Brontze Aroko txakurren elikadura, azalera

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Duela hiru milurteko txakurretan pilatutako isotopoak alderatuta, ikertzaile talde batek ondorioztatu du gizakiek dagoeneko animalia hauek elikatzen zituztela. Ordurako, txakurren elikaduran zerealak eta animalia jatorriko proteinak sartzen zituzten.

Lagun finak ditugu txakurrak, eta gizaki askok haiekin partekatzen dute euren bizitzaren zati garrantzitsu bat. Egia da zaintza lanetan edota ehiza bezalako jardunetan erabiltzen direla ere, baina nahiko agerikoa da gaur egun lagun egitea dela haien funtzio nagusia. Ez da beti horrela izan. Historian zehar, jardun ekonomikoetan laguntzaile gisa erabili izan dira, baina gerretan ere baliatu izan dira; azken honen kasurik ezagunena da Ameriken konkistarena, baina asiriarren horma irudietan agertzen dira gerra txakurrak, eta, are goizago, egungo Danimarkan dagoen Hjortspring izeneko botozko itsasontzian gerra txakurren zantzuak aldarrikatu dituzte; non eta Burdin Aroan.

txakurren elikadura
1. irudia: Artzaintzaren garapenarekin batera, txakurrak artaldeak babesteko tresna garrantzitsu bilakatu ziren. Etxekotze prozesu horretan, gizakiak txakurren elikaduran eragin nabarmena izan zuen, orain agerian geratu denez. (Argazkia: William Milliot / Unsplash)

Txakurrak tresna gisa erabili izanak ez du halabeharrez esan nahi, noski, haiekiko lotura emozionala indartsua ez zenik. Lan gogorrei eta erronka handiei ekin behar zaienean sortu ohi dira harremanik indartsu eta jarraituenak. Idazkera asmatu zenean, lotura horien froga idatziak geratu zaizkigu, baina Historiaurrean eta historiaren hastapenetan idazketarik ez zuten komunitateen kasuan zailagoa da lotura hori norainokoa zen igartzea. Baina aztarnategietan geratzen diren zantzuetan abiatuta, harreman posible horien printza ederrak antzematen zaizkie estratu desberdinetan txertatutako arrastoei.

Arkeologian ohikoa denez, ehorzketetan igartzen dira hoberen lotura horiek. Kasu batzuetan, gainera, herrietan txakurrak ehorzten dira. Hori gertatzen da, adibidez, Sabadelleko Can Roqueta aztarnategian. Bertan ehortzitako 82 kanidoren arrastoak daude, ia gehienak txakurrenak. Identifikatu gabeko bi kanido handiren (otsoak, seguruenera) eta azeri baten arrastoak badira ere. Batzuetan, gainera, animalia horiek nahita hil eta gizakiekin batera ehorzten zituzten, gizarte horretan txakurrek dagoeneko hartua zuten garrantziaren adierazle.

Txakur horietatik, ikertzaile talde batek 36 aztertu ditu, hezurretan aurkitutako isotopoei erreparatuta. Arrastook Kristo aurreko 1300-550 urte artean datatuta daude. Horrela, Brontze Aroko eta lehen Burdin Aroko txakurren elikadura berreraikitzeko moduan egon dira. Journal World Prehistory aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean jaso dutenez, haien elikadura, hein handi batean, gizakiek prestatutakoa izan zen.

Aipatu bezala, isotopoen analisian oinarritu dute ikerketa. Zehazki, hezurretan aurkitutako Karbono-13a eta Nitrogeno-15a alderatu dituzte. Jasotako elikaduraren arabera, zenbait isotoporen kopuruak desberdinak dira; hortaz, horiek neurtuta eta alderatuta, ondorioztatu daiteke gutxi gorabehera elikadura horren oinarriak.

Askotan horrelako ikerketatan ziurtasun gutxi eta espekulazio ugari jasotzen dira. Alabaina, kasu honetan, ezin daiteke esan emaitza ziurra ez denik. Izan ere, egiaztatu ahal izan dute berez haragijaleak diren animalia hauen arrastuetan zerealak eta lekadunen zantzuak daudela. Eta hau, noski, soilik giza komunitateekin mantendu zuten harremanari baino ezin dakioke egotzi.

txakurren elikadura
2. irudia: Can Roqueta aztarnategian txakur askoren arrastoak aurkitu dira, horietako asko oso ondo kontserbatuta, gainera. Argazkian horietako bat azaltzen da. (Argazkia: Bartzelonako Unibertsitatea)

Elikadura mistoa zen animalia hauek Neolitotik gizakien aldetik jasotzen zutena, aipatutako elikagaiez gain haragia ere jasotzen duelako. Ikertzaileek suposatzen dute zerealen irina urarekin nahasten zutela, eta animalien puskak ere ematen zizkietela. Hau da, Neolito aroko gizakiek txakurrak artatzeko denbora eta baliabideak bideratzen zituzten.

Ikerketa honen berritasunik handiena, baina, artatxikia bezalako zereal berrien sarrera egiaztatzea izan da. Glutenik gabeko zereal hau Brontze Aroaren erdialdean sartua izan zen iberiar penintsularen ipar-ekialdean, eta, ikertzaileek prentsa ohar baten bitartez azaldu dutenaren arabera, aldaketa garrantzitsua ekarri zuen. Batetik, nekazaritza sendoagoa egitea ahalbidetzen zuen, ur askorik behar izan gabe azkar hazten delako, eta horrek aukera ematen du urtean zehar laborantzak dibertsifikatzeko. Bestetik, glutenik gabeko zereala izanda, horren kontsumoa arinagoa zela argudiatu dute.

Egiaztatu ahal izan dutenez, txakur horien guztien elikadura ez zen guztiz uniformea. Eskuratutako datuetan oinarriturik, bi txakur talde bereizi dituzte: elikadura haragijalea izan zutenak eta nagusiki begetaletan oinarritutakoa izan zutenak. Horrek, noski, dibertsifikazio funtzional baten zantzua izan litekeela ondorioztatu dute, eta norabide berdinean ulertu dute denbora joan ahala aztarnategiko arrastoetan gero eta gehiago nabaritu den tamainen desberdintasuna. Alde hauek Burdin Arotik aurrera nagusitzen hasi zirela aurreratu dute.

Ikertzaileek uste dute txakurrik handienak ardiak zaintzeko erabiliak izan zirela. Izan ere, Burdin Aroa aurrera egin ahala, jardun horrek gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen, are konplexuagoak bihurtzen ari ziren egitura sozial eta ekonomikoekin batera. Garapen horretan, abereek garrantzi handia izan zuten, baina, animalia horietatik guztietatik, soilik txakurrekin –eta maila apalago batean, katuekin– eratu zen harreman guztiz berezia. Gaurdaino. Kuriosoa da ikustea nola, gizaki egiten gaituzten gauzen artean, beste animalia bat laguntzat hartzeko gaitasun paregabea dugun.

Erreferentzia bibliografikoa:

Albizuri, Silvia, et. al. (2021). Dogs that ate plants: changes in the canine diet during the late Bronze Age and the first Iron Age in the northeast Iberian Peninsula. Journal World Prehistory, 34, 75–119. DOI: https://doi.org/10.1007/s10963-021-09153-9


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.