren bidez hainbat kanal eta presa induskatzen ziren, inguruko goraguneetako ura ekartzeko, urrea zuten mendien gainetik pilatu arte. Orduan, hondeatzen jarraitzen zuten, kasu horretan muino horiek osatzen zituzten arroken barruko galeria bertikalak eratu arte. Amaitzean, hodi horiek presetako hormak irekitzen zituzten, eta presiopeko ura erortzen uzten zuten. Horrek arrokak mekanikoki hautsi eta mendi hegaletan induskatutako dekantazio putzu batzuetara eramaten zituen. Bertan, sedimentuak bateatzen zituzten eskuz urrea eta gainerako materialak bereizteko.

urrea
3. irudia: “Ruina montium” meatzaritza teknikaren faseen eskema. (Irudia: Hugo Prades / Las Medulas fundazioa)

Las Medulas parajeko urre esplotazioak erromatarren eskutik indarrean jarraitu zuen ia 200 urtez etenik gabe, I. mendearen hasieratik III. Mendearen hasierara arte. 540ha inguruko eremua hartzen zuen, 93.000.000 m3-ko baino gehiago mugitu ziren eta 5.000 kg urre inguru erauzi ziren. Era berean, paisaia betiko aldatu zuen, eta karkaben, amildegien, pinakuluen edo harrizko zutabeen sistema konplexu bat sortuz, gizakion eskutik.

Baina, nola sortu zen urre hori? Duela hilabete batzuk Alaskan ustiatzen diren urre depositu batzuen jatorriaren berri eman nizuen, eta kasu honetan antzeko fenomeno bat daukagu. Prozesu hau ezagutzeko denboran bidaiatu behar dugu, kasu honetan geologiaren esparruan, eta 300 milioi urte egin behar dugu atzera. Une horretan, talka tektoniko ugarien ondorioz, Lurreko azken superkontinentea eratu zen: Pangea. Konpresioz beteriko testuinguru horretan, gaur egun Las Medulas parajearen eremuan lurraren barrualdean magma igo zen, baina urtuta zegoen material hori ez zen gainazalera atera, lurpean gelditu zen. Lurrazpiko fluidoak magma horren ondotik igarotzean berotu egiten ziren, eta gurutzatzen zituzten arroken elementu kimikoak, besteak beste urrea, “lapurtzeko” gaitasuna areagotzen zuten, eta disolbatuta garraiatzen zituzten. Azkenean, lurrazaleko hausturaren batekin topo egiterakoan, gainazalera ateratzen ziren, eta pixkanaka hoztu egiten ziren. Hortaz, disolbatzeko gaitasuna galdu eta garraiatzen zituzten elementu kimikoak “askatu” behar zituzten, urrea barne. Ondorioz, lurra zeharkatzen zuten urrez beteriko mineralizazioak eratu ziren, dike izenekoak.

urrea
4. irudia: Las Medulas eremuaren itxura orokorra, non karkabez, pinakuluez, zutabez eta amildegiez betetako giza jatorriko paisaia antzeman daitekeen. (Argazkia: A. Sánchez del Corral / Espainiako Interes Geologikoko Lekuen Inbetarioa / Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutua (IGME-CSIC))

Duela 20 milioi urte inguru, tektonika lasaitu egin zen eta eragile meteorologikoak nabarmendu ziren. Horren ondorioz, euri urak dikeak higatu zituen, Las Médulaseko hegoaldean zeuden urre mineralizazioen bitartez. Ondoren, maldan behera garraiatzen zituen, arearen, lokatzaren eta arroka zatien artean metatutako geruzetan pilatu arte. Milaka urte igaro ostean, sedimentu horiek arroka gogor bihurtu ziren (hasiera batean aipatu ditudan hareharri, legar eta konglomeratuak), urre deposituez betetakoak.

Duela bi milurteko, arroka gorrixka horiek ere higadura jasan zuten, urrea Sil ibaiaren ibilguan pilatu arte garraiatu ostean. Urre hori, halaber, bertako populazioek biltzen zuten, erromatarren inbasioaren aurretik. Hala ere, erromatarrek ez zuten pazientziarik izan, eta uraren higadura prozesu hori azkartu zuten, toki hartan ezagutzen ez zuten meatzaritza teknikaren bitartez.

Azken mendeetan, meatzaritzako ustiapena amaitu ostean, naturak jatorrizko eremuaren zati bat berreskuratu zuen; hots, gizakiaren hondamendiaren arrastoen artean baso masa hazten hasi zen. Pasa den urtean mantu berde eta eder hori da sutan egon zen. Baliteke hamarkadak behar izatean landarediak eremu eder hori estali arte, baina aberastasun geologikoa eta arkeologikoa ez da galdu. Eta arrokek eta paisaiak kontatzen diguten historia ikaragarri hori da, oraindik ere, inguruko erakargarri turistiko handienetako bat. Jarraitu dezagun Las Medulas ingurura joaten eta Bierzo eskualdeko tokiko merkataritza sustatzen; izan ere, keinu txiki horrek izugarri lagundu dezake.


Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2025eko abuztuaren 28an: “El oro de las montañas rojizas que derrumbaron los romanos

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.