Itxaropen taupadak bihotz transplanteetan

Amaia Portugal

Garun heriotza jasan duten organo emaileak baino ez dira baliatzen gaur egun bihotz transplanteetarako. Hala ere, munduan bigarren aldiz, bihotza geldituta zendu zen pertsona baten organoa hartu, biziberritu eta beste pertsona bati transplantatzeko gai izan dira Cambridgeko Papworth Ospitalean.

Huseyin Ulucanek 60 urte ditu eta Londresen bizi da. 2008an bihotzeko bat izan zuen. Martxoaren hasieran bihotz transplante bat egin berri diote, eta egun batzuk erietxean igaro eta gero, zorionez, etxean dago eta suspertzen ari dela dirudi. Azken hamabi hilabeteotan 171 bihotz transplante egin dituzte guztira Erresuma Batuan, baina hau berezia izan da: organo emailea bihotza geldituta zendu zen, eta gai izan dira bihotz hori biziberritu eta beste pertsona bati jartzeko. Europan egin den mota honetako lehen bihotz transplantea da, eta munduko bigarrena.

Zehazki, Cambridgeko Papworth Ospitalean burutu dute lorpen handi hau. Lan honetan aritu den taldearen burua da Stephen Large zirujaua, eta berak azaldu duenez, “ikerketa garrantzitsuak egin dira bihotz transplante bitartez salba litezkeen bizitzen kopurua handitze aldera. Emaile mota berri honen bihotzak baliatzeko aukera izanez gero, %25 ugaritu litezke Erresuma Batuan egiten diren bihotz transplanteak”.

Irudia: Transplantea egin aurretik bihotza kontserbatzeko baliatu duten makina.(Argazkia: Transmedics)

Irudia: Transplantea egin aurretik bihotza kontserbatzeko baliatu duten makina. (Argazkia: Transmedics)

Izan ere, bihotz transplanteetan garun heriotza jasan duten organo emaileak baino ez dira baliatzen gaur egun, hil eta gero ere bihotza egoera onean dutelako. Baina kasu honetan giza gorputz batean egonda taupadak egiteari utzi zion bihotz bat berreskuratzeko gai izan ziren: organo emaile izango zen pertsona hil eta bost minutu geroago, talka elektriko bidez taupadak itzuli zizkioten bihotzari. Hurrengo 50 minutuetan haren portaerari behatu zioten, eta odol fluxuari eutsi bihotza eta beste organoak bizirik mantentzeko. Jarraian, ebakuntza egin bitartean bere jarduera fisiologikoa eta metabolikoa onik mantendu zituen gailu berezi batean gorde zuten bihotza.

Bihotzeko gaitz baten ondorioz hil diren pertsonengandik ezin da organo hori transplantatu, hain zuzen ere bihotzak egin baitie huts; hura da kaltetuta dagoen organoa eta ez du beste gaixo batentzat balio. Baina Papworth Ospitalean erabili duten teknika honek aurrera eginez gero, bada bihotz emaile potentziala izan litekeen beste talde bat, garun heriotzak jota hildakoen taldeaz gain.

Bihotzekoa ez den gaitz baten ondorioz aurrera egin ezinik geratu diren gaixoak dira: ospitalean daude, kontrolatuta, baina ez dute bizitzeko aukerarik. Horixe zen Huseyin Ulucani bihotza eman zion emailearen egoera. Kasu horietan, familiak ontzat joz gero, gaixoa teknikoki bizirik mantentzen duten makinak kentzen dira, bihotza geldituz eta heriotza gertatuz. Hala, bihotza gelditu denean zendu da pazientea, baina ez bihotza hondatuta zegoelako. Teknika berriari esker, heriotza mota hau izan duten organo emaileak sartu nahi dituzte bihotz transplanterako egokiak direnen artean, eta ondo bidean nabarmen ugarituko lituzke horrek organo horren transplanteak.

Bideoa: Bihotza, taupaka, OCS teknologiadun gailuan.

Iaz Sydneyko St Vincent’s Ospitalean egin zuten orain Papworthen egin dutenaren moduko transplante bat, eta Europako lehen kasu honek Australian egindakoa berresteko balio izan du, horrenbestez. Bi kasuetan, Transmedics konpainiak garatutako OCS teknologia (Organ Care System edo Organuen Zaintza Sistema) baliatu dute.

Oro har, transplantatzekoa den edozein organo ebakuntza egin bitartean egoera onean mantentzeko, hozkailu moduko batean gorde ohi da. Baina jakina, hori ez da aski taupadak egiteari utzi eta atzera berreskuratzea lortu duten bihotz hauskor bat behar bezala mantentzeko. Transmedics konpainiaren webgunean azaltzen denez, OCS teknologiak hozkailuaren teknika hobetzen du. Izan ere, bihotza mantendu eta biziberritzeko, odol oxigenatua txertatzen dio organoari; bai eta oxigenoz, nutrientez eta hormonaz hornitu ere. Era berean, gailu honek bihotzaren etengabeko monitorizazioa egiten du, ebakuntzaren unera arte.

Cambridgeko kasu honetan, organoa hiru orduz gorde zuten gailuan, Papworth Ospitalean transplantea egin arte. Orain, taupaka ari da Huseyin Ulucanen gorputzean.

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #53 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera

[…] Esperantza sortarazten duten aurrerapausoak ematen direnean zientzian, ate berriak irekitzen zaizkigu. Cambridgeko Papworth Ospitalean egin duten bihotzeko transplante batek ate berriak ireki dizkie bihotzeko gaitzak dituzten gaixoei. Europan lehen aldiz egin den ebakuntza kirurgikoa gauzatu dute bertan. Amaia Portugal kazetariak kontatzen digu Zientzia Kaieran bihotza geldituta zendu den pertsona baten bihotza hartu, biziberritu eta Londresen bizi den 60 urte dituen gaixo bati transplantatu diote arrakastaz. Honi esker, itxaropen taupadak sortu dira bihotz transplanteetan. […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>