Gorri guztiak dira deigarriak

Ekaia Txapartegi

Soineko gorri bat edozein festa, terraza edo saraotan nabarmentzen da. Jantzi gorri batek gure arreta erakartzen du, baina galdetu al diozu zeure buruari zergatik ote den?

1. irudia: Arrosa gorria. (Argazkia: Peggy Choucair / Pixabay – Pixabayren lizentziapean)

Zuria, beltza eta gorria

Linguistikoki, «gorri» lehena da, lehen hitz kromatikoa, gainerako koloreen senide nagusia.

Giza kultura batzuetan ez da hitzik sortu kolore batzuk izendatzeko; esaterako, «horia», «arrosa» edo «marroia». Aldiz, guztiek bereizten dituzte eguna eta gaua. Ikus daitekeena eta ezin daitekeena ikusi. Nolabait, giza hizkuntza guztietan bereizten dira «zuria» eta «beltza», «argia» eta «iluna». Baina hortik aurrera, kultura batzuek ez dute hitzik sortzeko beharrik sentitu zenbait kolore izendatzeko.

Hizkuntzen bilakaeran, ordea, une jakin batetik aurrera, gizarteak kanpoko itxurari (koloreei) erreparatuta izendatzen ditu gauzak. Eta, gauzak zer diren, ia beti, funtzio hori betetzeko sortzen den lehen hitza, zuriaz eta beltzaz gain, gorria da.

Hizkuntza antropologiari esker, badakigu giza hizkuntza batek kanpoko itxura izendatzeko hiru hitz bakarrik erabiltzen baditu, hiru hitzok «argi», «ilun» eta «gorri» direla. Bistan da, psikologo kognitibo ororen arreta erakartzen du horrek. Koloreen artean berezia izan behar da gorria; izan ere, hizkuntzalaritzan bederen, ia beti da lehen kolorea. Edo, bestela esanda, izango du zerbait, bizitasun bereziren bat, beti egokitzen baitzaio lehena izatea, senide nagusia.

Koloreak atera zizkion

Lehen kolorea izanik, normala da hizkuntza batzuetan gorriak «kolore guztiak» edo «edozein kolore» adieraztea. Komantxez, esaterako, gorri eta kolore sinonimoak da. Greziera klasikoan ere, chroma hitzaren erroa chros da, giza larruazala ere izendatzen duena, edo, oro har, kanpoko itxura. Gainera, okre hitzak erro bera du; jatorrizko gorria.

Baina ez dago zertan hainbeste urrundu. Zer da, bada, «koloreak ateratzea», lotsagorritzea ez bada?

2. irudia: Txinan ohikoa da faroltxo gorriak zintzilikatzea Urte Berri txinatarrari ongietorria emateko. (Argazkia: Dileep Kaluaratchie / Pixabay – Pixabayren lizentziapean)

Era berean, garatzeko denbora tarte handiena izan duen kolorea da. Beti esaten da inuitek hogeitaka hitz dituztela zuria izendatzeko, baina ez da hain ezaguna, esaterako, maoriek beste hainbeste hitz edo are gehiago dituztela gorriaren unibertso konplexua izendatzeko.

Fruituak gorri, hostoak berde

Gorri guztiak dira deigarriak, baina nondik datorkie bizitasun berezi hori?

«Arrosa gorri bat oparitu zion, eta mutikoari, herabea bera, koloreak atera zizkion». Literatura erromantikoaren pintzelkadek gorritu dituzte amodioa, pasioa, erakarmena eta plazera. Loreen eta larruazalaren pigmentua da. Baina, baina, baina… natura ez da hain erromantikoa. Biologiari erreparatuta, gorria ez da amodioaren eta landareen emaitza, gosearena eta fruituena baizik.

Lehen kolorea izate horren azalpen ebolutiboa ederra da, baiki. Giza gorputzaren beste funtzio biologiko batzuen aldean, ikusmen trikromatikoa orain gutxi samarrekoa da; duela 30 edo 40 milioi urte eratu zen. Trikromatiko esaten zaio hiru ardatz dituelako: zuria/beltza ardatza, urdina/horia ardatza eta, azkenik, gorria/berdea ardatza. Hirugarren ardatz hori, garatu zen azkena, beste tximino trikromatiko batzuek ere badute. Gainerako animaliek (txoriek, arrainek, intsektuek, etab.) bestelako espektro kromatiko batzuk garatu dituzte.

Zer arrazoi ebolutiborengatik garatu zuten tximino jakin batzuek hirugarren ardatz hori (gorria/berdea)? Hona azalpen laburra: biltzaileak ginen. Aurrerapauso ebolutibo itzela izan zen kolore gorria ikusi ahal izatea berdearekin kontrastean. Hala, begi kolpe bakarrean hauteman genezakeen fruitu guri eta desiragarria hosto berde zaporegabeen artean.

