Asteon zientzia begi-bistan #419

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Argitalpenak

Sagua, eulia eta gizakia liburua 1997an argitaratutako liburua da, eta bere idazlea, François Jacob, genetika-lanen sorreraz, bilakabideaz eta etorkizunaz mintzo da bertan. Jacoben esanetan, ezaguera eta gizatasuna ezkontzetik etorriko dira gizarteak aurrerantzean beharko dituen balioak, mundu-ikuskera berri bati egokituak. Atal hau Zientzia Kaieran dago irakurgarri, eta , ZIO bildumatik atera da, EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretzarekin elkarlanean.

Ingurumena

Itsasoaren Esploraziorako Nazioarteko kontseiluak gomendatu du 2023an aingirarik eta beren kume diren angularik ez arrantzatzea. Ibai-aingira (Anguilla anguilla) desagertzeko arrisku larrian dago, baina bere egoera ez da zehatz-mehatz ezagutzen. Horregatik, zuhurtzia-printzipioari jarraituta, kontseiluak gomendatzen du ez egotea harrapaketarik inongo habitatetan. Gomendio honek aisialdiko harrapaketei zein komertzialei eragiten die, eta barne hartzen ditu birpopulatzeko eta akuikulturarako arrantzatzen diren aingira eta angulak. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Geroz eta gehiago dira natura behatzen eta ulertzen laguntzen duten sakelako aplikazioak. Adituek diote erabilgarriak direla herritarrak zientziara hurbiltzeko eta zalantzak argitzeko. Alabaina, aplikazio horien fidagarritasuna ez da behin betikoa, eta tentuz erabili behar dira, ez dutelako beti bete-betean asmatzen. Hau arriskutsua izan daiteke, adibidez, onddoak identifikatzen laguntzen duten aplikazioen kasuan. Izan ere, argazki baten bidez identifikatzen dituzte onddoak, eta Joxepo Teres Aranzadi zientzia elkarteko mikologoak argi utzi du, bera ez dela ausartzen argazki batekin soilik onddo espezie jakin batzuk identifikatzen. Gai honen inguruko informazio gehiago Berrian: Natura poltsikoan.

Astronomia

Nazioarteko talde batek unibertso urruneko supernoba baten hiru irudi lortu ditu. Ikerketa honetan partaide izan da Tom Broadhurst EHUko Ikerbasque ikertzailea eta Donostia International Physics Centerreko ikertzaile elkartua. Lehen planoan kokatutako galaxia baten handitze-ahalmenari esker lortu dituzte argazkiak, eta hiru momentu ezberdinetan atera zituzten. Horrexek argitzen du irudietan lortutako hiru koloreen jatorria, supernobaren gasa hedatu eta hoztu ahala, koloreak “gorritu” egiten baitira. Lortutako informazioarekin jakin ahal izan dute Eguzkiak baino 500 aldiz erradio handiagoa zuen supererraldoi gorri bat zela, eta duela 11.500 milioi urte lehertu zela, alegia, gure galaxiaren jaiotzatik “gertu”. Datuak Zientzia Kaieran: Unibertsoko jatorria ulertzeko aurrepausuak.

Osasuna

GIBaren aurkako antigorputz aitzindariak sortzea lortu dute txerto berri batekin. Science aldizkarian argitaratu dutenez, I faseko saio kliniko txiki batean, parte-hartzaileen % 97k erantzun zabaleko antigorputzen aitzindariak sortu ditu, eta txertoak ez du albo-ondorio nabarmenik izan. Orain arte ezinezkoa izan da GIBaren andui desberdinak ezagutzeko gai diren antigorputzak sortzea. Alabaina, txerto berriaren estrategia izan da antigorputzen lerro germinalean edo jatorrian eragitea, eta, horrela, espektro zabaleko antigorputz bilakatzeko gai izango diren B zelula aitzindariak sorraraztea. Bada, txertoa hartu zuten 36 boluntariotatik 35ek B zelula aitzindari horiek sortu zituzten. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Gripearen txerto unibertsala lortzeko bidean da. Ezagutzen diren gripearen hogei bertsioei aurre eginen dien txertoa lortzeko ikerketek emaitza onak eman dituzte karraskariekin eta hudoekin egindako probetan. RNA mezulariaren teknika erabili dute horretarako, eta txertoa paratu dieten karraskariei immunitateak gutxienez lau hilabete iraun zien. Orain arte gripearen txertoak lau birusi erantzuteko gai ziren, eta, teknologia berri horrekin, hogeiri erantzuteko aukera egongo litzateke. Alabaina, emaitzak onak badira ere, oraindik klinika aurreko fasean dago. Honi buruzko informazio gehiago Berrian.

