Kolore gorriak ‘Aedes aegypti’ eltxoak erakartzen ditu

Dibulgazioa

Urtero milioi bat lagun inguru hiltzen dira eltxoak bektoretzat dituzten gaitzak direla eta. Esaterako, dengeak 400 milioi lagun inguru kutsatzen ditu urtero eta 30.000 hiltzen ditu. Aedes aegypti eltxo emeen ziztadek transmititzen dute dengea, zika edo sukar horia. Eltxoen ziztatzeko joera aztertu berri du ikerketa-talde batek eta emaitzek erakutsi dute Aedes aegypti espezieak gizakiak arnasa hartzean isurtzen duen CO2 detektatu ondoren, kolore gorrirantz abiatzen direla.

Aedes aegypti espezieko eltxoak ez dira zuzentzen bakarrik gure arnas hotsen karbono dioxidoarengatik. Juanma Gallego kazetariak azaltzen zuen bezala, odola aurkitzeko izerdian dauden azido laktikoak, beroa eta hezetasuna lirateke gida-faktoreak eta, horrez gain, ikusmena ere lagungarria omen zaie lan horretan.

Azken faktore honi dagokionez urrats berri bat eman du Washingtongo Unibertsitateko zientzialariek zuzendutako ikerketa batek. Ikerketak agerian utzi baitu Aedes aegypti eltxoek kolore espezifikoetarantz egiten dutela hegan. Kolore hauek gorria, laranja, beltza eta ziana dira eta egiaztatu dute ere eltxoek ez dituztela kontuan hartzen beste kolore batzuk, esaterako, berdea, morea, urdina eta zuria.

Aedes aegypti eltxo
Irudia: Aedes aegypti eltxo eme bat odola xurgatzen. (Argazkia: Frank Hadley Collins / University of Notre Dame – domeinu publikoko irudia. Iturria: Flickr)

Ikertzaileek aztertu dute eltxoaren usaimenaren zentzuak zelan eragiten duen elikagaiak eta ostalariak bilatzeko dituen portaera bisualetan. Hau da, seinale bisualen aurrean duten jokabideari erreparatu diote. Izan ere, eltxoek usainak erabiltzen dituzte gertu dagoena bereizten laguntzeko eta, adibidez, ostalari bat ziztatzeko.

Esperimentuak koloreekin eta usainekin

Ikerketa esperimentuen bidez gauzatu dute ikertzaileek. Taldeak 450 Aedes aegypti eltxo emeen hegaldiak aztertu zituzten (beraiek baitira ziztatu eta gaixotasunak transmititzen dituztenak) hainbat ale proba-kutxetan banaka sartuta. Guztira 1.300.000 hegaldi gainbegiratu zituzten.

Proba-kutxa hauek usain jakinekin busti zituzten, esaterako CO2, eta kolore-puntu zehatzak edo giza esku bat jartzen zuten eltxoentzako bertan. Kontuan izan behar da, giza larruazalak, bere pigmentazio tonua edozein izanda ere, gorri laranja koloreko “seinale” bizia igortzen duela intsektu hauentzako.

Esperimentuek erakutsi zutenez, proba-kutxa CO2-z busti ondoren, eltxoek muzin egiten zioten bertan jarritako kolore-puntuari puntu hori berdea, urdina edo morea izanez gero. Aldiz, puntua gorria, laranja, beltza edo ziana bazen, eltxoak harengana zihoazen hegan.

Bigarrenez errepikatu zuten esperimentua. Kasu honetan lantaldeak gizakion larruazalaren pigmentazio tonua zituzten txarteltxoak edo ikertzaile baten esku biluzia sartzen zituzten kutxetan. Honetan, eltxoek berriro hegan egin zuten ikusmen-estimulurantz baina bakarrik kutxa CO2-arekin busti ondoren. Ikertzaileek uhin-luzerako zabaleraren seinaleak ezabatzen bazituzten, edo ikertzailearen eskua eskularru berde, more, urdin edo zuriz janzten bazuten, orduan eltxoek ez zuten estimulurantz hegan egiten.

Ikerketa honek berretsi egin ditu aurretik egindako beste lan batzuen emaitzak eta erakutsi du ere:

  • CO2 usaintzeak eltxo emeen jarduera-maila handitzen duela eta inguruan egon daitekeen ostalari baten bila hasten direla, eta
  • CO2 bezalako konposatu espezifikoak usaintzen dituztenean, usain horiek begiak estimulatzen dituztela kolore espezifikoak bilatzeko.

CO2-a usaindu ondoren, eltxo horien begiek uhin-luzera batzuk nahiago dituzte espektro ikusgaian. Bereziki ostalari potentzial batekin lotuta dauden koloreak bilatu eta haiengana zuzentzeko. Hala ere, ikertzaileen ustetan geneek erabakitzen dute eme horiek kolore gorri laranja nahiago izatea. CO2-a usaintzeko beharrezkoa den gene baten kopiaren mutazioa duten eltxoek ez baitzuten kolorea lehenetsi probetan.

Ikerketa honek lagundu dezake eltxoak arrastoan sartzeko metodo hobeak diseinatzen eta baita euren ziztadak ekiditeko estrategiak garatzen.

Dena dela, ez da harritzekoa gizakiok eltxoen gogokoak izatea. Izan ere, intsektu hauek arnasterakoan botatzen dugun CO2-a usaintzeko gai dira, honek euren begiak estimulatzen ditu kolore gorria edo laranja bilatzera eta gure larruazalak kolore horietako seinaleak igortzen dituenez hauen begientzako, gizakiok eltxoen harrapakin errazak bihurtzen gara.

Iturria:

Los mosquitos se sienten atraídos por el rojo.

Erreferentzia bibliografikoa:

Alonso San Alberto, D., Rusch, C., Zhan, Y. et al. (2022). The olfactory gating of visual preferences to human skin and visible spectra in mosquitoes. Nature Communications 13, e555. DOI: https://doi.org/10.1038/s41467-022-28195-x


Testuaren egokitzapena: Uxune Martinez

1 iruzkina

  • […] horia gaixotasun birikoa da, Flavivirus generoko arbobirusak sortua. Gaur egun, Aedes eta Haemagogus generoetako kutsatutako eltxoek transmititutako gaixotasun akutua eta hemorragikoa […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.