Miriam Friedman Menkin edo ugalketa-aro berri baten hasiera

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

1978an munduko lehen probeta-umea jaio zenetik, in vitro ernalketa-tratamendua arrakastatsua izan da ugalkortasun-arazoak dituzten pertsonen ehuneko handi batentzat. Ia mende erdian, zortzi milioi haurtxo baino gehiago jaio dira dagoeneko teknika horri esker. Miriam Friedman Menkin (1901-1992) zientzialaria dago teknika horren atzean, hura izan baitzen giza gorputzetik kanpo obulu bat ernaltzea lortu zuen lehena.

Miriam Friedman 1901eko abuztuaren 8an jaio zen Rigan, Letonian. Haren aita medikua zen eta familia Estatu Batuetara joan zen bizitzera gure protagonistak bi urte besterik ez zituenean. Friedman Cornelleko Unibertsitatean graduatu zen 1922an, Histologian eta anatomia konparatuan, eta hurrengo urtean genetikako maisutza lortu zuen Columbiako Unibertsitatean. Denbora batez, biologia eta fisiologia irakatsi zituen New Yorken. Aitaren urratsei jarraitzea erabaki zuen, eta medikuntzako zenbait fakultatetan matrikulatzen saiatu zen, baina ez zuen lortu, emakumeentzako oso plaza gutxi baitzeuden.

Miriam Friedman Menkin
1. irudia: Miriam Friedman Menkin zientzialariak izan zen giza gorputzetik kanpo obulu bat ernaltzea lortu zuen lehena. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

1924an, Harvardeko medikuntza ikasle batekin ezkondu zen, Valy Menkinekin, eta Miriam Friedman Menkin izena hartu zuen (baita Miriam F. Menkin ere edo, besterik gabe, Miriam Menkin). Biologian doktoretza egiteko erabakia hartua zuen arren, baliabide ekonomikoak jarri behar zituen senarrak ikasketak amaitu bitartean eta, beraz, beste lizentziatura bat lortu zuen idazkaritza-ikasketetan, Simmons College eskolan. Hala eta guztiz ere, Miriamek akademiarekiko hurbiltasuna aprobetxatu zuen bakteriologian eta enbriologian trebatzeko eta senarrari laborategian esperimentuak egiten laguntzeko. Han ezagutu zuen Gregory Pincus, urte batzuk geroago John Rockekin batera pilula antikontzeptiboaren sortzaile bihurtuko zen Harvardeko biologo bat.

1939ko hamarkadaren hasieran, Menkinek patologiako ikertzaile gisa egin zuen lan Harvardeko Medikuntza Eskolan eta, ondoren, laborategiko teknikari gisa aritu zen Pincusentzat, unibertsitate berean. Garai hartan, ikertzaile horrek nolabaiteko ospe zientifikoa lortua zuen, jakinarazi baitzuen untxiak sortzeko aukera zegoela partenogenesi bidez, hots, ernaldu gabeko obuluetatik abiatuta. Gregory Pincusek Harvardeko lanpostua galdu zuen 1937an, eta horrek lanik gabe utzi zuen Miriam ere.

Miriam Menkin urtebete aritu zen estatuko laborategietan lanean, eta gero ikerketako lanpostu bat eskatu zuen John Rockekin, Bostonen lan egiten zuen ugalkortasuneko mediku aditu batekin. Ikertzaile ezaguna ez izan arren, Rockek interes handiz aztertu zituen Pincusen ikerketetako azken berrikuntzak, eta animaliekin egindako esperimentu haiek praktika klinikora eramateko asmoa zuen. Rockek Miriam Menkin kontratatu zuen bere laborategian egiten zen lana ikuskatzeko. Hala, emakumeen hilekoaren zikloan obulazioaren une zehatza zehazten saiatu ziren elkarrekin.