OPIK ikerketa-taldeak erakutsi duenez, antsiolitikoen kontsumoa igo egin da nerabeetan, bereziki, emakumeetan eta klase apalekoetan. Ondorio horretara iristeko, drogei buruzko Espainiako planaren barruko ESTUDES inkestaren datuetatik abiatu dira. Zehazki, 14-18 urteko ikasleen droga-erabilerari erreparatu diote, eta adin horretan antsiolitikoak eta hipnosedanteak kontsumitzeko prebalentziak eta probabilitateak aztertu dituzte. Gainera, OPIK taldeak baldintzatzaile sozialek osasunean duten eragina ikertzen du, eta, generoaren, jatorriaren eta klase sozialaren araberako desberdintasunak aztertu dituzte. Emaitzak ikusirik, ikertzaileek diferentzia horien zergatiak ere azaldu dituzte. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Egunero, 1,5-2,5 litro urin gastrikoa ekoizten dira gure urdailean, eta ezinbestekoa da uri hau elikagaiak digeritzeko eta zenbait agente patogenok eragindako infekzioak prebenitzeko. Hain azidoa izanik, logikoa da pentsatzea urdaileko zelulak ere kaltetu ditzakeela likido horrek. Alabaina, lau defentsa elementuk babesten dute urdaila bere fluidoen kalteen aurrean. Batetik, urdailaren barnealdean dugun muki alkalinoko geruza lodi batek estaltzen du urdaila. Bestetik, urdailaren barnealdeko gainazala estaltzen duten zelulak, hermetikoki elkarri lotuta daude proteinazko egitura konplexu baten bitartez, eta urin gastrikoa zelula gastrikoen artean sar dadin ekiditen du. Gainera, zelula epitelialak etengabe berritzen dira urdailaren babesa bermatzeko, eta, azkenik, urdaileko azidoaren jarioa oso modu zehatzean erregulatzen da, azidotasuna gehiegizkoa izan ez dadin. Azalpenak Zientzia Kaieran: Zergatik urdailak ez du bere burua digeritzen? Tira, batzuetan, egiten du.

Miriam Friedman Menkin zientzialaria izan zen giza gorputzetik kanpo obulu bat ernaltzea lortu zuen lehena. Miriam Friedman 1901ean jaio zen Rigan, Letonian. Haren aita medikua zen eta familia Estatu Batuetara joan zen bizitzera Miriamek bi urte besterik ez zituenean. 1923an genetikako maisutza lortu zuen Columbiako Unibertsitatean, eta urte batzuk geroago, John Rock Harvardeko biologoak kontratatu zuen. Horrela, emakumeen hilekoaren zikloan obulazioaren une zehatza zehazten saiatu ziren elkarrekin. Alabaina, 1944an, laborategiko errutina batean, Menkinek behar baino gehiago utzi zuen obulu bat in vitro espermatozoideekin kontaktuan, eta espero gabe, obulua ernaldu egin zen. Emakume honen ibilbide zientifiko osoa irakur daiteke Zientzia Kaieran: Miriam Friedman Menkin edo ugalketa-aro berri baten hasiera.

Fisika

Javier Fernández Panadero fisikariak azaldu duenez, txanponak airea jaurtitzen ditugunean hauen portaera ez da zorizkoa. Txanponek mugimenduaren inguruko Newton-en legeei eta solido zurrunen ekuazioei jarraitzen diete, grabitatea jasaten dute, eta mahaiaren erreakzioaren, inguruko airearen mugimenduaren eta abarren mendekoak dira. Arazoa da oso zaila dela portaera aurreikustea, etorkizuneko balizko egoeretan egon daitezkeen aldakuntzek duten eragin handiagatik. Horrela azaldu nahi izan du Fernandezek mundu kuantikoa, kuantika naturaren beste eredu bat baita, eta hautematen ditugun portaerak eta ondorioak azaltzen saiatzen da. Honen adibide dira Heisenberg-en ziurgabetasun-printzipioa eta ezkutuko aldagaien teoria, eta hauek azaldu ditu Fernandezek Zientzia Kaierako Txanponen portaera ez da zorizkoa artikuluan.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.