Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Osasuna
Berrian irakur daitekeenez, hil egin da zerri transgeniko baten bihotza jarri zioten gizona. Duela bi hilabete, urtarrilaren 7an hain zuzen, 57 urteko David Bennet estatubatuarra hil ala biziko egoera batean zegoen, bihotzeko gaitz baten ondorioz. Ez zuen aukerarik gizaki baten bihotza jasotzeko eta, horregatik, ebakuntza esperimentalarekin saiatzea erabaki zuten, txerri bihotz bat transplantatuz. Historian lehen aldiz egin zen gisa honetako ebakuntza bat, eta ebakuntza ostean zirujauek esan zuten bihotza ondo funtzionatzen ari zela. Zoritxarrez, eta ebakuntza mugarri bat izan bazen ere, Bennet aste honetan hil da.
Aste honetan Zientzia Kaieran, Nerea Telleria UPV/EHUko Elikadura Jasangarria taldeko ikertzaileari egin diote elkarrizketa. Nerearen esanetan, elikadura osasungarri eta jasangarriak onura ugari ditu gizakiontzat eta naturarentzat. Gaur egungo elikadura sistemak mundu-mailako berotegi efektuko gasen herena isurtzen du, besteak beste, nekazaritzan, abeltzaintzan edo elikagaiak prozesatzerakoan sortzen direnak. Inpaktu handiena, hala ere, haragi gorriak eta bere eratorriek dute: munduko nekazaritzaren % 70 ganadua elikatzeko beharrezkoa den janaria landatzeko erabiltzen da. Zientzialari atalean ikus daiteke ikertzaileari egindako elkarrizketa: Nerea Telleria: “Elikadura osasungarri eta jasangarriak epe luzera gaixotasunak izateko arriskuak murritz ditzake”.
Depresioa gaixotasun mental ohikoa da, tristura handia, energiarik eza, gauzen ikuspegi negatiboa eta lo egiteko, kontzentratzeko edo elikatzeko zailtasunak eragiten dituen gaixotasuna. Azken urteotan gorakada handia jo du depresioak eta osasun publikoko arazo handienetako bat bilakatu da. Honen harira, antidepresiboak hobetzen dihardute zientzialariek eta azken hamarkadako aurkikuntza garrantzitsuenetarikoen artean kokatu da ketamina farmakoa. Aipatu beharra dago, hala ere, antidepresibo honek sortu ditzakeen eragin kaltegarriak direla medio, esketamina ere administratzen dela. Alabaina, farmako honen administrazio errepikatuek epe luzera eragingo lituzketen ondorio arbuiagarriak aztertzea beharrezkoa da oraindik. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Depresio erresistentea tratatzeko etorkizunerako erronkak.
Azken bi urte hauetan bizitako pandemiak utzi dituen lezioei buruzko artikulu-sorta bat argitaratu du Science aldizkariak. Bertan, hainbat hausnarketara bultzatu nahi dute irakurlea. Horietako bat, hainbestetan aipatu dugun normaltasunerako bueltari buruz. Ez ote litzateke ariketa ona normaltasunera itzuli beharrean, normaltasuna hobetzea? Politikei buruzko bi analisi ere badaude. Batean, maila ekonomiko baxuko eta ertaineko herrialdeen egoera aztertu dute. Beste artikuluan, bestalde, COVID-19ari aurre egiteko politiketan genero-ikuspegia aintzat hartu ote den aztertu dute. Informazio gehiagorako, Ana Galarragak azaltzen du Elhuyar aldizkarian: COVID-19aren lezioei buruzko sorta berezia argitaratu du Science aldizkariak.
Genetika
Nature Communications aldizkarian argitaratu duten artikulu batean, mundu osoko zientzialariz osatutako talde batek eskari bat egin nahi izan du. Gaur egun, mundu osoko sekuentzia genetikoen informazio digitalerako sarbidea guztiz librea da. Orain, ordea, maiatza eta ekaina bitartean COP-15 egingo da, eta bertan Biodibertsitatearen 2020 Osteko Esparru Globala sinatzekoak dira. Zenbait herrialdek, ordea, adierazi dute baliabide genetikoak jatorrizko estatuarenak direla, eta ikertzaileek akordioak adostu beharko lituzketela estatuekin, baliabide horiek erabiltzeko. Zientzialari asko honen kontra agertu dira, diotenez, zientzia erabat oztopatuko bailitzateke honela. Datuak Elhuyar aldizkarian: Informazio genetikorako sarbidea irekia izan dadin bermatzeko eskaria egin dute.
