Asteon zientzia begi-bistan #406

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Bilbo Zientzia Plaza

Dibulgazioa

Irailaren 12tik 30era Bilbo Zientzia Plaza jaialdiaren bosgarren edizioa antolatuko da, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eskutik. Hiru erakusketa eta zazpi ekitaldi biltzen ditu aurtengo programak.“Ibilbide bat nanomunduan” eta “Zientzia kalean” erakusketak antolatuko dira Bizkaia Aretoan eta Euskalduna Jauregiko zabalgunean, urrenez urren. Bestalde, “Naukas 2022” erakusketa egongo da ikusgai Metro Bilbaoko Moyua geltokian. Ekitaldiei dagokionez, adin-tarte eta konplexutasun-maila askotariko jardunaldietan parte hartu ahalko du nahi duen orok. Bestak beste, bigarren hezkuntzako ikasleak protagonista dituen bakarrizketa lehiaketa, zientzialari profesionalen hitzaldiak, zientziaren inguruko tailerrak eta abar bilduko ditu Bilbo Zientzia Plaza 2022 jaialdiak. Informazio gehiago Sustatun: Bilbo Zientzia Plaza 2022: iraila dibulgazioari emana.

Teknologia

UPV/EHUko Gasteizko Ingeniaritza Eskolako ikerketa batek sare neuronal konboluzionalak erabili ditu potentzia handiko aerosorgailuen profil aerodinamikoetako aire-fluxuaren ezaugarriak aurresateko. Unai Fernández Gámiz ikerketan parte hartu duen ikertzaileak azaltzen duenez, hobekuntza honi esker, aerosorgailu berarekin megawatt gehiago sor daitezke, eta hala, megawatt-orduaren kostua murriztu egiten da. Izan ere, energia eolikoak energia-baliabide konbentzionalekin lehiatu ahal izan dezan aerosorgailuen errendimendua hobetu beharra dago. Helburu honekin, ikerketa berri honek aerosorgailuen errotoreen eraginkortasun aerodinamikoa hobetzeko aurrerapausoa eman du. Datuak Zientzia Kaieran: Sare neuronalak aerosorgailuak hobetzeko.

Astronomia

Orain arte, hiru sismometro igorri dira Martera (azkena 2018ko azaroan), eta azken honek soilik jarraitzen du oraindik martxan eta datuak biltzen. Datu hauekin, Marten lurrikararik gertatzen ote den jakin nahi zuten zientzialariek; izan ere, ez da erupzio bolkaniko baten antzik duen ezer behatu gaur egunera arte. Ordea, sismografo honek lurrikara txikiak detektatu ditu urte hauetan zehar, baina horien arrazoia ez dago oso argi. Alabaina, gai horri buruz argitaratu den azken azterlanak iradokitzen du mantuko magmaren mugimenduaren ondorioz gure planetan gertatzen direnen antzekoak direla lurrikara horiek, baina baliteke magmak zailtasun handiak izatea azaleratzeko eta erupzio bolkanikoa eragiteko, Marteren azalaren lodiera dela eta. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Osasuna

EHUk antolatutako Lurralde osasuntsuak: urbanismoaren eta osasun publikoaren topagunea izeneko ikastaroan Carolyn Daher ISGlobal enpresako Hiri Plangintza, Ingurumen eta Osasun Ekimenaren koordinatzaileak hitzaldi bat eman du gai honen inguruan. Honen esanetan, hiri osasuntsuagoak eraikitzea da etorkizuneko helburuetako bat, eta hiritarren bizi kalitatea hobetzeko, ezinbestekoa da berdeguneak sortzea eta hiri eredua aldatzea. Ikastaro berean egon zen baita ere Ignacio de la Puerta Rueda Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren zuzendaria. Gain beraren inguruan, honek iragarri zuen hiri osasuntsuagoak eta berdeagoak eraikitzeko hainbat helburu ezarri dituztela Euskal Autonomia Erkidegorako. Datuak Berrian: Berdeguneak dira hirietako osasun iturri.

Ingurumena

Euskal Herriko Unibertsitateak Bilbon abiatu du ozeanoak babesteari buruzko nazioarteko kongresua. Hain justu, zientzia ozeanikoei buruzko munduko txostena aurkeztu zuen atzo Luis Valdes ikerlariak, Santanderko Ozeanografia Zentroko zuzendariak. Txosteneko datuei begira, ondorioztatu du ozeanoen inguruko ikerketaren arloa osasuntsu dagoela. Ikerketa-alor garrantzitsuenetako bat klima-aldaketa dela azaldu du, eta honen inguruan, azken asteetan arreta piztu da honen inguruan. Izan ere, ozeanoak nabarmen beroago daude. Bereziki kezkagarriak izan dira Mediterraneo itsasoan erregistratutako tenperaturak, 29 gradura artekoak, baina Bizkaiko golkoko urak ere batezbestekoaren gainetik ibili dira: 25 gradura iritsi dira. Honen inguruko informazio gehiago Berrian: «Bero oldeek arrastoa uzten dute ozeanoan».

Biologia

Marmoka “hilezkorraren” sekretuak azaldu ditu Juanma Gallegok Zientzia Kaieran. Oviedoko Unibertsitateko ikerketa berri batek bere bizi-zikloan atzera egiteko gaitasuna duen marmoka baten genoma sekuentziatu du. Turritopsis dohrnii marmoka espeziea da, eta munduan zehar dezente zabaldu da azken urteetan, espezie inbaditzaile gisa. Marmoka espezie honek gaitasun berezi bat duela ikusi zen laborategian. Izan ere, egiaztatu da marmoka honek gaitasuna duela estres baldintzetan hondora joan eta berriro polipo bihurtzeko, marmokentzako “enbrioi fasea” izango litzatekeena. Honek zera esan nahi du, marmoka hauek zelula normalak zelula ama bihurtzeko gaitasuna dutela. Bada, ikerketa berri honek espezie honen longebitatearen arrakastako gako diren geneak identifikatu ditu. Aurkikuntza honen azken helburua zahartzeari lotutako gaitzen tratamenduan aurrera egitea da.

Arkeologia

Borneoko alde indonesiarrean, anputazio baten frogarik zaharrena aurkitu dute duela 31000 urteko eskeleto batean. Ezker hankako anputazio garbi bat da, kirurgia bidez egindakoa, eta horrenbestez, halako operazio baten ebidentziarik zaharrena bihurtu da. Aurkikuntzak atzera botatzen du medikuntzaren eboluzioari buruz aurrez zegoen ikuspegia. Izan ere, lehen uste zen duela 10.000 urte inguru sortu zirela operazio medikoak, Neolitoko iraultzan.

Emakumeak zientzian

Nazioarteko ikerketa baten emaitzen arabera, genero-oreka duten taldeen emaitzak berritzaileagoak eta esanguratsuagoak dira. Hau da, emakumez eta gizonez osatutako talde zientifikoek artikulu berritzaileagoak eta inpaktu handiagokoak ekoizten dituzte. Ondorio honetara iristeko, 2000. urtetik 6,6 milioi zientzia-argitalpen aztertu dituzte, denak ere arlo medikokoak. Honetaz gain, genero-orekaren onuren zergatia ikertu dute. Honen inguruan ikusi ahal izan dutenez, genero-oreka handiagoa duten taldeek dibertsitate handiagoa dute beste faktore batzuetan ere, eta dibertsitateak onura esanguratsuak ditu lortutako emaitzen kalitatean. Hala ere, talde mixtoak gaur egun, zoriz espero zitekeena baino gutxiago dira. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..