Minbiziaren globalizazioa

Amaia Portugal

Guztira 188 herrialdetako datuak bilduta, azken hogei urteotan minbiziek munduan zer bilakaera izan duten aztertu dute ikertzaile batzuek. Gaitz honek duen inpaktua gero eta handiagoa da, herrialde garatuetan zein garabidean daudenetan. 2013an, biriketako minbiziak eragin zituen kasu berri gehien.

Munduko Bankuaren aginduz, 1990ean Gaitzaren Zama Globala (GBD, Global Burden of Disease) izeneko ikerketa jarri zen abian, gure planetako gizakien osasun arazoak zeintzuk ziren ulertzeko ordura arte egindako ahalegin handiena. Aurreneko lan haren oinordekotza hartuta, gaur egun Osasun Metrika eta Ebaluaziorako Institutuak (Washingtongo Unibertsitatea, AEB) koordinatzen du GBD. Azken hogei urteotan munduko mila ikertzailek baino gehiagok egin diote ekarpena, eta urtero eguneratzen da.

Proiektu erraldoi horren arduradunek Minbiziaren Zama Globala 2013 izeneko artikulua argitaratu berri dute orain Jama Oncology aldizkarian, fokua gaitz mota zehatz horretan jarrita. Hain zuzen, 1990etik 2013ra munduko 188 herrialdetan erregistratutako 28 minbizi motari buruzko datuak bildu dituzte; hori bai, herrialde batzuetan informazioa oso eskasa dela ohartarazi dute.

2013an, munduan 14,9 milioi minbizi kasu berri izan zirela estimatu dute lan honetan. Gainera, 8,2 milioi heriotza eragin zituen gaitzak, bai eta 196,3 milioi urte osasuntsu galarazi ere. 1990arekin alderatuta, hazkundea nabarmena da: orduan heriotza guztien %12 eragiten zuen minbiziak, eta proportzioa %15era igo da 23 urtean. Gaitz honek eraginda orotara galdutako urte osasuntsuak ere %29 ugaritu dira denbora tarte berean.

1. irudia: Oina: Garabidean dauden herrialdeetako heriotza kausak, 1990ean eta 2010ean. Gaitz kutsakorrei dagokien koadro gorria gero eta txikiagoa da; besteak beste minbiziei dagokien koadro urdina, berriz, handiagoa. (Argazkia: University of Washington)

1. irudia: Garabidean dauden herrialdeetako heriotza kausak, 1990ean eta 2010ean. Gaitz kutsakorrei dagokien koadro gorria gero eta txikiagoa da; besteak beste minbiziei dagokien koadro urdina, berriz, handiagoa. (Argazkia: University of Washington)

Minbizi kasuak ugaritzen ari dira munduan; ia mota guztietako minbiziak, gainera. Izan ere, ikerketan azaltzen denez, aztergai izan dituzten 28 minbizi moten artean Hodgin linfoma da azken bi hamarkadetan behera egin duen bakarra: bere eragin ratioa munduan %34 murriztu da denbora tarte horretan. Ikertzaileon arabera, biztanleriaren hazkundeak eta bizi-itxaropenarenak zerikusi zuzena dute igoerarekin, besteak beste, adinean gora egin ahala minbiziren bat izateko arriskua handiagoa baita.

Era berean, gizonek probabilitate handiagoa dute minbiziren bat garatzeko: jaio eta 79 urte bete artean, hiru gizonetik batek izaten du mota honetako gaitzen bat munduan batez beste, eta emakumeak, aldiz, bostetik bat dira. Minbizi motari erreparatuz gero, bestalde, 2013an emakumeen artean bularreko minbizia izan zen ohikoena (1,8 milioi kasu berri), eta gizonen artean, prostatakoa (1,4 milioi kasu berri).

Minbiziak nagusiki herrialde garatuetako gaitzak direla pentsatu ohi da, eta egiari zor, aipatu berri ditugun bularreko eta prostatako minbiziaren kasuan, horien inpaktua nabarmen handiagoa da iparraldeko herrialde gehienetan hegoaldekoetan baino. Hala ere, azken hogei urteotako bilakaerak erakusten du gauzak aldatzen ari direla: garabidean dauden herrialdeetan, oraindik ere heriotza kausa gehienak gaitz kutsakorrekin lotuta badaude ere, portzentajea jaisten ari da, minbizien eta bestelako gaitz ez-kutsakorren alde.

2. irudia: (Argazkia) (Oina: Mundu guztian, bularreko minbiziaren heriotza ratioa handiagoa da orain duela 20 urte baino. (Argazkia: University of Washington)

2. irudia: Mundu guztian, bularreko minbiziaren heriotza ratioa handiagoa da orain duela 20 urte baino. (Argazkia: University of Washington)

Hain zuzen, datuek erakusten dute minbizi mota zehatz batzuek inpaktu handiagoa dutela eta heriotza kausa arruntagoa direla garabidean dauden herrialdeetan, garatutakoetan baino. Esaterako, horixe da urdaileko, gibeleko, esofagoko, umetoki lepoko, ezpain eta ahoko eta nasofaringeko minbizien kasua. Dena dela, heriotzei dagokienez, kontuan izan behar da herrialde horietan medikuntza baliabide gutxiago dituztela eta sarritan gaitzak beranduegi antzematen direla.

Hain zuzen, ikertzaileen ustez, Minbiziaren Zama Globala proiektua oso erabilgarria izan daiteke herrialde batzuetako eta besteetako joerak eta bilakaerak alderatzeko eta zergatiak ulertzeko, eta hartara, detekzio eta artatze programa eraginkorrak garatzeko.

2013an kasu berri gehien eta heriotza gehien eragin zituzten minbizi motak:
  • Trakea, bronkio eta biriketako minbizia: 1,8 milioi kasu berri munduan eta 1,6 milioi heriotza.
  • Bularreko minbizia: 1,8 milioi kasu berri eta 464.000 heriotza.
  • Kolon eta ondesteko minbizia: 1,6 milioi kasu berri eta 771.000 heriotza.
  • Prostatako minbizia: 1,4 milioi kasu berri eta 293.000 heriotza.
  • Urdaileko minbizia: 984.000 kasu berri eta 841.000 heriotza.
  • Gibeleko minbizia: 792.000 kasu berri eta 818.000 heriotza.
  • Umetoki lepoko minbizia: 485.000 kasu berri eta 236.000 heriotza.
  • Hodgkin ez den linfoma: 465.000 kasu berri eta 226.000 heriotza.
  • Hestegorriko minbizia: 442.000 kasu berri eta 440.000 heriotza.
  • Leuzemia: 414.000 kasu berri eta 265.000 heriotza.

Minbizien eta bestelako gaitzen eragina, bilakaera eta herrialdeen araberako datuak ikusteko: Global Burden of Disease Compare

Erreferentzia bibliografikoa:

Global Burden of Disease Cancer Collaboration. The Global Burden of Cancer 2013. JAMA Oncol. Published online May 28, 2015. doi:10.1001/jamaoncol.2015.0735.

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>