Asteko errutina

1938tik aurrera, Rockek eta Menkinek beren ikerketetan parte hartzeko prest zeuden emakumeak bilatu zituzten. Rockek histerektomiak egiten zizkien diru-sarrera txikiko emakumeei Massachusettseko Free Hospital for Women karitate-zentroan. Prozedura kirurgikoak obulazioaren aurreko unean gertatzeko moduan programatzen ziren. Hala, astero, Rockek giza obulutegi atera berrien lagin txikiak ematen zizkion Menkini, eta hark laborategian disekzionatzen zituen, ernaltzeko prest zeuden obuluen bila. Gorputzeko zelula handienetako bat izan arren, giza obulua oso txikia da –ile baten antzeko diametroa du–, eta pertsona gehienek lupa bat behar dute orban ilun gisa ikusteko. Miriam, aldiz, obuluak begi hutsez identifikatzeko gai zen, baita normalak ziren edo deformatuta zeuden jakiteko ere.

2. irudia: obozito baten injekzioa espermatozoideen injekzio intrazitoplasmatiko batean. (Argazkia: Ekem – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Astero errepikatzen zen laborategiko errutina: asteartean obuluak lortu, asteazkenean espermarekin nahastu, ostegunean «otoitz egin» eta ostiralean mikroskopioan behatu. Protokoloan zenbait aldaketa txiki egin zituzten arren, esaterako, esperma-kontzentrazioak eta/edo inkubazio-kondizioak aldatzea, sei urte luzez, ostiraletan, Miriamek zelula bakarrak soilik aurkitu zituen, ernaldu gabeko obuluak hildako espermatan. Harik eta ostiral batean, 1944ko otsailaren 6an, zerbait aldatu zen arte.

Amaiera zoriontsuko hanka-sartze bat

Aste hartako asteartean, Johnek obulutegia atera zion emakume bati, seme-alabak jaio ondoren haren umetoki-lepoak eta umetokiak prolapso bat izan zutelako. Miriamek obulua bilatu zuen barruan, eta espermarekin kontaktuan jarri zituen, protokoloak zehaztutako hogeita hamar minutuetan interakzioa izan zezaten. Egun hartan, ikertzailea bereziki nekatuta zegoen, haren alaba Lucyk gau txarra zuelako esna egon baitzen. Obuluaren eta espermatozoideen arteko interakzioa mikroskopioaz behatzen zuen bitartean, Miriamek ez zuen itxaronaldia bete, eta ezarritako iraupena gainditu zuen. Hurrengo ostiralean, Menkin harri eta zur gelditu zen, zelula banaketa hasi zela ikusi zuenean: horrek obulua in vitro ernaldu zela baieztatzen zuen.

Miriam Friedman Menkin
3. irudia: Science aldizkariak Rockek eta Menkinen lana argitaratu zuen «In vitro ernalketa eta giza obuluen banaketa» artikuluan. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Aurkikuntzari berehala argazki bat egitea ahaztu zitzaion Menkini, eta egin nahi izan zuenerako, ernaldutako obulua hilda zegoen. Ondoren, beste hiru obulu ernaltzea eta haien argazkiak egitea lortu zuen, baina horietako bakar bat ere ez zen hiru zelulatik gora hazi hil aurretik. Rockek eta Menkinek beren lana txosten labur batean argitaratzea erabaki zuten. Science aldizkariak haien aurkikuntzak argitaratu zituen 1944ko abuztuan, «In vitro ernalketa eta giza obuluen banaketa» artikuluan. Associated Press aldizkariak eta The New York Times eta Time egunkariek ere eman zuten albistearen berri eta, oro har, itxaropen handiz hartu zuten berria familia antzuek. Urte asko geroago heldu zen lehenengo probeta-umea (Louise Brown, 1978), baina aurkikuntza horri esker, gaur arte antzutasunari buruz egin diren ikerketetarako oinarri zientifikoak ezarri ziren. Hain zuzen ere, 1951n, Fisiologia eta Medikuntzako Nobel saria jasotzeko proposatu zituzten Rock eta Menkin, in vitro ernalketaren garapenean egindako ekarpenagatik.

