Asteon zientzia begi-bistan #234

Uxue Razkin

Ingurumena

Gizakiak Lurrari egindako kaltea aipatu izan dute askotan zientzialariek. Iaz, adibidez, ohartarazi zuten berdin jarraituz gero Lurrari egindako kaltea atzeraezina izango da. 184 herrialdeko 15.000 zientzialarik baino gehiagok izenpetu zuten World Scientists’ Warning to Humanity: a second notice dokumentua. Helburua argia da: gizartearen arreta deitzea. Bederatzi adierazleren eboluzioa aztertu dute lanean; horietako batean dago hobekuntza, besteetan okerrera egin du egoerak 1992. Zeintzuk diren ezagutu nahi duzu? Zientzia Kaiera blogean dituzue datu

Medikuntza

Migrainak zein mekanismoren bidez sortzen diren identifikatu dute Frantziako Zientzia Ikerketarako Zentroko ikertzaileek: proteina baten mutazioan dago gakoa. Elhuyar aldizkariak kontatu digu berria: neuronen jarduera elektrikoa inhibitzeko gaitasuna du berez proteinak, baina, mutazioaz, gaitasuna galtzen du eta ondorioz hiperestimulazioa sortzen da neurona sentsorialetan. Tratamendu eraginkorrik ez dago oraindik.

Osasuna

Burumakur eta triste egoteko joera dugu Gabonetan. Garai hauetan zabaldu ohi den mitoa da suizidioak areagotzen direla. Usteak erdi ustel. CDC-AEBtako Centers for Disease Control and Prevention erakundearen arabera, azaroan eta abenduan gertatzen dira buru-hilketa gutxien, eta udaberrian gehien. Adituek diotenez, Gabonetako oporraldiak dakarren estresa ez da suizidiora eramaten duen estres-mota. Orduan nondik dator mitoa? Baliteke It’s a Wonderful Life filmean egotea jatorria. Horrekin lotuta, komunikabideek ere kalte handia egiten dute, uste hori zabaltzen laguntzen baitute.

“Min dut bihotzean” askotan esan dugun esaldia da, sentitzen dugun mina sakona denean erabiltzen dugu, alegia. Baina noraino da metaforikoa esaldia? Ana Galarragak kontatu digu Finlandiako Turku Unibertsitatean urteak daramatzatela emozioen eta gorputzaren arteko lotura ikertzen eta berriki sentimenduen mapa aurkeztu dutela. Laburbilduz, sentimendu eta emozioak sailkatu dituzte eta non kokatzen diren ikusi dute. Ikertzaileek ondorioztatu dute sentimenduak gorpuztuta daudela. Oso interesgarria!

Elikagaiei dagokienez, Berrian jakinarazi digute, Espainiako Gobernuak jakinarazi du Nutriscore etiketa sistema ezartzeko asmoa duela. Sistema honek produktuen kalitatea neurtzen du, eta koloretako grafiko baten bitartez erakusten du. Guztira, bost maila daude, berdetik gorrira. Nutrizio kalitatea neurtzen da horrela. Obesitatearen aurkako prebentzio estrategiaren barruak jarri du neurria Espainiako Gobernuak. MOE Munduko Osasunaren Erakundeak ere sistema babesten du.

Astronomia

Eguzki-sistemako planetarik urrunena aurkitu dute, Eguzkitik 18.000.000.000 km-ra dago, zehazki. Planeta nanoa da eta 1000 urte baino gehiago behar ditu Eguzkiaren inguruan buelta emateko. Haren distiran jarri dute arreta; horri begiratuz kalkulatu dute 500 km inguruko diametroa izan dezakeela. Kolore arrosa leun bat du eta izotz-kantitate handiaren erakusgarri izan daitekeela adierazi dute. Farout ezizena jarri diote. Elhuyar aldizkariak argiro azaldu digu artikulu honetan. Ez galdu!

Kimika

Konposatu kimikoen gehiegizko erabilerak ingurumenean kalteak sor ditzakeela ezin dugu ahaztu. Gauzak horrela, erakundeek konposatu kimikoen presentzia arautzea helburu dute. Bi legedi daude hori jasotzen dutenak eta horien artean topa daitezke adibidez konposatu disruptore endokrino (EDC) izenez ezagutzen diren konposatuak. Eragin ditzaketen kalteen artean, besteak beste, malformazioak, populazioen aldaketak edo intersexualitatea dira nabarmentzen direnak.

