Argiaren aberrazioaz

César Tomé López

Argiaren aberrazioa aurkitzearekin batera, behin-betiko argudioa lortu zen teoria geozentrikoa baztertzeko eta, beraz, Galileoren ideiak aldarrikatzeko. Ikerketak aurrera egin ahala, lehen aldiz mugatu zen zehatz-mehatz argiaren abiadura, konstantea zela ezarri zen, eta posizio-astronomiaren zehaztasuna hobetu.

1. irudia: James Bradley astronomoak, aurkitu zuen argiaren aberrazioa, ustekabean.

Izar baten posizio erreala eta behatutakoa (edo itxurazkoa) desberdinak dira, izan ere, Lurrean dagoen behatzaile batek Lurra erreferentzia-sistema finkotzat dauka, baina momentu oro ari da mugitzen izar horretatik datorren argi-izpien ibilbidea zeharkatuta. Bi posizioen arteko desberdintasun hori, argiaren aberrazio izenaz ezaguna, bi faktorek baldintzatzen dute: Lurrean dagoen behatzailearen abiadurak eta argiaren abiadurak. Egun, badakigu Lurra bere orbitan mugitzearen ondoriozko desbideratzea gehienez 20,47 arku-segundokoa dela. Errotazioak ere antzeko efektua sortzen du, baina hein txikiago batean.

2. irudia: Bi faktorek baldintzatzen dute argiaren aberrazioa: Lurrean dagoen behatzailearen abiadurak eta argiaren abiadurak. (Irudia Ahaldaren irudian oinarritua).

James Bradley Britaniar Koroaren hirugarren astronomoak, ustekabean aurkitu zuen argiaren aberrazioa. Ez zebilen horren bila, izar-paralaxiaren existentzia frogatzeko ebidentzia bila baizik: Eguzki-Sistemaren eredu heliozentrikoaren funtsezko kontzeptu bat zen izar-paralaxia. Lurraren orbitaren diametroa 300 milioi kilometro ingurukoa denez, gertuko izarrek beren urrutiagoko izarrekiko itxurazko posizioa aldatu beharko lukete Lurrak bere orbitan zehar biratu heinean. Horixe zen Bradleyren ikerketaren abiapuntua.

Robert Hooke eta Jacques Cassini Londresen eta Parisen ibili ziren, hurrenez hurren, paralaxi-angeluak neurtu nahian, baina alferrik. Bradley eta bere lagun Samuel Molyneux-ek, berriz, Hookek 1669an Eltanin (gamma-Draconis) izarrari egindako behaketak egiaztatzea erabaki zuten, Londreseko latitudearen bertikalari jarraikiz.

Garaiko teleskopioak luzeak ziren, deserosoak eta tuboek sortutako flexioen arazoa zeukaten. Molyneuxek enkargua egin zion George Graham erlojugile britainiarrari teleskopio errefraktore bertikal bat eraiki ziezaion, 24 oin, alegia, 7,3 m luzekoa. Hori erabilita, Eltanin egunean behin behatzeko aukera izango zuen. Izarra zenitean behatzeak zeukan abantaila gehigarria atmosferaren errefrakzioa zuzendu behar ez izatea zen.

Bradleyk eta Molyneuxek desbideratzeak ikusi zituzten izarraren posizioan, baina ez paralaxia zela eta espero zitezkeenak. Eltaninena bezalaxe, bertikalean beste izar batzuen posizioak ere desbideratu egiten ziren. Lurraren ardatza norabidea aldatzen aritzea baztertu eta gero, Bradleyri arazoaren konponbidea bururatu zitzaion, Tamesis ibaian belaontzi txiki batean nabigatzen ari zela. Ikusi zuen ezen ontziak kontrako norabidea hartzen zuenean, mastaren puntan zegoen bandera txikiaren norabidea ere aldatzen zela, nahiz eta haizeak bere horretan jarraitu: itsasontziaren noranzkoa eta abiadura ziren aldatzen ziren faktore bakarrak. Bradleyk kalkulatzeari ekin zion, Lurrak orbitatzean dituen noranzko eta abiadurak zer eragin zuten aurkitzeko asmoz, imajinatuta izarretik zetorren argiaren abiadura konstantea zela Lurretik behatutako itxurazko posiziorako. Bere ondorioa: fenomenoa, funtsean, izarretik zetorren argiaren abiadura eta Lurretik zetorrenaren abiadura-bektoreen batuketak azaltzen zuen. Behaketek eta kalkuluek bat egiten zuten. 1729ko urtarrilean, Royal Societyari iragarri zizkion bere emaitzak.

Argiaren aberrazioak harrigarriro frogatzen zuen kosmologia heliozentrikoa, eta hori lagungarri izan zen Benedikto XIV.ak, zientzia zalea omen zenak, Kopernikoren lanak «Liburu Debekatuen Zerrenda» hartatik ezabatzeko, 1758an. Horrekin batera, argiaren aberrazioak izarren erregistraturiko posizioetan zuen eragina ere ezabatu zenean, posizio-astronomiak nabarmen egin zuen hobera.

3. irudia: Argiaren aberrazioak izarren posizioetan zuen eragina kontuan izatean, posizio-astronomia hobetu zen. (Irudia: TxAlien)

Izar guztien aberrazioak norabide jakin batean balio berdina zuen, distira (eta, beraz, distantzia) gorabehera; horrek erakusten zuen argiaren abiadura konstantea zela, Bradleyk bere kalkuluetan uste izan zuen moduan. Zehazki, Lurrera iristeko Eguzkiaren argiak 8,2 minutu behar zuela kalkulatu zuen, egun onartuta dagoen balioa baino 0,1 minutu gutxiago, hain zuzen.

Bestalde, eta bukatzeko, emaitza horiek frogatzen zuten izar-paralaxiaren neurri desiratu hura kalkulatzea ezinezkoa zela garaiko tresneriaren zehaztasun-mailarekin, arku-segundu bat baino gutxiagokoa izan behar baitzen.

——————————————–

Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao

——————————————–

Iruzkin 1

Eman iritzia

IñakiIñaki

Benetan interesgarria zure idatzia. Honi batutzen badiogu erlatibitate bereziaren bigarren prinzipioa (alegia argiaren abiadura -hutxunean- konstantea dela eta begiralearen abiadurarekiko konstantea dela) optika elatibistikoaren hesparru interesgarrian sartuko ginateke. Oso interesgarria nere iritziz Carl Sagan zientzialariak zientzia telesail batetan eginiko dokumental bat.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>