Zailtasun gehigarriak

Miriam Menkin prest zegoen giza ugalketaren mugak zeharkatzen jarraitu eta erreferentziazko zientzialari bihurtzeko, baina ez berak ez Rockek aurreikusi ezin zuten zerbait gertatu zen: Miriamen senarrak Bostonen zeukan lana galdu zuen. Duke Unibertsitateak kontratatu zuen, Ipar Carolinan, eta hara joan ziren bikotea eta bi seme-alabak. Bostongo ikerketa eten zen; Miriam Menkinen ezagutzarik eta trebetasunik gabe, Rocken laborategiak ez zuen inoiz in vitro obulu bat ernaltzea lortuko. Ipar Carolinan, berriz, in vitro ernalketa eskandalutzat hartzen zen.

Hainbat urtez senarraren kontrol ekonomikoa eta eraso-mehatxuak jasan ondoren, 1949an Miriamek Valyrengandik banantzea erabaki zuen, eta bere ardurapean geratu ziren seme-alabak. Horrek are gehiago zaildu zion bere karreran aurrera egin ahal izatea; hilabete bukaerara iristeko zailtasunak izaten zituen eta, sarritan, bere alaba Lucy zaintzea egokitzen zitzaion, epilepsia baitzuen eta laguntza medikoa behar izaten baitzuen maiz. Garai hartan, Miriam Menkinek ordaindu gabeko lanetarako hainbat eskaintza jaso zituen, gauetan eta asteburuetan beste ikertzaile batzuen laborategiak erabiltzeko, baina ezin izan zuen halako lanik onartu.

1950eko hamarkadaren hasieran, Menkin Bostonera itzuli zen, Lucy premia bereziak zituzten haurrentzako eskola batean inskribatzera. Rockekin elkartu zen haren laborategian, baina azken urteetan asko aldatu zen haren egoera. Orduko ugalketa-erronka jada ez zen haurtxo gehiago jaiotzea, haurtxoak jaio ez zitezen lortzea baizik. Hala, John Rocken eginkizun nagusia antisorgailu bat garatzea zen, eta Gregory Pincusekin lankidetzan lortu zuen mugarri historiko hori, 1960an pilula antisorgailua onartu zenean. Menkinek eta Rockek ez zuten gehiago ugalketa-ikerketan lan egin.

Miriam Friedman Menkin Bostonen hil zen 1992ko ekainaren 8an, 91 urte zituela. Zaila da jakitea zer lortuko zukeen zientzialari honek bere bizitza desberdina izan balitz, Valyrekin ezkondu izan ez balitz edo merezitako doktoretza jaso izan balu (Harvardeko doktorego-baldintzak bi aldiz bete zituen, baina ezin izan zuen titulua lortu, ezin zituelako beharrezkoak ziren tasak ordaindu). Baina ziurtatu dezakegu hura bizi izandako garaiak eta haren inguruabar pertsonalek oso egoera berezian jarri zutela: zientzialari bikaina zen, baina bere haurrak laguntzarik gabe hazi behar zituen emakume baten lan- eta ekonomia-mugek nahasi zuten.

Erreferentzia bibliografikoak:


Egileaz:

Edurne Gaston Estanga elikagaien zientzia eta teknologiako doktorea da. Gaur egun, zientzia eta teknologiaren ezagutza zabaltzea sustatzen duten erakundeen proiektuak kudeatzen ditu.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko ekainaren 16an: Miriam Friedman Menkin o el comienzo de una nueva era reproductiva.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

1 iruzkina

  • […] Miriam Friedman Menkin zientzialaria izan zen giza gorputzetik kanpo obulu bat ernaltzea lortu zuen lehena. Miriam Friedman 1901ean jaio zen Rigan, Letonian. Haren aita medikua zen eta familia Estatu Batuetara joan zen bizitzera Miriamek bi urte besterik ez zituenean […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.