Arkeologia
Ernest Shackleton esploratzailearen ontzia topatu dute itsas hondoan 3 kilometroko sakoneran. Hondoratu zen tokian aurkitu dute, Antartikako Weddell itsasoan, 106 urte geroago. Endurance 22 espedizioaren barne aurkitu dute izen bereko bergantina hondoratua. Ontzia aurkitu eta gero, filmatu eta eskaneatu egin dute ur azpiko ibilgailu moldatu bat erabilita. Izan ere, espedizioaren asmoa ez da izan ontziaren arrastoak lehorreratzea, leku eta monumentu historikotzat hartuta baitago, eta, beraz, ezin da dagoen lekutik mugitu. Jakes Goikoetxeak azaldu du Berrian: ‘Endurance’ aurkitu dute.
Ingurumena
Aste honetan Urak aske dokumentala aurkeztu dute Bego Zubia zuzendariak eta bere kideek. Dokumentalean Artikutzako urtegiaren hustuketa lanak azaltzen dituzte, egitura artifizial hauek ibaietan duten eragina ikusarazteko helburuarekin. Erreken edo ibaien ibilguetan pareta bat eraikitzeak ondorio anitzak ditu, besteak beste, inguruko fauna oztopatzen dute, errekek eramaten dituzten sedimentuak ere geldiarazi egiten dituzte eta noski, ur-emaria aldatzen dute. Azalpenak Berrian: «Presak kentzeak zein bertan uzteak sortzen ditu ondorioak».
Aitziber Agirrek Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, plastikoen kutsadura murrizteko nazioarteko akordio loteslea, bidean dago. 175 herrialderen ordezkariek ebazpen bat sinatu dute, eta 2024an juridikoki loteslea izango den nazioarteko akordioa sortzeko konpromisoa hartu dute. 2021ean 461.100.000 tona plastiko sortu dira, eta ekoizpena ikusita, aurreikusi du 2040rako bikoiztu egingo direla plastiko-hondakinak. Datu hauek ikusirik, Nazio Batuen Ingurumen Batzarrak ekonomia zirkularrerako aldaketa behar-beharrezkoa dela adierazi du. Azaldu dutenez, sistema ekonomiko horrekin ozeanora iristen den plastiko-kantitatea % 80 murriztuko litzateke, plastiko berriaren ekoizpena % 55, eta berotegi-efektuko gasak % 25.
Biologia
EHUko MikroIker ikerketa-taldeak bakterio espezie berri bat aurkitu du Añanako Gatz Haranean eta Altererythrobacter muriae deitu diote. Añanako Gatz Haranean baldintza berezi horietan bizitzeko gaitasuna duten organismoak bakarrik bizi dira, gatz-kontzentrazio altuetan bizitzea ez baita lan erraza. Mikroorganismoen artean, aniztasun handia dago eta aurretik deskribatu gabe zegoen espezie hau aurkitu berri dute. Aurkikuntzaren berezko balioaz aparte, mikroorganismo hauek egokitzapen-mekanismo bereziak dituzte bizi diren lekuan bizi direlako. Bizirauteko, konposatu bereziak sortzen dituzte eta oso interesgarriak dira, esaterako, biomedikuntzarako, bioerremediaziorako eta elikagaien industriarako. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian: Bakterio espezie berri bat aurkitu dute Añanako Gatz Haranean.