Teknologia

MODELA euskarazko itzultzaile automatiko berriaren inguruan hitz egin du Itziar Cortes ingeniariak elkarrizketa honetan Zarauzko Hitzan. Proiektuaren arduradunetako bat da eta itzultzailearen inguruan aritu da. “Ez da testu edo itzulpen zatirik gordetzen; funtzio matematikoaren segida bat sortzen du”, azaltzen du. Gaineratzen du oso tresna ona dela oso deskribatzaileak diren testuak itzultzeko baina ez leloak, metaforak eta abar itzultzeko. Cortesek dio horretarako oraindik ez duela balio.

Biologia

Zergatik ibil daitezke uraren gainean gekoak? Orain badakigu galdera horren erantzuna Juanma Gallego kazetariari esker: narrasti txiki honek zuhaitzetara igotzen denean edo izotzaren gainean ibiltzeko gai da hatzetan dauden ile mikroskopikoei esker. Horretaz gain, uraren gainean ibiltzeko gaitasuna du, besteak beste, argitu dute uraren gainazal-tentsioa baliatzen du desplazamendu hori lortzeko. Halaber, hanken mugimendua funtsezkoa dela ikusi dute.

Senak animalien jokaeran duen paperari buruzko lehen gogoetak Aristotelesen, estoikoen eta Galenoren lanetan aurkitzen dira. Lehenengo bereizketa bat egin zuten: batetik, animalien jokaeraren aldaezintasuna, “naturari” zegokiona, eta, bestetik, gizakien egintzen aldakortasuna, “arrazoimenari” zegokiona. Hala ere, Aristotelesen jarraitzaileek animalia ez gizakiei “arrazoimen txikiago” halako bat aitortzen zieten. XVII. mendean, filosofoek lotu egin zuten senezko jokaera gorputzaren antolaketarekin. XVIII. mendean, aldiz, uste zuten animalien senak eta gizakien arrazoimena esperientziatik ikasteko oinarrizko ahalmen beraren ondorioa zirela. Senaz aritu zirenen ideiak garatuz joan ziren mendez mende. Irakurri osorik artikulua, ez zarete damutuko!

Emakumeak zientzian

Asteon Barbara McClintock genetistari buruz artikulu bat plazaratu dugu. Bertan bere lanari buruz hitz egin dugu: Medikuntzako Nobela bakarka irabazi zuen lehen emakumea izan zen. Meiosian gertatzen diren geneen birkonbinazioa eta transposizio mekanismoak azaltzeko gai izan zelako jaso zuen saria, 1983an. Artoaren landarea izan zuen eredu, haren egitura genomikoa ondo ezagutzen baitzuen. Horiek aztertzean genoma zati berezi batzuk identifikatu zituen: transposoiak. Genetikan iraultza abiatu zuen. Baina gainontzeko zientzialariek ez zuten bere aurkikuntza onartu 81 urte bete zituen arte, hau da, Nobela jaso zuen arte.

2018. urtea laburrean

Elhuyarrek urte honetan zientzia eta teknologia arloan publikatu diren albiste ugari bildu ditu artikulu honetan. Horien artean, genetikoki eraldatutako haurren afera, GIBaren ikerketan eman diren pauso berriak eta MODELA itzultzaile automatiko adimendua azpimarratu ditu, besteak beste.

Laburpen gisa ere badugu munduan gehien aipatu diren zientzialarien zerrenda ospetsua. Hori gauzatzeko, azken hamar urteetan argitaraturiko artikuluak kontuan hartzen dituzte eta beste zientzialarien zenbat aipamen jaso dituzten zenbatzen dute. Zerrendan Euskal Herrian lan egiten duten zazpi agertzen dira. Ikus dezagun zeintzuk diren, Berriaren eskutik: Humberto Bustinze, Adimen artifizialaren ikertzailea NUPen; Luis Liz-Marzan CIC Biomaguneko zientzia zuzendaria; Javier Aizpurua, Materialen Fisika Zentroko ikertzailea eta Angel Borja Azti Tecnaliako ikertzailea dira, besteak beste, zerrenda horretako protagonistak. Ezagut ezazue euren lana!

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>