Autofagia eta bere erregulazioa osasun eta gaixotasun egoeratan

Iñaki Milton-Laskibar, Leixuri Aguirre, María Puy Portillo

Autofagia, zelula eukariotikoetan berez ematen den prozesu bat da, zeinak oreka homeostatikoa mantentzea ahalbidetzen duen (kaltetutako egitura zelularrak degradatuz eta energia-oreka mantenduz) zelula estres edo energia eskuragarritasun mugatuko egoeratan dagoenean. Autofagia zelulan berez gertatzen den prozesu bat den arren (autofagia basala), zenbait estres egoeren aurrean (gosea edo estres oxidatiboa adibidez) autofagia maila handitu egiten da.

Irudia: Autofagia, babes-mekanismotzat hartzen da, zelulek estres maila ez-hilgarrietara egokitzeko ematen duten erantzun gisa. (Irudia: Kam23lesh).

Autofagiari buruz hitz egiterakoan, hau apoptositik bereiztea komeni da. Orokorrean, autofagia, babes-mekanismotzat hartzen da, zelulek estres maila ez-hilgarrietara egokitzeko ematen duten erantzun gisa. Zelulak pairatzen duen estresak muga jakin bat gainditzen duenean, edo estres maila bat denboran mantentzen denean, apoptosia izango da aktibatzen dena, zelula deuseztatzeko.

Egundaino, hiru autofagia mota deskribatu dira: xaperoi-bidezko autofagia, mikroautofagia eta makroautofagia. Hiru autofagia motetaik, makroautofagia (autofagia hemendik aurrera) da gehien ikertu den eta hobekien ulertzen den autofagia mota (gizakietan ematen diren zenbait gaixotasunetan duen garrantzia dela eta). Bere ezaugarri nagusia, zitosolaren zati bat autofagosoma izeneko mintz bikoitzeko besikula batek biltzen duela da. Jarraian, autofagosoma, lisosoma batekin elkartzen da (autolisosoma sortuz), eta edukiaren degradazioa ematen da.

Orokorrean autofagiak zelularen funtzio egokia eta biziraupena bermatzen ditu eta, ondorioz, honen asaldurak zelularen funtzionamendua kaxkartzen du, zenbait gaixotasunen agerpenari bide eginez. Saguekin egindako ikerketek erakutsi dute neuronetan autofagia beharrezkoa dela hauek proteinen agregatuetatik garbi mantentzeko.

Honen arian, autofagiaren asaldurak neuroendekapenezko gaixotasunetan duen garrantzia azpimarratu da. Diabetesean berriz, autofagiaren aktibazioak β zelulen estres oxidatibo maila murrizten lagundu dezakeela proposatu da, β zelulak babestuz. Gibel gantzatsu ez alkoholikoari dagokionez, lipofagia bezala ezagutzen den autofagia mota batek gantz tanta handiak apurtzen (hauen erreketa faboratuz) eta gibela babesten duen papera nabarmendu da. Zahartze prozesuan ere autofagiak garrantzia duela ikusi da ikerlan ezberdinetan. Zahartzean zehar, autofagiak kaltetutako osagai-zelularrak deuseztatzen betetzen duen funtzioak, mitokondrioen metabolismo egoki bat mantentzea ahalbidetzen du, oxigenoaren espezie erreaktiboen (ROS) ekoizpena murriztuz. Hala ere, zenbait gaixotasun egoeratan (obesitatea eta minbizia esaterako) autofagiaren aktibazioak kalte egin dezake onura egin beharrean.

Prozesu honek osasun eta gaixotasun egoeratan duen garrantzia dela eta, azken urteetan asko ikertu da autofagia aktiba dezaketen modu eta konposatuen inguruan. Hauen artean kaloria murrizketa (eguneko energia ingestioaren %20-40-ko murrizketa, desnutrizioarik gabe), erresberatrola (mahats eta ardoan aurki daitekeen konposatu fenolikoa), metformina (2 motako diabetesa tratatzeko erabiltzen den farmakoa) eta rapamizina eta honen analogoak (minbizi ezberdinen tratamenduan erabiliak) dira aipagarrienak.

Nahiz eta autofagiaren aktibazioak osasunean onura ezberdinak sor ditzakeela ikusi den, gaur egun oraindik ez dira ezagutzen prozesu honen aktibazioak eragindako efektu guztiak. Izan ere, zenbait egoeratan (obesitatea eta minbizia esaterako) autofagiaren aktibazioa kaltegarria izan daitekeela proposatu da. Datozen urteetan egingo diren ikerketek (zelula eta animalietan nagusiki), etorkizunean autofagia gizakietan ematen diren zenbait gaixotasun eta egoera sendatzen edo hobetzen lagungarria izan daitekeen erakutsiko dute.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 34
  • Artikuluaren izena: Autofagia eta bere erregulazioa osasun eta gaixotasun egoeratan.
  • Laburpena: Autofagia zelula eukariotikoetan berez gertatzen den prozesu bat da, zeinak oreka homeostatikoa mantentzea ahalbidetzen duen (kaltetutako egitura zelularrak degradatuz eta energia-oreka mantenduz) zelula estres edo energia eskuragarritasun mugatuko egoeretan dagoenean. Autofagiari buruz hitz egitean, apoptositik bereiztea komeni da. Oro har, autofagia babes-mekanismotzat hartzen da, zelulek estres maila ez-hilgarrietara egokitzeko ematen duten erantzuntzat. Zelulak pairatzen duen estresak muga jakin bat gainditzen duenean, edo estres maila bat denboran mantentzen denean, apoptosia aktibatuko da, zelula deuseztatzeko. Egundaino, hiru autofagia mota deskribatu dira: xaperoi bidezko autofagia, mikroautofagia eta makroautofagia. Hiru motek duten ezaugarri komuna da lisosoma bidez zitosoleko materialaren degradazioa gertatzen dela. Oro har, autofagiak zelularen funtzio egokia eta biziraupena bermatzen ditu, eta, ondorioz, horren asaldurak zelularen funtzionamendua kaskartzen du, zenbait gaixotasunen agerpenari bide eginez. Autofagiak (edo haren asaldurak) zenbait gaixotasun eta egoeraren (neuroendekapenezko gaixotasunak, diabetesa, obesitatea, gibel gantzatsu ez-alkoholikoa edo zahartzea) sorrera eta garapenarekin duen erlazioa dela eta, komunitate zientifikoa aspalditik dabil prozesu hau aktibatzen edo egoera normalera itzultzen duten molekula edo esku-hartzeen bila. Hala ere, gaur egun prozesu honen aktibazioak eragindako efektu guztiak oraindik ezagutzen ez direnez, beharrezkoa da gizakiekin ikerketa gehiago egitea mekanismo hau helburu terapeutikoekin erabili ahal izateko.
  • Egileak: Iñaki Milton-Laskibar, Leixuri Aguirre, María Puy Portillo.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 157-170
  • DOI: 10.1387/ekaia.19621

————————————————–
Egileez:

Iñaki Milton-Laskibar, Leixuri Aguirre, María Puy Portillo UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Sailean dabiltza.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>