Almroth Edward Wright (1861-1947) bakteriologoa ezaguna zen emakumeen sufragioaren aurka zegoelako. Bere arrazoiketa zera zen, emakumeen garunak ez zeudela antolatuta gai sozialak eta publikoak lantzeko, eta liburu bat eta guzti idatzi zuen ideia guzti hauek azaltzen. Baina liburua argitaratu aurretik, eskutitz bat idatzi zuen The Times egunkarira, ideia antzekoak plazaratuz. Eskutitz horrek hainbat erantzun sutu jaso zituen, horietako bat «C.S.C. Kondenatuetako bat» sinadurarekin. Clementine Spencer Churchill ezkutatzen zen hitz horien atzean, Winston Churchillen emaztea. Zientzia Kaierako Clementine, «Kondenatuetako bat» artikuluan irakur daiteke emakume honek Wright-i emandako erantzuna.
Ozeanografia
Jada Kolonek Amerikarako bidaia egin zuenean, bazekien Ipar Atlantikoko haizeek eta korronteek nabigazioa erraztu edo zaildu zezaketela. Gaur egun, ozeano horretako itsaslasterren dinamikak pixka bat hobeto ulertzen ditugu, azterketa ozeanografikoetan aurrerapen asko egin baitira. Ozeano Atlantikoan dauden ur masa batzuek uhal garraiatzaile gisa funtzionatzen dute, eta bero energia banatzen dute, latitude baxuko eremuetatik latitude altuko eremuetara. Honek korronteak sortzen ditu itsasoan, eta nabigaziorako oso garrantzitsuak izateaz gain, planetaren klima erregulatzeko ezinbestekoak dira. Blanca Martinezek azaltzen du Zientzia Kaieran: Nabigazioa eta korronte ozeanikoak.
Matematika
Datorren asteko astelehenean Pi zenbakiaren nazioarteko eguna ospatzen da, eta honen harira, artikulu bat eskaini diote Berrian zenbaki famatu honi. Zirkunferentzia baten perimetroaren eta haren diametroaren arteko zatiketaren emaitza da zenbaki hau; eta beti mantenduko da proportzio hau. Lau hamartarrekin ezagutzen du jende gehienak (3,1416), baina Grisoniako Zientzia Aplikatuetako Unibertsitateak (Suitza) 22,8 bilioi hamartar baino gehiago kalkulatu zituen. Historian zehar hainbat zientzialarik egin zuten Pi zenbakia kalkulatzeko saiakera eta hainbat bitxikeria bildu dira konstante berezi honen inguruan. Datu guztiak Berrian: Pi, nortasun handiko zenbakia.
Astronomia
Izarretatik datorren argiaren espektroak datu asko eskaintzen ditu. Espektro horiek erabiliz, adibidez, Angelo Secchi astronomo italiarrak izar motak bereizteko sailkapen bat sortu zuen, izarraren kolorearen eta zenbait osagai kimikoren arabera. 1. motako izarrak zuriak edo urdinxkak ziren, eta espektroek lerro oso markatuak zituzten, hidrogenoarenak. Hauetaz gain, tonu apalagoa zuten argi horiko izarrak (2. motakoak), laranjakoak (3. motakoak) edo gorrixkak (4. motakoak) zeuden. Sailkapen sistema hori egun erabiltzen ez den arren, Secchi aitzindarietako bat izan zen ikerketa astronomikoetarako espektrografia erabiltzen, eta 4.000 izarren espektrotik gora sailkatu zituen. Azalpenak Zientzia Kaieran: Ortzadarra interpretatzen izarrak sailkatzeko.
Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, beirazko perlak aurkitu dituzte Ilargiaren alde ezkutuan. 2019ko urtarrilaren 19tik dabil Chang’E-4 misio txinatarreko Yutu-2 ibilgailu robotikoa Ilargiaren alde ezkutua arakatzen. Orain, misioko astrofisikariek iragarri dute beirazko esfera garden batzuk aurkitu dituela ibilgailuak. Bi perla aurkitu dituela baieztatu dute, 3 cm ingurukoak. Ikertzaileen arabera, talkaren baten ondorioz sortuak dira: Objekturen batek Ilargiaren azalaren aurka talka egitean, esfera sortzen duen minerala urtu egingo litzateke, eta, solidotzean, esfera horiek sortuko zituen.
Egileaz:
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.