Arkeologia biomolekularra bisigodoen dieta ikertzeko

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Azterlan batean aplikatu dute teknika Goi Erdi Aroko landako gizarteen dieta ikertzeko.

Irudia: Maite Iris García Collado UPV/EHUko ikertzaileak bisigodoen garaiko nekazari gune baten gizartearen dieta ikertu du, arkeologia biomolekularra baliatuta.

Boadilla herrixkan bizi ziren biztanleen elikadura izan da ikertutakoa. Toledoko gaur egungo Illescas udalerriaren kanpoaldean kokatutako nekazari gune bat izan zen Boadilla, bisigodoen garaikoa (K.o. VI-VIII. mendeak).

Analisi biomolekularrari esker, biztanle talde baten dieta berregin daiteke eta, horrez gain, metodo tradizionalen bidez aztertuz gero, potentzial urria izango luketen multzo antropologikoen historia osa daiteke.

Azterlan antropologiko tradizionala egin da Boadillan lurperatutako biztanleriaren tamaina eta haien profil demografikoa (adina eta sexua) zehazteko eta ikusi da biztanleria egonkorra zela eta adin kategoria guztiak zeudela bertan ordezkatuta.

Bestalde, ausaz hautaturiko biztanle batzuen karbono-nitrogeno isotopo egonkorrak analizatu dira. Jaten diren elikagaien konposizio kimikoa organismoko ehunen konposizio kimikoan gelditzen dela islatuta hartzen du premisa gisa teknika honek. Horrenbestez, biztanle talde arkeologiko baten gorpuzki antropologikoen konposizioa aztertuz gero, haien dieta nolakoa zen jakin daiteke.

Ikerketa honekin frogatu da analisi biomolekularrari esker biztanle talde baten dieta berregin daitekeela eta, horrez gain, soilik metodo tradizionalen bidez aztertuz gero potentzial urria izango luketen multzo antropologikoen historia osa daitekeela.

Laboreetan oinarritutako dieta

Karbono isotopoak aztertuta, esan daiteke Boadillan lurperatutako biztanleen elikadura neguko laboreetan zegoela oinarrituta. Kategoria horretakoak dira garia, garagarra, zekalea eta oloa. Dena dela, ziklo laburreko laboreek ere pisu handia zuten komunitatearen dietan (kronologia horretan sartzen dira artatxikia eta artatxiki iletsua).

Bai azterlan honek, bai aurretik egindako beste batzuek adierazten dute labore txiki horien ekoizpena eta kontsumoa euren ekoizpenaren gainean nolabaiteko autonomia eta kontrola zuten nekazarien bereizgarria izan litekeela. Artatxikiak oso nutritiboak eta ekologikoki eraginkorrak dira, baina tradizionalki ez dira oso preziatuak izan. Horregatik, ez datoz bat goragoko botere batek lantzen diren produktuak kontrolatzen dituen egoerekin eta zentzuzkoagoa da nekazariek eurek uztak dibertsifikatzeko erabakia har dezaketen egoeretan.

Nitrogeno isotopoen bidez detektatu ahal izan diren animalia jatorriko elikagaiak (haragia, arrautzak, esnea, esnekiak) gutxi eta noizean behin baino ez ziratekeen kontsumituko. Era berean, albo batera utzi ahal izan da arrainaren kontsumoa.

Hortik abiatuta, biztanle taldearen barruan dieta bera nola aldatzen zen aztertu dute. Laboreen kontsumoari dagokionez, ez da alderik hauteman adin kategoria batetik bestera.

Alabaina, ikusi da eredu bati jarraitzen ziotela animalia jatorriko proteinak kontsumitzeko orduan. Nitrogeno isotopoen emaitzen arabera, biztanle gazteenek (2 eta 8 urte artekoek) kontsumitzen zuten animalia jatorriko jaki gutxien. 8 eta 14 urte artekoek haragi, arrautza, esneki eta bestelako elikagai eratorri gehiago kontsumitzen zituzten eta nerabeek (14 urtetik gorakoek), berriz, helduek bezainbeste kontsumitzen zuten.

Horrek esan nahi du produktuak adinaren arabera eskuratzen zituztela eta gazteenek halako produktu oso gutxi lor zitzaketela. Gainera, erakusten du gutxi gorabehera 14 urtetik aurrera hasten zirela nerabeak heldu gisa tratatzen.

Bestalde, ikertu da ea alderik dagoen apaingarri pertsonalekin edo eguneroko tresnekin batera lurperatutako pertsonen elikaduraren eta objekturik gabe lurperatutakoen elikaduraren artean. Sarritan uste izan da gorpuzkiekin batera jarri ohi ziren objektu horiek norbanakoaren posizio soziala adieraz zezaketela. Hala balitz ez zatekeen alde nabarmenik egongo pertsona esanguratsuagoen dietaren eta pertsona ez hain esanguratsuenen artean.

Gainera, egiaztatu ahal izan da hilobi berean lurperatutako norbanakoen dietak antzekoak zirela eta horrek berretsi egiten du hobiok familia talde handien panteoi gisa erabiltzen zireneko hipotesia.

Azkenik, etxeko animalien lagin batzuk aztertu dira. Animalia horien elikadura zehaztea baliagarria izan liteke herrixka horretan lantzen zen abeltzaintza karakterizatzeko. Emaitzarik interesgarriena da estrategia bat edo beste erabiltzen zela espezie bakoitzerako. Behiak, ardiak eta ahuntzak, ziur asko, herrixkatik gertuko lurretan bazkatzen ziren eta horrek soro landua ongarritzeko modua ematen zuen. Zaldiak, berriz, kokagunetik urrutixeago zeuden larre irekietara bidaltzen zituzten ziurrenik.

Teknika erabilgarria

Arkeologia biomolekularraren teknikak alternatiba erabilgarria izan daitezke Goi Erdi Aroko Iberiar penintsulako landa gizarteen askotariko alderdi sozial eta ekonomikoekin lotutako datu berriak lortzeko eta, hala, multzo antropologiko horiei balio historikoa emateko.

Sasoi hartako landako habitatei buruz datu askorik ez dago: dauden iturri idatzi urriek ezer gutxi kontatzen dute haiei buruz eta utzitako gorpuzki arkeologikoak urriak dira eta ezkutu samar daude.

Horrelako testuinguruetan ohikoak dira eremu handia hartzen duten hilerriak, ilara irregularrak osatzen dituzten hilobiekin. Pertsona bat edo batzuk ehorzten zituzten bata bestearen ondoren, sarritan askotariko objektuekin batera. Haatik, ez zaio askorik erreparatu hilerri horietako material antropologikoari, zatikatuta eta gaizki kontserbatuta egoten delako maiz.

Horrek oztopoak ekarri ditu biztanleria horien berri izateko, aintzat ematen baitzen haien gorpuzki antropologikoetatik oso informazio urria atera zitekeela.

Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Arkeologia biomolekularra, gorpuzki antropologikoak ikertzeko alternatiba

Erreferentzia bibliografikoa:

García-Collado, Maite I., et al., (2018). Palaeodietary reconstruction as an alternative approach to poorly preserved early medieval human bone assemblages: the case of Boadilla (Toledo, Spain). Archaeological and Anthropological Sciences, 1250, 1-18 DOI: 10.1007/s12520-018-0672-0

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.