Asteon zientzia begi-bistan #232

Uxue Razkin

Fisika

Gizakia gauzen neurria zenean, mundua oinekin, besoekin eta eskuekin neurtzen zen, besteak beste. Baina zientzialariak hori aldatzen joan ziren. Neurriak oso garrantzitsuak dira, ikerketa zientifikoen zorroztasunean eta komunikazioan oinarrizkoak dira. Kilogramoa izan da objektu bat erreferentzia izan duen azkeneko neurria. Baina urrian Munduko 57 estatutako ordezkariak bildu ziren Pisu eta Neurrien Batzar Orokorrean, eta orain arte kilogramo bat zer den definitu izan duen erreferentzia aldatzea bozkatu zuten. Ildo horri jarraiki, testu honetan Nazioarteko Sisteman zazpi funtsezko unitateetatik lauen historia kontatu digute: kelvina (tenperatura), segundoa, metroa eta kilogramoa, hain zuzen.

Ingurumena

Plymouth-eko Unibertsitatean ikusi dute Ozeanoetako nanoplastikoak ordu gutxian metatzen direla bizidun urtarren organoetan. Bieirak erabili dituzte proba egiteko. Beste datu garrantzitsu bat eman dute aditzera: ordu horiek igarotakoan bieirak ur garbitara pasa bazituzten ere, nanopoliestirenoak hor jarraitzen zuen handik hainbat astera. 25 nm-ko partikulak 14 egunez hauteman dituzte, eta 250 nm-koak, berriz, 48 egunez.

Biologia

Uste oker nahiko zabaldua da pentsatzea sudurra eta belarriak hazten jarraitzen dutela adinarekin kartilagoa etengabe sortzen delako. Hori ez da guztiz zuzena. Belarriak eta sudurra handitu egiten dira, bai, eta arrazoia sinplea da, Josu Lopez-Gazpiok azaltzen digun moduan: grabitatearen ondorioz handitzen dira. “Edadetu egin ahala, kolagenoa eta elastina zuntzak apurtzen hasten dira eta ahulagoak egiten dira. Grabitatearen ondorioz, zuntzak luzatu egiten dira eta kartilagoa handiagoa dela dirudi”, dio Lopez-Gazpiok.

Inurrien portaera aztertuta, zientzialariek aurkitu dute inurriek estrategia berezia garatu dutela onddo batek eragindako gaixotasun bati aurre egiteko. Horretarako, “berrogeialdia” egiten dute. Inurri beltzean behatu dute portaera hori, hain zuzen. Zientzialariek ikusi dute patogenoak kolonia batean sartzen direnean, inurriek euren portaera aldatzen dutela eta, modu horretan, gaixotasunaren hedapena galarazten dela. Jokabide harrigarri hau azaltzen du Sylvia Cremer ikertzaileak: “Inurriek osatzen dituzten talde txikiak are indartsuagoak bihurtu dira, eta talde horien arteko kontaktua gutxitu egin da. Janari-biltzaileek elkarrekintza gehiago izan dute beste janari-biltzaileekin, eta kume-zaintzaileek berdin egin dute beste kume-zaintzaileekin”.

Osasuna

Higienea ezinbestekoa da osasuna zaintzeko eta gaixotasun asko higiene ohiturak hobetuz saihestu daitezke. Eskubide bat da baina denek ez dute hori bermatuta. Horri aurre egiteko, Bill Gatesek teknologia gehitu die gaur egungo komunei, urik behar ez duten eta giza hondakinak ongarri bihurtzeko gai diren komunak dira.

Astronomia

Argiaren aberrazioaz mintzatu da Cesar Tomé Lopez. Bi faktorek baldintzatzen dute hori: Lurrean dagoen behatzailearen abiadurak eta argiaren abiadurak. James Bradleyk topatu zuen argiaren aberrazioa. Hori aurkitzearekin batera, behin-betiko argudioa lortu zen teoria geozentrikoa baztertzeko. Ikerketak aurrera egin ahala, lehen aldiz mugatu zen zehatz-mehatz argiaren abiadura, konstantea zela ezarri zen, eta posizio-astronomiaren zehaztasuna hobetu.

Arkeologia

Arkeologia biomolekularra aplikatu dute azterlan batean Goi Erdi Aroko landako gizarteen dieta ikertzeko. Zehazki, Boadilla herrixkan bizi ziren biztanleen elikadura aztertu dute. Emaitzei erreparatuta, esan daiteke elikadura neguko laboreetan zegoela oinarrituta. Horretaz gain, animalia jatorriko elikagaiak (haragia, arrautzak, esnea, esnekiak) gutxi eta noizean behin baino ez ziratekeen kontsumituko. Era berean, albo batera utzi ahal izan da arrainaren kontsumoa. Beste hainbat datu lortu dituzte ikerketa-lan honen bidez. Ez galdu!

Ingeniaritza

Eraikinen birgaikuntza energetikoaren ebaluazioan datzan doktoreko-tesia aurkeztu digute artikulu honen bidez. Lanak egoera energetikoa izan du hizpide: Gaur egun, eraikinetan erabiltzen den energia kontsumoa Europar Batasuneko energia kontsumo osoko %40 baino gehiago da. Testuinguru honetan, birgaitze energetiko ezberdinen eragina zehaztasunez neurtzeko metodologiak gero eta beharrezkoagoak dira. Artikuluak tesian egindako atal esperimentalak azaltzen ditu eta datuen tratamendua garatzen da bi simulazio ereduren bidez: kutxa zuriaren eredua (TRNSYS), eta kutxa grisaren eredua.

Geologia

Luis Miguel Martinez geologoa elkarrizketatu du Berriak. Bertan, bere ikerketaz hitz egin du, historian erabili izan diren eraikuntza sistemetako harriez mintzatu da, alegia. Arabako trikuharriak aztertu ditu eta liburu bat publikatu du. Martinezen esanetan, “trikuharriak panteoiak dira. Urte askotan erabili izan dira, milaka urteetan. Jende asko lurperatu dute horietan, objektu guztiekin”. Halaber, azaldu du ikerketan ezusteko batekin topo egin duela. Irakur ezazue osorik elkarrizketa!

Emakumeak zientzian

Ainitze Labakak, erizaintza ikasten ari zela, pazienteekin lan egiteko asmoa zuen. Orduan ez zuen imajinatzen laborategi batean lan egingo zuenik. Bada, ikasketen amaiera iritsi zen eta ez zuen erizaintzan hasteko aukerarik izan. Masterra egin zuen, beraz, Psikobiologia, UPV/EHUn. “Ikerketa-lerroen artean estresa eta depresioa, estresa eta minbizia eta halakoak zeuden, eta horrek asko erakarri ninduen. Izan ere, pazienteekin tratua izan nuenean, konturatu nintzen askotan lotzen zutela gaitza bizitzako egoera zail edo txar batekin. Eta guztiok dakigu estresa txarra dela osasunerako, baina ez dakigu ondo zer egiten duen eta nola”. Ezegonkortasun sozial kronikoaren estresa sagu emeetan, eta aldaketa immunitarioak, neurokimikoak eta jokabide-aldaketak izenburuarekin hasi zuen tesia. Bere helburua zen aztertzea zer mekanismo fisiologikoren bidez eragin dezakeen “estresak depresio bat; eta, bestetik, emeetan dela. Zergatik emeetan?”. Orain Labakak eskolak ematen ditu eta tesiaren ikerketa-ildoan sakontzen jarraitzen du.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>