3. irudia: Basamarrubiak. (Argazkia: Hagar Lotte Geyer / Pixabay – Pixabayren lizentziapean)

Kolore gorria, beraz, tximu biltzaileek fruitu helduak hostoetatik bereizi ahal izateko garatu zuten ikusmen teknologiaren emaitza ebolutiboa da. Horregatik da urrunetik, begi kolpe bakarrean eta ahalegin berezirik gabe bereizten den kolorea.

Garapenaren aldetik, gorriak jatekoa esan nahi du, hala nola zaporetsua eta zuhaixka hostoek gordetako fruitua. Era berean, harrapakina esan nahi du; animalia belazean. Azken batean, udaberria sasoi betean iritsi dela esan nahi du.

Beti forma, inoiz ez hondo

Horregatik, kolore gorriak nabarmen bereizten ditu forma eta hondoa. Gorria beti da forma, inoiz ez hondo.

Maiatzean, Gipuzkoako Campusean (UPV/EHU) kolore gorriari buruz egin zen erakusketa berezi batean, Manuel Bocanegra margolariak obra paradoxiko bat aurkeztu zuen. Gorriz margotutako marko huts bat.

Zergatik ez dira gorriz margotzen koadroen markoak? Marko gorri batek margolana hondora bultzatuko lukeelako, eta pareta bihurtuko litzatekeelako marko. Manuel Bocanegrak nahita utzi zuen hutsik markoak inguratutako espazioa, zernahi jarrita ere, edozer bihurtuko litzatekeelako paisaia; adibidez, markoari eusten dion pareta bera.

4. irudia: Manuel Bocanegraren “Etenaldia” artelana. (Egilea: Ekai Txapartegi)

Gorria aurre-aurrean ikusten dugu, eta gainerakoa hondora arrastatzen du. Horren adibide da sasi artean andere-mahatsak banan-banan biltzea; mekanikoki egiten dugu ia, begia eta eskua bat-batean koordinatuta. Andere-mahatsa ez dena, hondoa da, ikusi ere egiten ez den zer bat. Ez dago besterik, begiek aurre-aurrean ikusi duten gauza gorrira doa eskua.

Begira niri, hemen nago!

Zerbait nabarmendu nahi baduzu, margotu gorriz. Esaterako, seinale garrantzitsuenak, zirkulaziokoak eta larrialdietakoak. Erresuma Batuan postontziak berdez margotzeko burutazio okerra izan zuten. Berriz margotu behar izan zituzten 1874. urtean, baina orduko hartan gorriz, oinezkoek tupust egiten baitzuten postontzi berdeekin. Psikologikoki, gorria da kolorerik deigarriena. Atentzioa gehien ematen duena.

Gorria da nagusi. Testuak zuzentzeko, adibidez, gorria erabiltzen da. Edo freskagarri pote ezagun hori; gure begientzako iman ahaltsu, kapitalismo instintiboenaren ikur.

Gorriz janzten bada, dardara eragiten du, berehala bihurtzen delako desiraren objektu. Naturak duela milioika urte ikasi zuen amarru hori, eta gorriz margotu zituen fruituak, baita gure gorputzaren alderdirik erotikoenak ere: ezpainak, bularra eta genitalak.

Funtsean, gorri guztiak dira deigarriak, eta ozen mintzo dira, lotsagabe: «Begira niri, hemen nago! Gainerakoa ez zaizu axola».

———————————————————————————-

Egileaz: Ekai Txapartegi (@ekainet) UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Logika eta Zientziaren Filosofia Saileko irakaslea da.

———————————————————————————-

Oharra: Jatorrizko artikulua The Conversation gunean argitaratu zen 2019ko abuztuaren 12an: Todos los rojos son chillones.

2 iruzkin

Eman iritzia

PeruPeru

Gaztelaniaz ere, “colorado” erabiltzen da zerbait gorri kolorekoa dela esateko.

Bestalde, Rocio Vidal dibulgatzaileak ere egin zuen bideo bat giza erakarpenari buruzkoa non gorputzen alde gorrien erakarpen ahalmena azaltzen duen. Baita kasu batzuetan ia ikusezina diren matize gorriak ere, esaterako masailen gorritzea emakumearen zikloaren momentu jakin batzuetan:
youtube.com/watch?v=n1LADzqsOCU
(3:15-tik aurrera)

Asteon zientzia begi-bistan #274 - Zientzia Kaiera

[…] Zergatik erakartzen du kolore gorriak? Artikulu honetan azaltzen digute hizkuntzen bilakaeran, une jakin batetik aurrera, gizartea kanpoko itxurari erreparatuta gauzak izendatzen hasi zela, gauza horiek izendatzean, zuriaz eta beltzaz gain, gorria zen erabiltzen zen lehena. Izan ere, giza hizkuntza batek kanpoko itxura izendatzeko hiru hitz erabiltzen ditu: “argi”, “ilun” eta “gorri”. Kolore gorriaren sekretuak aurkituko dituzue artikulu interesgarri honetan. Ez galdu! […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>