Asteon zientzia begi-bistan #274

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Astronomia

UPV/EHUko lantalde batek ekaitz polarrak aurkitu ditu Saturnon. Hainbat gauza frogatu dute ikerketan: desplazatu egiten dira abiadura desberdinetan, eta elkarrekin topo egin eta elkarren albotik igarotzen dira, elkarri eraginez eta perturbazio atmosferikoak sortuz. Azaldu dutenaren arabera, orain aurkitutako ekaitzak ipar hemisferioan topatu dituzte. Urtean 30 eta 60 inguru izaten dira, eta luzeak dira. Berrian aurkituko duzue informazio gehiago.

Eraztunen planetan segidan sorturiko bi enbata behatu, ikertu eta neurtu dituzte lehen aldiz. EHUko Planetologia Taldeko Jon Legarretak dio oraingo kasua “ezohikoa” izan dela: “Orain arte, ekaitz txikiagoak —1.000 kilometrokoak— behatu dituzte, beste latitude batzuetan, eta bakartuak”. Berrian irakur daiteke albistea.

Biologia

Zimitzak, intsektu bizkarroiak, itzuli dira. Joan den mende erdialdean desagertutzat jo zituzten baina itzuli egin dira, eta ugaldu, gainera Berrian irakur daitekeenez. Etxebizitzetako altzarietan eta lurreko edo paretetako zirrikituetan ez ezik, geroz eta ugariagoak dira ostatuetan ere. Haien agerpenean bi faktorek izan dute eragina: globalizazioak eta turismoak.

Zergatik erakartzen du kolore gorriak? Artikulu honetan azaltzen digute hizkuntzen bilakaeran, une jakin batetik aurrera, gizartea kanpoko itxurari erreparatuta gauzak izendatzen hasi zela, gauza horiek izendatzean, zuriaz eta beltzaz gain, gorria zen erabiltzen zen lehena. Izan ere, giza hizkuntza batek kanpoko itxura izendatzeko hiru hitz erabiltzen ditu: “argi”, “ilun” eta “gorri”. Kolore gorriaren sekretuak aurkituko dituzue artikulu interesgarri honetan. Ez galdu!

Autofagia zelula eukariotikoetan berez ematen den prozesu bat da. Oreka homeostatikoa mantentzea ahalbidetzen du zelula estres edo energia eskuragarritasun mugatuko egoeratan. Beraz, estres egoerak gertatzen direnean, autofagia maila handitu egiten da. Hiru autofagia mota daude: xaperoi-bidezko autofagia, mikroautofagia eta makroautofagia (hau da gehien ikertu dena). Artikulu honetan azaldu digute autofagiak zelularen funtzio egokia eta biziraupena bermatzen dituela. Baina oraindik ez dira ezagutzen prozesu honen aktibazioak eragiten dituen efektu guztiak.

Urriaren 12an Eliud Kipchogek maratoia 2 ordu baino denbora laburragoan amaitzea lortu zuen. Historiara pasako da kenyarra, izan ere gizakia 2 orduko langatik jaisteko gai izan baita lehen aldiz. Lasterketa honetan baina, zientziak berebiziko garrantzia dauka. Klima, tenperatura, altitudea, espazioa, erabilitako oinetakoen materiala… faktore hauek guztiek izan dute paper erabakigarria lasterketan. Zergatik? Jo ezazue artikulura erantzuna jakiteko.

Osasuna

Hondakin-uretako substantzia kimikoek eta dietaren adierazleek lotura zuzena dute maila sozioekonomikoarekin. Hala frogatu du behintzat Australian egindako ikerketa batek, Elhuyar aldizkariak jakinarazi digunez. Ikertzaileek ikusi dute maila altuko jendea bizi den lekuetan kafe-, alkohol- eta bitamina-kontzentrazio altuak daudela. Maila baxukoak bizi diren eremuetako uretan, ordea, antidepresiboak eta opioideak dira nagusi.

Ingurumena

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako herritarren %72k aire kutsatua arnasten dute: lau lagunetik hiruk. Ecologistas en Accion taldeak egin dute ikerketa (urtero egin ohi dute azterketa) ozono troposferikoko kutsaduraren inguruan. Emaitzak ikusita, Ebro ibaiaren kutsadura nabarmentzen dute ikertzaileek. Ozono troposferikoa lurrazaletik hamar kilometrora dagoen geruza bat da, eta eguzki erradiazioaren eta bestelako kutsatzaileak konbinatzearen ondorioz sortzen da hango kutsadura. Informazio guztia Berrian.

Kimika

Elhuyar aldizkarian irakur daiteke Europako hondakin-uretan dauden droga-arrastoak neurtu dituztela nazioarteko ikerketa batean eta bertan ikusi dutela kokainaren kontsumoak gora egin duela nabarmen 2011 eta 2017 artean. Europako hegoaldeko eta mendebaldeko droga nagusia da kokaina. Ekialdeko herrialdeetan, berriz, metanfetamina da kontsumituena.

Aurreko astean irakurri genuen UPV/EHUko talde batek plastiko-mota erabat birziklagarri eta berri bat garatu duela. Horrek plastikoak sortzen duen kutsadura konpon dezake, ez delako degradatzen prozesuan. Berriak jakinarazi du Ainara Sangroniz ikertzailea dagoela lan honen atzean. Berak sintetizatutako plastikoaren ezaugarririk interesgarriena behin eta berriz birzikla daitekeela da. Oraindik oso garestia da baina merkatu ahalko dutela uste dute.

Genetika

Gene-ediziorako teknika berri bat sortu dute: Prime editing delakoa, CRISPR teknika oinarrian duena, alegia. David Liu Harvard eta MITeko ikertzailearen taldeak uste du gaixotasunei lotutako giza mutazio genetikoen % 89 zuzentzeko balio lezakeela. Elhuyar aldizkarian azaltzen diguten moduan, zientzialariek 175 ediziotik gora egin dute giza zeluletan, eta eraginkorra eta segurua dela azpimarratu dute ikertzaileek.

Arkeologia

Erdialdeko Europako Brontze Aroko etxaldeetan desberdintasun sozialen frogak aurkitu dituzte ikertzaileek. Alemaniako Lech Haraneko Brontze Aroko hainbat etxaldetan egin dute ikerketa eta zehazki ikusi dute estatus altuko familiak eta haiekin lotura genetikorik ez zuten beste pertsonak ageri direla aztarnategian, baina azken hauek maila sozial baxuagokoak zirela. Hori ondorioztatu dute hilobietan aurkitutako objektuei esker. Ikerketaren xehetasunak artikulu honetan topatuko dituzue.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.