Zergatik urdailak ez du bere burua digeritzen? Tira, batzuetan, egiten du

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Urin gastrikoa soluzio izugarri azidoa da. Ohiko pH maila 1,5 eta 3 artean izaten du, beraz, ozpina baino azidoagoa da eta gutxi gorabehera limoi zukuaren parekoa. pH oso baxu hori urdailaren horman dauden zelula parietalek askatzen duten azido klorhidrikoaren (HCI) ondorioa da.

Azido klorhidrikoa (HCI) salfuman izenarekin ezagutzen dugu gehienok eta honek hainbat aplikazio ditu eguneroko bizitzan: etxea garbitzeko produktuetatik hasi eta erabilera industrial amaigabeetara (hodiak libratzeko, inkrustazioak kentzeko, materialak fabrikatzeko…). Egunero, 1,5-2,5 litro urin gastrikoa (gehienbat urez, HCIz, digestio entzimez eta elektrolitoez osatua) ekoizten dira gure urdailean eta ezinbestekoa da elikagaiak digeritzeko eta zenbait agente patogenok eragindako infekzioak prebenitzeko. Hain azidoa izanik, nola da posible urdailak urin gastrikoaren eragin korrosiboak ez sufritzea?

Urin gastrikoa: defentsa elementuak

Oro har, lau defentsa elementuk babesten dute gordetegi muskular hori bere fluidoen kalteen aurrean. Lehenik, urdailaren barnealdea muki alkalinoko geruza lodi eta likatsu batek estaltzen du, bikarbonatoaren presentziari esker. Muki horrek oztopo fisiko zein biologiko moduan jarduten du eta urdaila bere urin propioaren aurrean babesten du, urdailaren barnealdeko gainazalean ia neutroa den pH (7) maila bat lortuta.

urin gastrikoa
Irudia: lau defentsa elementuk babesten dute urdaila urin gastrikoaren eragin korrosiboetatik. (Argazkia: Robystarm – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Muki geruza horretatik haratago joanda, urdailaren barnealdeko gainazala estaltzen duten zelulak, zelula epitelialak, hermetikoki elkarri lotuta daude proteinez osatutako egitura konplexu baten bitartez. Oztopo fisiko hori oso trinkoa da eta urin gastrikoa zelula gastrikoen artean sar dadin ekiditen du. Bestela, arazo larria izango genuke, urdaileko ehunik sakonenaren digestioa gertatuko litzatekeelako.

Aurreko mekanismoekin batera, zelula epitelialak etengabe berritzen dira bizitzan zehar urdailaren babesa bermatzeko. Zelula hauek 3-6 egun arteko batez besteko bizitza izaten dute bakarrik, beraz, minutu oro, 500.000 zelula epitelial inguru suntsitzen dira eta zelula horiek urin gastrikora doaz. Azkenik, urdaileko azidoaren jariatze oso modu zehatzean erregulatzen da, organo honen azidotasuna ez dadin inoiz gehiegizkoa izan, eta elikagaiak ahoratzearen mendekoa izan dadin batez ere. Horretaz arduratzen dira, alde batetik, nerbio sistema sinpatikoa eta parasinpatikoa eta, bestetik, gastrina, histamina, somatostatina eta azetilkolina hormonak.

Babes gastrikoaren oreka delikatua

Jakina, egoera normalean, urdaila babesteko lau neurri horiek ezin hobeto funtzionatzen dute eta ez gara ohartu ere egiten gure barrenean azido biltegi bat dugunik. Hala ere, hainbat faktore direla eta, babes gastrikoko elementuen eta urin korrosiboaren arteko oreka delikatua apur daiteke. Alkohol gehiegi kontsumitzeak, zenbait sendagai (esaterako, antiinflamatorio ez esteroideak) maiz hartzeak edo Helicobacter pylori bakterioak (amoniakoa askatzen du eta ingurune azidoan bizirauten du), beste arrazoi askoren aurrean, urdaileko mukosa kaltetu dezakete eta eduki azidoaren ondoriozko kalteak eragin ditzakete. Fenomeno hori gertatzen denean ultzera peptikoez hitz egiten dugu: zauri horiek izugarrizko mina edo bihotzerrea eragiten dute urdailean, eta hori areagotu egiten da otorduen artean.

Orduan, zer egin dezakegu urin gastrikoak urdailaren eremu bat “digeritzearen” ondoriozko ultzerak sendatzeko? Lehenik, urdaileko oreka delikatua hondatu duen kausa tratatu behar da. Esaterako: H. pyloriaren aurkako antibiotikoak, mukosa gastrikoa kaltetzen duten sendagaiak kaltegarriak ez diren beste batzuekin ordezkatzea, alkoholik ez kontsumitzea, etab.

Horrez gain, urdailean askatzen den HCIa ere murriztu behar da, azidotasuna gutxitzeko eta, hartara, urdailari bere burua sendatzeko denbora emateko (zorionez, mukosa izugarri trebea da bere burua berritzen). Hori lortzeko protoi ponpa inhibitzen duten sendagaiak erabiltzen dira. Horien artean, omeprazola da ezagunena. “Babesle gastriko” moduan (oker) ezagutzen dira, errealitatean egiten dutena urdaileko azidoa murriztea izan arren, HCIa sortzen duten zelula parietalen kanalak blokeatuz.

Gaur egun, sendagai horiei esker, ultzeren pronostikoa bikaina izaten da. Oso arraroa da ultzera peptiko batek aurrera egin, urdaileko horma zeharkatu eta organo hori zulatzea. Bizitzarako arrisku larria ekarriko lukeen larrialdi medikoa izango litzateke hori, urin gastrikoa urdailaren ondoko eremuetara zabalduz gero, gorputzak kalte larriak sufrituko lituzke eta. Zorionez, oso salbuespenezkoak izaten dira horrelako kasuak.


Egileaz:

Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko irailaren 12an: ¿Por qué el estómago no se digiere a sí mismo? Bueno, a veces, sí lo hace

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..